BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Euskal Herria

Aizkorrondoko ubidea

Aizkorriko mendikatea ezagutzeko modu ezberdin bat eskeintzen duen ubide honek jasotako urari esker Zegamako Olaberri auzoan piztu omen zen Gipuzkoako lehen bonbilla, . Ezagutu nahi duzu?
Aizkorrondoko ubideak zeharkatzen duen pagadietako bat
Aizkorrondoko ubideak zeharkatzen duen pagadietako bat / Smithy

2022-05-04 / Smithy

1925 urtean Zegamako paper-fabrikak Aizkorriko mendi-hegaleko urak jasoko zituen ubide bat eraiki zuen: Aizkorrondoko ubidea. Ubide honek Aizkorriko ipar horma besarkatzen du, ubidearen bi muturretan dauden Aldaolaerrekea eta Lizarrekoerrekea erreken arteko errekastoen ura jaso eta Iturbegietako presara eramanez. Bertatik, 330 metroko desnibela eta 1.200 metroko luzera duen karga-hodia zeharkatu ondoren, urak Ezpaleo zentralean eta Oria ibaian amaitzen du ibilbidea.

Ubidea bere osotasunean jarraitu daiteken arren (16 kilometro eta erdi joan etorria), hainbat lekuetan 2020 urtean gertatutako luiziek ubidea apurtu edo estali dute ibilkera zailduz eta punturen batean arriskutsu bihurtuz ere. Zati hauek guztiak ekiditeko gomendagarriena da Zegama - Aizkorriko kilometro bertikalak jarraitzen duen bidea hartu, eta ubidera iristen garenean, ubidearen zeharkaldia bertan hasi eta amaitzea, ubidea Iturbeltzerrekea errekaren ondoan dagoen porlanezko eraikinera arte jarraituz. Nire ustez ez da ubidearen edertasunik galtzen, ibilbidea errazagoa izango da eta gainera hainbat kilometroetan murriztuko dugu.

Zegama – Aizkorriko kilometro bertikala hasten den lekura iristeko kotxea Zegamako tren geralekuan uztea da egokiena. GI-3251 errepidetik kilometro inguru jaitsi ondoren ezkerrera (jaitsierako noranzkoan) hartzen duen bihurgune zabal batean errepidera utzi eta mendian gora doan pista jarraitzen hasiko gara. Luizia gertatu zen lekura iristen garenean ubidearekin topo egingo dugu. Bidea puntu gorriekin adierazita dago.

Ibilbideak Aizkorriko mendilerroa ezagutzeko aukera modu ezberdin bat eskeintzen digu, aldaparik gabekoa, eta pagadiak, pinudiak eta zelaiak ikusteko aukera izango dugu. Gainera, ia bere osotasunean basoen itzalpean dagoenez, egun eguzkitsuetarako aproposa izan daiteken ibilbidea da. Zailtasunari dagokionez, luiziak gertatu ziren lekuak ekiditen baditugu zailtasunik gabeko ibilbidea da.

Aizkorrondoko ubidearen inguruko informazio eta argazki gehiagorako edo ibilbidea deskargatu nahi baduzue, hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather