BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Agueroko Malloak: "Tierra de todos" bidea, 135 m, V+.

"Tierra de Todos" Ag├╝eroko bide gogorren artean parabolten segurtasunez gozatzeko ireki eta ekipatutako bidea da, nahiz eta zenbait pasagunetan estutu beharko dugun. Ezagutu nahi duzu?
"Tierra de Todos" bidearen nondik norakoak / Smithy

2022-05-12 / Smithy

Agueroko Malloetako hainbat luzeetako eskalada-bideen artean badira hiru bide eskalada maila baxua dugunontzat edo eskaladan hasiberriak direnentzat aproposak izan daitezkeenak, hirurak "Sendero Limite" taldekoek ireki eta ongi ekipatutakoak: "La vía más fácil de Agüero", "Tierra de Naide" eta "Tierra de Todos", horietatik lehenengo biak dagoeneko Ibilkari-n azaldutakoak.

"Tierra de Todos" bidean bertikaltasunaz "gozatzeko" aukera izango dugu, horma bertikalak atsegin baditugu behintzat. Ezkerrean duen "Tierra de Naide" bidearen estilokoa da, eta estutu beharko badugu ere, bidea oso ongi aseguratua dago. Bide gomendagarria zalantzarik gabe.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 135 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Luis Royo, Enrique Recio eta Julio Benedek, 2018an.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (25 m), 2ºL: V+ (30 m), 3ºL: V (20 m), 4ºL: V (30 m) eta 5ºL: V+ (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Bide ederra udan arratsaldean edo neguan goizean eskalatzeko.
- Ura: Murillo de Gallego herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Aparkalekutik 20-25 minutu beharko ditugu. Errepidea gurutzatu eta indikazio poste eta panel batetik eskuinera goraka doan bidetik hasiko gara. 15 minutu eskasera, harkaitz bloke nabari baten ondoan, bidea utzi eta hormara zuzentzen den bidexka bat jarraitzen hasiko gara. Bi mugarri dauden leku batera iritsitakoan bidexka hau utzi, eta bi mugarrien artean doan bidexka berri bat jarraituz, berehala iritsiko gara eskalada bidearen hasierara.
- Jaitsiera: Ibilbidearen amaieratik gailurrera igo eta iparreko noranzkoan doan bidea jarraituko dugu ferrata moduan ekipatutako tximini/kanalera arte. Bertan sirga, katea eta soka finko bat topatuko ditugu tximinia jaisteko. Orain, tximiniara iritsi aurretik 30 metroetako rappel lerro bat muntatu da. Tximinia jaitsita edo rappelak eginda, hormaren ondotik doan bidexka jarraitu eta igoerako bidearekin bat egingo dugu. Bidearen amaieratik aparkalekura 40 minutu inguruko bidea dugu.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 14 express zinta, eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta berrogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 25 metro, IV+. Urak utzitako arrasto bat zeharkatu eta eskuinetik ezkerrera zeharkaldi bat eginez hasiko gara (IV). Seigarren paraboltetik gora hormak bertikaltasuna irabazten duen arren helduleku oso onak ditu (IV+). Bilgunera iristeko ezker aldera zeharkaldi bat egin beharko dugu (III). Bilgunea, horma-hobi handi batean muntatuta dago, ipuru nabarmen baten ezkerrean.

- Bigarren luzea, 30 metro, V+. Bilgunetik ezkerrera metro pasatxoko zeharkaldi horizontala egin eta zuzen jarraituko dugu lehen paraboltera iristeko. Bigarren paraboltera iristeko estutu ondoren (V+), hirugarren paraboltera iristeko eskuin noranzkoan zeharkaldi bat egin beharo dugu. Hirugarren paraboltetik gora horma bertikala zuzen eskalatzen jarraituko dugu (V) bertikaltasuna galtzen hasten den arte. Uraren pasaerak sortutako arrasto gris eta zabal bat eskuin-ezker zeharkatu (IV+) eta 5-6 metro bertikal zuzen eskalatu ondoren (V), horma zertxobait etzatearekin batera eskuin joerarekin eskalatzen jarraituko dugu bilgunera iritsiz.

- Hirugarren luzea, 20 metro, V. Bilgunearen ezkerretik atera eta ezker aldera zeharkaldi luze bat eginez hasiko gara, ezkerrean dagoen landareriara hurbilduz (IV). Hormaren ertzera iristear gaudela horma zuzen eskalatzen jarraituko dugu irtengune bertikal batera iritsiz. Irtengunea zuzen eskalatu (V) eta inklinatuz doan horma ezker joerarekin eskalatzen jarraituz (V), horma-hobi handi batean kokatutako bilgunera iritsiko gara.

- Laugarren luzea, 30 metro, V. Eskuin aldera metro pare bateko zeharkaldia egin beharko dugu lehen parabolterar iristeko. Bertatik eskuin noranzkoan zeharkaldian jarraituko dugu hirugarren paraboltera arte (V). Hemendik gora horma bertikala da eta zailtasun maila V graduan egonkor mantentzen bada ere heldulekuak ongi aurkitzen dira. Luzeak azken metroetan eskuin alderako joera hartzen du eta bilgunera iritsi aurretik eskuin aldera mugimendu arraro bat egin beharko dugu (V).

- Bosgarren luzea, 30 metro, V+. Bilgunearen gainean dagoen sabai txiki batera arteko metroetan estutu beharko dugu (V+). Sabai txikitik gora horma bertikal mantentzen den arren helduleku onak ditu (V). Hormak bertikaltasuna galtzen hasten den lekuan eskuin alderako noranzkoarekin eskalatzen jarraituko dugu bilgunera iritsiz.

Bide honen inguruko krokis zehatza, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather