BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Bidarraitik Baigorrira

/ mikel arrizabalaga

2022-06-23 / Mikel Arrizabalaga

Bidarrai eta Baigorri artean hedatzen den Iparlako harresia bi zirko bikainek mugatzen dute: Gapelu eta Talatzekoa. Gandor luze honek, Errobi ibaiaren ezkerreko ertza menderatzen du Bidarrai eta Baigorri artean. Garo, belar eta txilarrek jazten duten harresi honen kolorea sasoiaren arabera aldatu egiten da, udaberrian eta udan berdez janzten dira magalak, baina udazkena heltzean, garoa gorritu eta erabat itxuraldatzen da. Bi garaietan bisitatzea merezi du

Herriko frontoiaren ondotik abitu eta, berehala ikusiko ditugun bide-seinale zurigorriak (GR-10) bidelagun izango ditugu Baigorrira iritsi arte. Hau da Iparlako harresia zeharkatzeko gehien erabiltzen den bidea, oso nabarmena da eta bakarrik lainoa sartuz gero ibili behar da kontu handiz.
Urdakobordia baserriaren ondotik pasa eta Olarrepeako bidea ezkerrera utzi ondoren, Harriondi inguratu eta Pagalepora helduko gara. Lehen atsedena hartuko dugu hemen, zintzurra freskatu eta gandorrari helduko diogu segidan. Inguru harritsu bat zeharkatu eta mendi hegaletik Talatzeko zirko estua ikusi ahal izango dugu. Bertan hartzen du altuerarik handiena harresiak, 350 metroko malkar zorabiagarriak. Aurrera segi, Larrateko hegia inguratu eta Iparlako lepotik gertu ikusiko dugu gailurra. Presarik gabe Nafarroa Behera eta Nafarroa Garaia banatzen duen gandorrean zehar Iparlara igotzen hasiko gara. Azken metroak belarrezko alfonbra zapalduz beteko dugu. Hamaiketakoa egin baino lehen merezi du tarte luze bat hartzea, gure gorputza poliki jiratzen hasi eta 360ºko itzulia emanez ikusten dugunaz gozatzeko. Iparlako tontorra talaia paregabea da Euskal Herriko mendi gehienak ezezik, iparraldeko kostako eta barruko herriak ikusteko.

Jarraitzeko unea iristean, argazki pare bat atera, traste guztiak jaso eta hegoalderantz ibiltzen hasiko gara. GR-10ari dagozkion bide-seinaleak jarraituko ditugu eta lepo txiki batera heltzean metro batzuk bete beharko ditugu Tutuliako gailurrera iristeko. Iparla eta Tutulia dira Gapeluko zirkoa mugatzen duten bi gailurrak. Putreek ere lekua bilatu dute zirko honetako malkarretan. Altuera azkar galduko dugu eta Harrietako lepora iristean, Urdozera doan bidea ezkerrera utzi eta igotzen hasiko gara. Astateko tontorrean gertuago ikusi dugu helmuga, baina oraindik izen bera duen lepora jaitsi beharko dugu Buztanzelaira igotzeko azken maldari aurre egiteko.

Buztanzelaiko tontorrera heltzean, tentazioa izango dugu aurrera jarraitzeko, Izpegiko mendateraino jarraitu eta zeharkaldia oso osorik burutzeko, baina Baigorri herria dugu zain eta bide-seinale zurigorriei kasu eginez herrirantz abiatuko gara. Lepora jaitsi eta Aintziagako harkaitzak gure eskuinera utziz, Atxueneako errepide aldera joko dugu. Ibilbidearen azken zati hau luzea eta aspergarria suertatuko zaigu, baina Iparlako gandorrean zehar hartu dugun gozatuak dena ahantzi araziko digu. Baigorriko erdigune bihurgunetsua kale-errepide bakarretik zabaltzen diren etxeek osatzen dute, eta bertatik kilometro eta erdian ibiliko gara elizaren ondora ailegatzeko.

Klikatu hemen 3D (ayvri) ikusteko.
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather