BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Ainhoatik Bidarraira

/ mikel arrizabalaga

2022-01-14 / Mikel Arrizabalaga

Herriko elizaren aurrean ekialderantz ateratzen den bidea jarraituko dugu eta ,Gurutze-bidean, GR-10aren bide-seinaleei jarraituko diegu segidan. Hasieran asfaltatuta dagoen eta ondoren pista bihurtzen den bidetik ordubete baino gutxiago behar izango dugu zuhaizti batean babesturik dagoen ermitara heltzeko. Gertu, hiru gurutze erraldoi hilarriz inguraturik. Arrantzeko Ama Birddinaren (Arantzako Ama Birjina) kapera honen istorioa irakurri ahal izango dugu bertan dagoen testu batean: " Iturri miragarri baten ondoan, artzain bati agertu zitzaion, Ama Birddinari eskainia zaio Kapera hau. Ez dakigu noiz gertatu den agertze hori, baina erraite ahal dugu Oñateko (Gipuzkoa) Arantzazuko Ama Birddinaren agertzearekin berdintasun aunitz badituela. Aspalditik Ainhoarrak eta, inguruko herrietako biztanleak igaiten dira kaperarat prozesioan, Mendekosteko astelehenean, meza nagusia entzuteko. Mendian den kapera ttikitik, Arantzeko kaperaraino, 1886an egin 14 gurutzeko bide bat bada. Bide honen ondoan, harpetxo batean, Ama Birddinaren itxurarekin batean, iturriño bat agertzen da. 1898an San Mattin Etchartek eraikiarazi zuen kalbario bat kaperaren aurreko ordozi ttikian, geroxeago 1900ean, Ama Birddinaren itxura bat emana izan zen, kaperaren aurreko kaperatxoan, eta berrikitan (2001) hilharriak (gizonarriak) emanak izan dira kalbarioaren inguruan". Kapera atzean utzi eta Errebi mendiaren magalean hedatzen den GR-10aren bide-seinale zurigorriek erakusten diguten norabidean abiatuko gara. Mendia inguratu, Soporro tontorrera zuzentzen den bidea ezkerrera utzi eta Gainekoborda lepora jaitsiko gara, izen bera daraman bordaren ondora.
Bizkailuze eta Gorospil mendien hegalak zeharkatzen dituen pista belartsu eta ia horizontala hartuko dugu. Bidezidorrak Esteben Bordara eramango gaitu segidan Veauxeko lepora jaisteko. GR-10ari dagozkion bide-seinale zurigorriek erakutsiko diguten bidea jarraituz, berehala hasiko gara maldan gora. Errepidera iristean bertatik Mehatzeko leporantz igoko gara. Leku honetan Lapurdi eta Nafarroa Garaiko lurraldeak elkartzen dira eta inguruan Burdin Aroko zenbait harrespil daude. Metro batzuk beherago, garotan etzanda dagoen iruinarri ederra. Bidetik at, Artzamendi aldera metro batzuk igo eta harrespil osatuenetako bat aurkituko dugu, eta bere zazpi harri handiek osatzen duten zirkuluaren barruan "81" mugarria.

Bidera itzuli eta garo artean zabaltzen den bide zabala jarraituko dugu. "82" eta "83" mugarrien ondotik pasatzean ezkerrera pagadi trinkoa lagako dugu. Bat batean, aurrez aurre panoramika ikusgarria zabalduko zaigu: Iparlako harresi luzea eta Alkaxuriko piramide zorrotza. Aurrera segi eta, Zelaiburuko lepora iristean, gure mendean sakan zirraragarria amaitzen den lekuan, Aritzakun eta Urritzateko haranak elkartzen diren Sumutsuko borda ikusiko dugu. Atsedena hartu ostean, bidezidorrari helduko diogu eta oso pikoa den malda sigi-sagan jaisten hasiko gara. Itsusiko lehen haitzera igotzeko garo artean zabaltzen den xenda gure eskuinera utzita, GR-10aren markak jarraituko ditugu Arruxiako baserrira iristeko, aurrez, Harpeko Sainduaren koba bisitatzeko aukera izango dugularik. Koba honetan dagoen estalaktita bati eman zaion deitura da eta duen giza itxura santu bati omen dagokio. Sinesmenaren arabera, estalaktita honetatik isurtzen den urak larruazal eta begien gaixotasunak sendatzen ditu. Baserrian hasten den errepidetik zubiraino jaitsiko gara eta Baztan ibaiaren eskuineko ertzaren ertzetik jarraitzeko. Bigarren zubira iritsi aurretik, Bidarrairaino doan bidezidorra hartuko dugu.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen 3D (ayvri) ikusteko.
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather