BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Euskal Herria

Olanoko haitzak Eginotik: PD/II

Ezohiko igoera bat oso bisitatuak diren haitz batzuetara. Ibilbideak gainera "Leze" ikusgarria eta Eginoko eskalada eskola osatzen duten monolito ederrak bisitatzeko aukera ematen digu. Gehiago eskatzerik badago?
/ Smithy

2022-03-14 / Smithy

Olanoko haitzak bi haitzek osatzen dituzte: Olanoko Haitzandia (1.083 m) eta Olanoko Haiztxikia (1.058 m). Haitz hauetako handienari Olano deitu izan bazaio ere, "Olano" haitzen inguruko saroia da, hortik "Olanoko haitzak" izena. Eginotik ikusita mendi ikusgarrien itxura ez dute eta inguruan dauden beste gailur eta haitzen artean oharkabean gelditzen dira. Hala ere oso bisitatuak izaten diren mendiak dira.

Haitzetako gailurrera iristeko, liburu eta interneten irakurri daitezken azalpenek "Leze"-an dute irteera eta amaiera. Kronika honetan ibilbide zirkular bat proposatzen dizuet, Eginon hasi eta amaitzen dena.

Eginotik iparrera doan porlanezko pista bere osotasunean jarraituko dugu, tartean ur-depositu baten ondotik pasatuz. Pistaren amaieratik harizti bat zeharkatu eta Eginoko hormetara zuzenduko gara, hartxingadi handi batera iritsiz. Hartxingadian, bidexka bat "Usoa" monolitoaren mendebaldera zuzentzen da, iparrean dagoen letagin itxurako monolito handia. Bidexka hau da "Usoa" eta "Aztorea" monolitoetatik jaisteko jarraitzen den ohiko bidea eta guk goraino igoko duguna.

Bide ikusgarri honetatik igotzeak ibilbideari xarma berezia ematen dio, eskaladatxo motz eta erraz batzuk burutuko ditugulako. Tarte honetan harkaitza bustia badago kontu handiz ibili beharko dugu, erraza bada ere hainbat lekuetan eroriko bat oso larria izan daitekeelako.

Bidearen amaieratik Olanoko haitzak iparrean ikusiko ditugu, parez-pare, baina bertara iristeko inguraketa bat egingo dugu, hasieran hormaren ertzetik gertu mantenduz eta gero elorri artean galtzen den bidexka bat jarraituz, "Leze"-tik datorren ohiko bidearekin bat egin arte. Hemendik aurrerako bidea nabarmena da eta galtzeko arriskurik ez dauka.

Jaitsiera "Leze"-ra doan ohiko bidetik egingo dugu. "Leze"-ra iritsitakoan honen ekialdean dagoen aparkalekutik gora doan pista jarraitu eta malda handi bat igo ondoren ezkerrerako bihurgune batean pista utziko dugu, Eginoko monolitoetara zuzenduz. Hemendik aurrera, ekialdeko noranzkoa mantenduz, Eginoko eskalada eskola osatzen duten monolito ikusgarriak ezagutu eta zeharkatzeko aukera izango dugu. Bide honek "Usoa" monolitoaren azpian utziko gaitu, ibilbidearen zirkulua itxiz.

OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dago.
Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 8 kilometro.
- Punturik baxuena: Egino, 565 metro.
- Punturik altuena: Olanoko Haitzandia, 1.083 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 770 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Zailtasuna: Ibilbidearen zailtasuna "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen mendebaldeko bidean dago. Bertan II zailtasuneko lau hormatxo eskalatu eta ageriko zeharkaldi bat zeharkatu beharko dugu. Kontuz harkaitza bustia badago.
- Ura: Eginoko eta "Leze"-ko iturrietan ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Olanoko haitzetara doan ohiko bidetik "Leze"-ra eta bertatik, Eginoko monolito guztiak bisitatuz, Eginora.
- Eramandako materiala: Haurrekin edo eskalatzea ohitua ez dagoen bakarren batekin joanez gero 20 metro inguruko kordel bat eramatea gomendagarria izan daiteke, ageriko zeharkaldirako batez ere.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi inguru, atsedenak barne.

Informazio gehiagorako eta ibilbidearen GPS "track"-a deskargatzeko hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather