eskalada
2022-03-07 / Smithy
Elurrak Aralar tapizatzen duenean Larrunarriren hego-mendebaldeko horman badira sortzen diren bi kanal nabarmen, biak monolito zabal batek banatzen dituena: "Arrastakulos" (200 m, M3) eta honen eskuinean dagoen bigarren kanal bat, izenik ez duena. Eskuineko kanal hau da kronika honetako protagonista.
"Arrastakulos" kanalaren anai bikia izatearen itxura duen arren, eskuineko kanal hau zertxobait errazagoa dela esatera ausartuko nintzateke, harkaitzezko zatietan helduleku hobeak dituelako eta belar zatiak zabalagoak direlako. Dena den, irakurketa hau oso subjektiboa da, bien arteko zailtasunaren aldea hainbesterako ez delako.
Larrunarri elurtuta dagoen goiz batean gailurrera iristeko modu dibertigarri, azkar eta originala dela esango nuke, baina kontu handiz ibili behar da Erlabeltzeko Punta eta Larrunarriren arteko gandorrean, bertan dagoen elurra bigun eta askea topatzea ohikoa baita. Elurra biguna dagoenean Larrunarriko gailurrera iristeko modurik seguruena azken metroetan ipar-hormatik zeharkalditxo motz bat egitea da.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 200 metro inguru Erlabeltzeko puntaren gailurrera arte. Horietatik 110-120 metro inguru kanalean egiten dira.
- Luze kopurua: Ez nuen luzerik egin.
- Nork irekia: Hain bide nabarmena izanda zaila da hemendik igotzen lehena nor izan zen jakitea.
- Zailtasuna: PD+/M2+/III-. Zailtasun hau kanala topatu nuen egoeraren araberakoa da. Elurraren egoeraren arabera zailtasuna ere aldatu daiteke.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzeko iturrian edo Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasa ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi maldan gora hasiko gara "Arrastakulos" bidea dagoen monolitora zuzentzeko. Kanala monolitoaren eskuinean dago.
- Jaitsiera: Larrunarriko gailurrera doan ohiko edozein bidetik.
- Eramandako materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamar minutu kanalaren hasieratik Larrunarriko gailurrera, atsedenak barne.
Bide honen inguruko krokis zehatza, informazio gehiago edo "track"-a deskargatu nahi baduzue hemen klik egin dezakezue.