BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mendi martxa

Morkaikoren Egunean mendizale gazte eta nagusiak elkarrekin

Elgoibarko mendi itzulian adin ezberdinetako mendizaleak elkartu ziren
/ Edu Uribe

2022-05-15 / Edu Uribe

Elgoibarko mendi itzulian mendizaletasuna aldarrikatzeko egun ederra igaro genuen atzo. Horrela, 2011. urtetik ospatzen den Morkaikoren Eguna burutu zen, adin ezberdinetako mendi martxalariak elkarrekin bidaiatuz. Alde batetik, tradizio handia duen Elgoibarko mendi itzulian (41 km / 2274 mD+) mendizale helduak izan ginen, eta ume eta gazteek itzulitxoan parte hartu zuten, azken hauek 14 km-ko ibilbidea osatu zutelarik.

Itzuli handia, aipatu bezala, aspalditik ospatzen da (1927. urtetik), eta hastapenetan 56 km-ko ibilbidea zuen, Mendaroko lurraldea Elgoibarko mugetan bait zegoen 1980. urterarte. Lehen edizio hartan 12 ordutik jaistea zaila aurreikusten bazen ere, Andrés Espinosa Echebarria zornotzarrak 8 ordutan burutu zuen (8:06:00), atzetik Bergareche, Santamaría eta Echeverría (8:33:00) eibartarrak iritsi zirelarik, eta azkenik Teodoro Barrenetxea (8:44:00), Lorenzo Gárate (8:46:00), Félix Oteiza (8:48:00) eta Demetrio Unanue (9:20:00) elgoibartarrak.

Beraz, Elgoibarko mendi itzulia Euskal Herriko mendi martxen artean aintzindaria izan zen "Tolosako XIV orduak" (1925) martxarekin batera, azken honetan Shebe Peña martxalariak iraupen luzeko ibilaldiei hasiera emanez. Gero etorriko ziren luzeagoak, "4 katedralak" martxa ezaguna horien artean, Hego Euskal Herriko 4 hiriburuak 4 egunetan lotuz (385 km).

Gaur egun, Elgoibarko martxako helburua mendizaletasuna bultzatzea da, herriko zein inguruko mendizaleekin egun eder bat ospatuz, salda eta txorizoa daztatuz Morkaiko Mendizale Elkarteak antolatzen duen ekimen eder honi esker.

Elgoibarko mendi itzuliaren ibilbidea:

Foruen enparantza (47 m)
Karakate mendia (742 m)
Atxolin mendia (864 m )
Hirukurutzeta mendia (895 m)
Sargoate anoa (450 m)
Azkarateko portua (410 m)
Urnobitza mendia (644 m)
Lizundia mendia (505 m)
Altzola auzoa (25 m)
Bioin baserria (410 m)
San Migel auzoa (400 m)
Morkaiko mendia (525 m)
Kalamua mendia (770 m)
Aubixa baserria (450 m)
Foruen enparantza (47 m)

2022. edizioko bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=AAC6R68mJkY&t=310s

Informazio gehiago: http://mendilasterketa.blogspot.com/2022/05/elgoibarko-mendi-itzulia-itzulitxoa-2022.html

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather