BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aizkorriko Gurutzeko hego-ekialdeko orratza: 20 m, IV/IV+

Merezi du zaitasun ertaineko 20 metro eskas eskalatzeko ordu bete pasatxoko hurbilketa egitea? Kronika honetan aurkituko duzue erantzuna...
Aizkorriko Gurutzeko hego-ekialdeko orratzaren gailurrean
Aizkorriko Gurutzeko hego-ekialdeko orratzaren gailurrean / Smithy

2022-04-13 / Smithy

Aizkorriko Gurutzeko hego-ekialdeko orratza Aizkorriko Gurutzetik harro bereizten da, eskutik hatz lodia bereizten den moduan, nortasun propio bat aldarrikatu nahiko balu bezala. Hala ere oharkabean pasatzen den orratza da eta mendizale askorentzat ikustezina dela esatera ere ausartzen naiz. Eskaladari dagokionez, 20 metro eskaseko eskalada bat dauka, ez oso zaila, baina eskaladako materiala eramatea eskatuko diguna.

Batzuk pentsatuko dute 20 metro eskas eskalatzeko ordu bete pasatxoko hurbilketa egiteak ez duela merezi. Nire ustez eskalada baten edertasuna eskalada burutzen den inguruneak baldintzatzen du batez ere, eskalatzen diren metroak, hurbilketa edo zailtasunaren gainetik. Eta eskalada hau burutzen den ingurunera itzela da.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 20 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: Ez dugu honen inguruko informaziorik topatu.
- Zailtasuna: IV/IV+.
- Orientazioa: Mendebaldea.
- Ura: Otzaurten hartu daiteke.
- Hurbilketa: Otzaurtetik gora dagoen Aldaolako aparkalekuan kotxea utzi ondoren, Sancti Espiritu baselizatik Aizkorriko Gurutzera doan ohiko bidea hartuko dugu, Zegama-Aizkorriko maratoiak jarraitzen duena. Arabatik datorren ohiko bidearekin topo egin baino 30 metro ingurura aldapa belartsu bat jaitsi eta zeharkaldi bat egingo dugu orratzaren oinera iristeko. Lasai ibilita ordu eta erdian bertan izango gara.
- Jaitsiera: Igoerako bide beretik.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 8 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta zinta-uztai ezberdinak harkaitz-zubietatik pasatu eta bilgunea muntatzeko. Eramandako materialatik guztiatik artaka-trabagailu ertain bat, Alien gorri, hori eta grisa, Totem more eta berdea, 5 express-zinta eta zinta-uztai luze bat erabili genuen. Gainera, zinta uztai luzea orratza koroatzen duen harkaitz-blokearen inguruan utzi genuen bertan dagoen bilgunea sendotzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 10-15 minutu.

DESKRIBAPENA

Hormatxo bertikal bat eskalatuko dugu erlaitz txiki batera igoz (III). Hurrengo metroetan eskaladarik zailtasuna ematen dion horma makurtua eskalatu beharko dugu, bere ezkerrean pasagunea babesteko friend txiki bat trabatzeko aukera duen arrail estu bat duena. Horma makurtua eskalatuta (IV/IV+), honen gainean dagoen erlaitz belartsu batera igoko gara.

Erlaitz belartsutik orratzera igotzeko orbain bertikal baten itxura duen arrail bertikal bat duen horma bertikal bat eskalatu beharko dugu, friend ertain bat sendo trabatzeko aukera duena (III+).

Hormatxoa eskalatuta orratzaren gailurrean dagoen harkaitz-bloke handiaren oinean bi iltzekin osatutako bilgunera iritsiko gara.

Igoera honen inguruko krokis zehatz, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather