BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Egino, Doña Eusebia horma: "Imserso Extrem" bidea, 225 m, V

Eskalada klasikoan hasi zara, Eginoko "Barraskiloen gandorra" eskalatu duzu eta zailtasunean puntu bat gorago igotzeko eskalada bide erdi-ekipatu baten bila zabiltza? "Imserso Extrem" da bila ari zaren bidea.
"Imserso Extrem" eskalada bidearen kokalekua eta nondik norakoak / Smithy

2022-05-31 / Smithy

Dagoeneko dena irekita zirudien Eginoko Doña Eusebia horman eskalada-bide berri bat irudikatzeak badu bere meritua, baina irudikatzeaz gain bidea lehen saiakeran behetik gora eskalatu eta eskalada gustuko dugunok eskalatu ahal izateko txukundu eta egokitzea preziorik ez duen lan altruista da. Modu honetan, 2021eko uztailean "Imserso Extrem" bidea jaio zen, Doña Eusebia hormaren mendebaldean Rafa Elorzak, Antxon Gorrotxategik, Juancar Sanzek eta Sergio Martinek ireki duten bide zoragarria. Eta bide zoragarria diot, nire uste apalean, eskaladari dagokionez, horma berearen ekialdean dagoen "Barraskiloen ertza" ospetsua baino hobea delako, baita zailagoa ere.

Pasagune zailenak paraboltekin babestuak dituen eta garbiketa lan ikaragarria egin den bidea da, honegatik bide aproposa izan daiteke eskalada klasikoan eskalatzen hasi nahi dutenentzat.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 225 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi, Rafa Elorza, Sergio Martin eta Juancar Sanz, 2021eko uztailaren 2an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: III, 2ºL: III+/IV, 3ºL: V, 4ºL: V eta 5ºL: IV+.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: La Lezeko aisialdi guneko edo Eginoko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Hurbilketa Eginotik edo La Lezetik egin badaiteke ere, nire ustez motzena La Lezetik egitea da. Laugarren eta bosgarren monolitoen artetik igotzen hasi, eta laugarren monolitoaren ipar hormatik gertu mantenduz, mendi-lepo itxura duen urkila batera iritsiko gara. Urkilan, laugarren monolitoko puntari bizkarra emanez eta ipar-ekialdeko noranzkoa hartuz, txilar eta arteen artean erdi-ezkutaturik dagoen bidexka jarraitzen hasiko gara gandorraren oinean jarrita dagoen soka urdinarekin topo egin arte. La Lezetik 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Olano mendira doan ohiko bidetik. Jaitsieraren azalpen zehatza eta track-a hemen irakurri eta deskargatu daitezke.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdinetako 10 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitz-zubietatik pasatzeko, Totem eta Alien jokoa. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu pasatxo.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 50 metro, III. Bidearen hasiera adierazten duen soka urdinetik gora, helduleku oso onak dituen 4-5 metro inguruko horma bertikala eskalatzen hasiko gara, gainean dagoen gandorraren ahora zuzenduz (III). Behin gandorraren gainean, jarraitu beharreko bideak galtzeko arriskurik ez dauka, ahotik jarraitu behar dugulako (II/II+), bi harkaitz-zubietatik pasatako sokez osatutako bilgunera iritsi arte.

- Bigarren luzea, 45 metro, III+/IV. Gandorraren ahotik eskalatzen jarraitu (II/II+), 15 metro ingurura dagoen arte bat ezkerretik saihestu eta metro batzuetan belarretan oinez ibiliko gara parean dugun hormaren oinera zuzentzeko. Hormaren erditik eskalatzen jarraituko dugu (hasieran III+/IV, gero III). Azken metroak erdi-oinez eginez, lehen monolitoaren oinean dauden bi harkaitz zubietatik pasatako sokak aprobetxatuko ditugu bilgunea muntatzeko.

- Hirugarren luzea, 40 metro, V. Monolitoa eskuin-ezker diagonalean mozten duen kanal nabarmenera zuzenduko gara (III), monolitoaren sabai nabarmena ekiditen duena. Kanala bere osotasunean eskalatuko dugu (hasieran III+, bukaeran IV+) harkaitz-plaka tente batera arte. Harkaitz-plaka eskalatu ondoren (V, friend-ak trabatu ahal izateko arrail estu dauka) ipuru batekin topo egingo dugu. Ipuruaren bestaldera pasa gabe, bere gaineko horma bertikala 2-3 metro eskalatu (IV+) eta eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat egingo dugu monolitoaren sabaiaren gainean kokatuz (IV). Hemendik gora, zuzen jarraituko dugu eskalatzen monolitoaren gainera iristeko (IV). Hemendik aurrera 5-6 metro erdi-oinez ibili ondoren bigarren monolitoaren oinera iritsiko gara. Bilgunea ezker aldean dago, uztaidun bi paraboltez osatuta.

- Laugarren luzea, 40 metro, IV+/V. Monolitoaren sabai nabarmenaren ezkerrean dagoen 5-6 metro inguruko diedro bertikala eskalatzen hasiko gara (IV). Diedro hau eskalatu ondoren, hormaren bukaeraino iristen den bigarren diedro bat eskalatuko dugu, eskuinera diagonalean doana (IV). Bigarren diedro honek helduleku on eta sendoak ditu, nahiz eta harkaitzaren itxurak hori ez adierazi. Diedro hau eskalatuta gandorrera igo eta bertatik jarraituz parabolt batez aseguratutako harkaitz-plaka tente batera iritsiko gara. Harkaitz-plaka hau eskalatu ondoren (ezkerretik IV+, zuzen V) bigarren monolitoak atzean osatzen duen ezproiaren gainera iritsiko gara. Bertan, lurrean dauden bi harkaitz-zubietatik pasatako sokak aprobetxatuko ditugu bilgunea muntatzeko.

Azken luzea aseguratzeko hobe dugu soka bildu, eta 10-12 metro oinez ibili ondoren, gandorraren azpian kokatzea.

- Bosgarren luzea, 40 metro, IV+. Gandorraren gainetik eskalatzen hasiko gara urrun dagoen parabolt batera zuzenduz (III). Paraboltetik gora gandorra zertxobait tentetzen da, punta batera iritsiz (IV). Puntaren bestaldean dagoen arrakalara jaitsi, zeharkatu, eta parean dagoen hormara pasako gara. Horma ezker-eskuin noranzkoan zeharkatuko dugu, hasieran horizontalean parabolt batera iritsi arte (IV+). Paraboltetik aurrera zeharkaldia horizontal izatetik diagonal izatera pasatzen da, baina zailtasunari dagokionez ez da zailagoa (IV). Zeharkaldiaren amaieran bi harkaitz-zubietan jarritako bi kordel motz aprobetxatuko ditugu azken bilgunea muntatzeko.

Bide honen inguruko krokis zehatzago bat edo informazio eta argazki gehiago nahi badituzue hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather