BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Pico Serrato (O Peñón), mendebaldeko korridoretik: 300 m, AD/III+

Igoera zuzen bat piramide perfektu batera, eta elurra hilabete askotan gordetzen duena gainera. Gehiago eskatzerik badago?
Bi mendizale Pico Serratoko mendebaldeko korridorera hurbiltzen.
Bi mendizale Pico Serratoko mendebaldeko korridorera hurbiltzen. / Smithy

2022-04-26 / Smithy

Pico Serratoren mendebaldeko aurpegia negu giroan ikusten den lehen aldiak zirrara sortzen du. Mendiaren gailurretik bertatik oinera arte marra zuri, zuzen eta bertikal bat luzatzen da, erregela batekin marraztua egongo balitz bezala. Mendi eta korridore horren estetikak ahozabalik utziko gaitu ziurrenik, baita bertatik igotzeko gogo bizia piztu ere.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Ibilbidea osoaren luzera 12 km diren bitartean, korridoreak 300 metro ditu.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.340 metro inguru.
- Luze kopurua: Guk ez genuen luzeak eginez eskalatu baina korridorearen eskuin horman iltzeak daude.
- Nork irekia: Datu honen berri ez dago baina badirudi mendizale nafar batzuk eskalatu zutela lehen aldiz.
- Zailtasuna: AD/III+.
- Orientazioa: Mendebaldea. Orientazio hau dela eta elurrak bertan denbora luzean irauten du.
- Ura: Casa de de Piedra eta Ibones de Bachimaña aterpeetan ura hartu daiteke.
- Hurbilketa: Panticosatik GR-11 ibilbidea jarraituz Ibones de Bachimaña aterpera iritsiko gara, bertatik mendira iristeko. Panticosatik korridorearen oinera arte gutxi gora behera lau orduren inguruan iritsiko gara, atsenaldiak kontutan hartuta.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: lehenengoa hurbilketa egin dugun bide beretik jaistea izango litzateke, nire ustez biderik seguru eta azkarrena. Bigarren aukera Xuans eta Batanes mendien artetik jaistea da, Batanes mendietara doan ohiko bidetik Panticosara itzultzeko. Jaitsiera hau eskiatzaileek aukeratzen dute batez ere. Hirugarren aukera Xuans mendiaren hegoaldetik jaistea da, Labaza aintziretatik pasatu eta Batanes mendietara doan ohiko bidearekin elkartzeko.
- Eramandako materiala: 30 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 4 express zinta, friend eta artaka-trabagailu batzuk, elurretarako hesola pare bat eta luzera ezberdinetako zinta-uztai batzuk bilguneak muntatu ahal izateko. Dena den, korridorea baldintza onean dagoenean materialik gabe igo daiteke.
- Ibilbidea osatzeko pasatako denbora: zortzi ordu eta erdi, atsedenaldiak barne. Korridorea ordu erdi inguruan eskalatu daiteke.

DESKRIBAPENA

Korridorearen lehen metroetan estugune batean dagoen 5-6 metro eta 55-60 gradu inguruko irtengune bat topatuko dugu, korridoreak duen zailtasunik handiena. Hemendik gora korridoreak bi horma artean zuzen-zuzen jarraitzen du, 50-55 gradu inguruko malda mantenduz. Erdialdean zabaldu egiten da, malda ere 45º-50º ingurura jaitsiz, baina metro batzuk gorago korridorea berriro ere zertxobait estutu eta malda berriro ere 50-55 gradura igotzen da. Azken 40-45 metroetan malda pixkanaka jaitsiz doa, hasieran 45º ingurura eta azken metroetan 40º ingurura. Modu honetan gailurretik 15 metro eskasera irtengo gara.

Ibilbidea deskargatzeko edo ibilbidearen inguruko krokis zehatz, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather