BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Larrunarri, hego mendebaldeko hormako "Couloir"-etik: AD/M3/III-III+

Larrunarrin negu giroan eskalatu daiteken bide "arraro", original eta eder horietako bat, egoera onean topatuz gero gailurrera bertara eramango gaituena. Ezagutu nahi duzu?
Ibilbidearen nondik norakoak.
Ibilbidearen nondik norakoak. / Smithy

2022-04-04 / Smithy

Udaberria negu giroarekin hasi da etxe ondoko mendiak gogoz elurtuz. Eta honek berriro ere ateak ireki dizkigu neguan eskalatzen diren bideak eskalatu ahal izateko. Baina nahiz eta mendiak elurtuta egon, apirilean gaudela ez dugu ahaztu behar eta neguko aktibitate bat egiteko neguan baino goizago ibili beharko dugu elurra neguan baino askoz lehenago biguntzen baita. Artikulu honetako bidea Larrunarrin eskalatu daiteken bide "arraro" horietako baten adibide bat da. "Arraro" diot urtean zehar egun gutxietan baldintza onean egoten delako.

Larrunarriko hego-mendebaldeko hormaren erdian, harkaitzezko ezproi zabal batek belarrez erdi estalitako bi horma bereizten ditu: eskuinekoa, bietatik "etzanena", Larrunarriko gailur eta gailurraurrearen arteko lepoan amaitzen da. Ezkerrekoa aldiz, gailurraren azpian dagoen horma makurtu batera arte luzatzen da. Ezker horma honetan gailurrera zuzen-zuzen iristen den couloir "ezkutu" bat ikusi daiteke. "Ezkutua" diot, couloir hau beste leku batetik ikustea kosta egiten delako.

Couloir honen eskalada elurra bota ondoren hotz egiten duen egunetan egitea gomendagarria da, Larrunarrin elur gogorra topatzea zaila izaten delako. Elur gogorra topatuz gero gailurrera bertara iristeko aukera izango dugu, elur bigunarekin aldiz, hobe dugu gailurraren azpian dagoen horma makurtuaren azpitik eskuinetik ezkerrera zeharkaldi horizontal bat egitea, gailurraren ipar-mendebaldean dagoen lepo estura irteteko. Guk eskalatu genuenean bigarren aukera hau hartu behar izan genuen.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Eskaladari dagokionez, hormaren oinetik Larrunarriko gailurrera 100 metro inguru. Couloir-ak (azpiko horma bertikala zenbatuta) 40-50 metro izango ditu.
- Luze kopurua: Elurraren egoeragatik, guk eskalatu genuenean ez genuen luzeak eginez eskalatzeko aukerarik izan, horma eta couloir-a aseguratzeko moduan ez zegoelako.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik aurkitu baina ziurrenik hain ibilbide nabarmena izanda aurretik eskalatuta egongo dela.
- Zailtasuna: AD/M3/III-III+. Zailtasun hau topatu genuen elur-baldintzaren arabera kalkulatu dugu. Baldintza ezberdinekin zailtasuna aldatu daiteke.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea.
- Ura: Larraitzen eta Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan "Tximista" bidetik. Hego-mendebaldeko hormaren oinean, "Tximista"-k eskuinera hartzen duen lekuan zuzen igotzen jarraituko dugu eta, gainean dagoen monolitoak osatzen duen ezproiaren ezkerretik igotzen jarraituz, hego-mendebaldeko zeharkaldira iritsiko gara, horma bertikalaren oinera hain zuzen ere. Zeharkaldira arteko igoera ez da zaila, baina tartean hainbat irtengune tente eskalatu beharko ditugu, elur baldintzaren arabera zailak egon daitezkeenak. Couloir-a horma bertikalaren eskuin aldean dago.
- Jaitsiera: Larrunarrira doan ohiko edozein bideetatik.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, luzera ezberdineko zortzi express-zinta, friend eta artaka-trabagailu jokoa, lau iltze ezberdin, bi izotz-torloju txiki (lokatz izoztuan sartzeko), bi elur-hesola eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi, enbor eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Material hau guztia eraman arren ez genuen erabili, elurraren baldintza txarragatik, aseguruak jartzeko aukerarik ez genuelako izan.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ibilbide osoa bost ordu eta erdietan egin genuen.

Bide honen inguruko informazio zehatzagorako, argazki gehiagorako edo ibilbidea deskargatzeko hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather