BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Agueroko Malloak: "La vía más fácil de Agüero" bidea, 120 m, IV.

Bide gomendagarria inongo zalantzarik gabe hainbat luzeetako eskaladan hasiberriak direnentzat edo konglomeratuan eskalatzen ikasi nahi dutenentzat. Ezagutu nahi al duzu?
"La vía más fácil de Agüero" bidearen kokalekua eta krokis orokorra / Smithy

2022-03-28 / Smithy

Agueroko Malloetako hainbat luzeetako eskalada-bide gehienak 90garren hamarkadaren erdialdetik aurrera ireki ziren, nahiz eta biderik klasikoenak 60garren hamarkadakoak izan. Urteetan zehar, eskalada maila baxua dugunontzat edo eskaladan hasiberriak direnentzat Agüeroko Malloetako eskalada-bideak ez dira aukera bat izan, gehienek zailtasun maila gogorra dutelako. Baina azken urteotan bide errazagoak ireki dira, horien adibide kronika honetako bidea, bere izena dioen moduan Agueroko biderik errazena.

Bide gomendagarria inongo zalantzarik gabe hainbat luzeetako eskaladan hasiberriak direnentzat edo konglomeratuan eskalatzen ikasi nahi dutenentzat.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 120 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Luis Rollo, Oscar Morales eta Julio Benedé, 2018ko irailan.
- Zailtasuna: IV. Luzez-luze: 1ºL: IV (30 m), 2ºL: IV (35 m), 3ºL: III+ (25 m) eta 4ºL: III (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Bide ederra udan arratsaldean edo neguan goizean eskalatzeko.
- Ura: Murillo de Gallego herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu inguru.
- Jaitsiera: Ibilbidearen amaieratik gailurrera igo eta iparreko noranzkoan doan bidea jarraituko dugu ferrata moduan ekipatutako tximini/kanalera arte. Bertan sirga, katea eta soka finko bat topatuko ditugu tximinia jaisteko. Orain, tximiniara iritsi aurretik 30 metroetako rappel lerro bat muntatu da. Tximinia jaitsita edo rappelak eginda, hormaren ondotik doan bidexka jarraitu eta igoerako bidearekin bat egingo dugu. Bidearen amaieratik aparkalekura 40 minutu inguruko bidea dugu.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 14 express zinta, eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamabost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 30 metro, IV. Bidearen lehen metroak etzanak dira, errazak. Metro batzuetan eskuin noranzkoan eskalatu ondoren, ipuru baten ondotik pasatu eta oso nabariak diren bi zuhaixketara zuzenduko gara. Zuhaixka hauek eskuinean utziz, luzeak parean dagoen horma bertikalera zuzendu, eta bertara iritsi aurretik berriro ere eskuin aldera eramango gaitu, hormak osatzen duen ertz itxurako baten ertzetik jarraitu eta 2 metro pasatxoko hormatxo bertikal batekin topo egin arte. Hormatxoa eskalatuta (IV, eskuinetik errazago), metro gutxi batzuetan erlaitz inklinatu batetik jarraituko dugu horma-hobi baten ondoan dagoen bilgunera iritsiz.

- Bigarren luzea, 35 metro, IV. Bilgunearen ondoan dauden horma-hobi baten azpitik pasatuz metro pare batean diagonalean eskalatuko dugu, sabai txiki baten azpian kokatu arte (IV). Sabaiaren azpitik mantenduz, pixkanaka eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat eginez jarraituko dugu (III+) tartean bigarren sabai txiki baten azpitik mantenduz. Bigarren sabia honen amaierara iritsi aurretik horma bertikal bat eskalatzen hasiko gara. Horma bertikal honen lehen metroak dira zailenak, zeharkaldiaren amaieratik gora eskalatzen diren lehen 3-4 metroak hain zuzen ere (IV). Lehen metro bertikal hauen ondoren horma zertxobait inklinatzen da, nahiz eta tente mantendu. Harkaitz-zubi batean jarritako zinta batetik aurrera horma zertxobait gehiago inklinatu, eta eskuin joerarekin jarraituz, luzea horma-hobi nabarmen batean muntatutako bilgunera zuzentzen da (III+).

- Hirugarren luzea, 25 metro, III+. Lehen parabolta iristeko ezker aldera zeharkaldi horizontal motz bat egin, eta parabotaren azpian kokatu nintzenean, zuzen eskalatzen jarraituko dugu (III+). Lehenengo paraboltetik gora, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz metro batzuetan zertxobait eskuin aldera eskalatzen jarraituko dugu, bigarren bilgunearen gainean kokatu arte (III+). Hemendik gora harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatuz jarraituko dugu zuhaixka nabarmen batera iritsitz (III+). Zuhaixkatik gora horma etzaten da, zuhaixka batzuen eskuinean dagoen horma-hobi handi batean muntatutako bilgune erosora arte (III).

- Laugarren luzea, 30 metro, III. Luzearen zailtasunik handiena bilgunetik ateratzean dago. Eskuin aldera pasatu, eta horma-hobiaren eskuin ertzetik eskalatuz, lehen metroetako pasagune bertikala eskalatuko dugu (III). Hemendik aurrera luzearen inklinazioak behera egiten du, parabolten arteko tartea ere zabalduz. Hemen komeni da adi eskalatzen jarraitzea, luzearen erdian gutxi gora behera eskuin aldera jotzen duelako, gainean dauden zuhaixken artean biderik garbiena jarraituz. Zuhaixken artetik pasatu eta eskuin aldera eskalatuz ipuru baten enborrean muntatutako bilgunera iritsiko gara.

Krokis zehatzago bat, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather