BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Portalet: "Libellium" bidea, 95 m, 6a

Portalet inguruan gaudela eta goiz edo arratsalde baterako plan baten bila gabiltzala? Eskalada bide hau eskalatzea izan daiteke plan horietako bat...
"Libellium" bidearen nondik norakoak / Smithy

2022-06-21 / Smithy

Espainia eta Frantzia lotzen dituen Portaleteko mendatetik pasatzen naizen bakoitzean turistak mendatea koroatzen duten jatetxe eta oroigarri denden artean nola mugitzen diren kuriositatez begiratzen dut, haur batek inurritegi bat lehen aldiz begiratzerakoan inurriak batera eta bestera nola mugitzen diren begiratzen duen moduan.

Harrigarria bada ere, ibilgailu eta turisten joan etorriek eragindako zurrunbilo honetatik asko urrundu gabe badago mendiaren isiltasunean eskalatu daiteken eskalada bide bat, "Sueño Vertical" taldekoek 2020an ireki eta ekipatu zutena: "Libellium". 95 metro eskas eskalatzeko merezi du 200 Euskal Herritik kilometrotik gora egitea? Beharbada ez, baina Portalet inguruan zer egin ez dakigula bagabiltza eskalada bide hau goiz edo arratsalde bateko plan ederra izan daiteke inongo zalantzarik gabe.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 95 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Sueño Vertical, 2020ko irailan.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: V (15 m), 2ºL: IV+ (35 m), 3ºL: 6a (35 m) eta 4ºL: IV+ (20 m).
- Orientazioa: Ekialdean. Goizean eguzkiak ematen dio, arratsaldean ez (udarako kontutan hartu).
- Ura: Portaleten hartu daiteke.
- Hurbilketa: Portaleteko Sancho bentaren iparretik hegoaldera lurrezko pista bat hasten da. Pista hau jarraitu eta malda bat igo ondoren horma parez-pare izango dugu. Pistak parean dugun putzu bat eskuinetik inguratzen du hormara zuzenduz, baina hormara ez gara zuzenean iritsiko, honen eskuinean dauden zelai eta harrikara ezeroso batetik baizik. Honetarako, pistak uzten dugunean, mugarriak jarraitzen hasiko gara bidearen oinera iritsiz. Portaletetik 20 minutu inguru pasako ditugu bidearen oinera iristeko.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik mendiaren gailur aldera zuzenduko gara (ipar-mendebaldera) mugarri batekin topo egin arte. Mugarriak jarraituz ipar-ekialdera joko dugu lehenik eta gero pixkanaka mendia inguratzen joango gara pistara itzuli eta bertatik Portaletera iristeko. Bidearen amaieratik Portaletera ordu erdi inguru izango ditugu.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 18 express-zinta (guk ez genituen denak erabili), eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hogeita bost minutu.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 15 metro, V. 5-6 metroko horma bertikal bat eskalatzen hasiko gara (V). Laugarren paraboltaren parean hormak bertikaltasuna galtzen hasten. 5-6 metro ezker joerarekin jarraitzen jarraituko dugu (IV+) erlaitz txiki batera iritsiz. Erlaitzetik 3-4 metro gehiago eskalatu ondoren bilgunera iritsiko gara.

- Bigarrengo luzea, 35 metro, IV+. Bilgunetik eskuin aldera eskalatzen hasiko gara 10-12 metroko zeharkaldi horizontal bat eginez (IV+). Zeharkaldiaren amaieran dagoen horma inklinatua eskalatu eta parean dugun horma horma bertikalera zuzenduko gara (IV). Horma bertikal hau zuzen eskalatzen hasi, sabai nabarmen bat ezkerretik saihestu, eta ezkerrera metro gutxi batzuk eskalatu ondoren, hori koloreko harkaitz baten gaineko erlaitzean bigarren bilgunea muntatuko dugu (IV+).

- Hirugarrengo luzea, 35 metro, 6a. Horma osatzen duten estratu edo geruza ezberdinak eskuin-ezkerreko noranzkoan eskalatuko ditugu, harkaitz-plaka gris batera iritsi arte (IV+). Plaka grisa eskalatu eta horma bertikal eta hori baten azpiko erlaitz txiki batera igoko gara (V). Helduleku txiki eta kamutsak dituen 3-4 metroko pasagunea eskalatu ondoren (6a), metro batzuetan ezker noranzkoan eskalatzen jarraituko dugu (V) hormaren ezkerrean dagoen sakonune txiki batera zuzenduz. Sakonunaren gainean dagoen erlaitz eroso batera igo (IV) eta sabel itxura duen 2-3 metroko hormatxoa eskalatu ondoren (IV+), harriz estalitako plaka etzan bat erdi-oinez zeharkatuko dugu, parean dagoen hormako bilgunera iritsiz.

- Laugarrengo luzea, 20 metro, IV+. Azpitik dirudiena baino errazagoa den diedro itxurako arrail bertikal bat eskalatuko dugu (IV+). Honen ondoren horma inklinatu egiten da. Ezkerrera diagonalean zeharkaldi bat eginez, hormaren ertzean dagoen bilgunera iritsiko gara.

Bide honen inguruko argazi, krokis eta informazio zehatzago baterako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather