BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Aspe (2.640 m): ekialdeko gandorretik, V-

"Saguzarraren gandorra" bezala ere ezaguna den zailtasun ertaineko gandor honetan mendiko eskaladan dugun ezagutza eta abilezia praktikan jartzeko aukera izango dugu. Ezagutu nahi duzue?
"Dondestast├║" (atzean) eta "Dondestanestos" orratzen arteko bilgunean. / Smithy

2022-07-29 / Smithy

Aspe, izen bereko bailara dominatzen duen kareharrizko piramide ikusgarria da. Harkaitz eskaladari dagokionez, Aspeko ekialdeko gandorra, ("Saguzarraren gandorra" edo "Arista del Murciélago" bezala ere ezagutua) da gehien eskalatzen den bidea, duen zailtasun eramangarriagatik eta lehen aldiz eskalatu zutenen artean Alberto Rabadá eskalatzaile aragoar handia dagoelako.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Luzera zehazki zenbatekoa den ez dakit, baina 310 metroko desnibel positiboa dauka.
- Luze kopurua: 5, baina kopuru hau aldakorra izan daiteke.
- Nork irekia: Luis Alcalde, Alberto Rabadá, Manolo Ansón eta Julian Vicentek 1962eko irailaren 22an.
- Zailtasuna: V-. Luzez-luze: 1ºL (hasierako horma eskalatzeko): IV (20 m), 2ºL ("Dondestastú" orratza eskalatzeko): III+/IV (25 m), 3ºL ("Dondestanestos" orratza eskalatzeko): IV (45 m), 4ºL: V- (20 m) eta 5ºL: IV (20 m). Laugarren eta bosgarren luzeak Asperen gailurraurrea osatzen duen orratza eskalatzeko lehen bi luzeak dira.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Igoeran hainbat errekasto daude ura hartu ahal izateko.
- Hurbilketa: Aísako La Cleta inguruneko aparkalekutik Aísako haitzarteko lepora doan bidetik. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 2-3 orduen artean pasako ditugu.
- Jaitsiera: Aísatik doan ohiko bidetik kotxea uzten den lekura 2 ordu eta 2 ordu eta erdiren artean pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, 6-8 express zinta luze, Totem eta artaka-trabagailu jokoa (bide osoan Totem morea eta artaka-trabagailu bakarra erabili genuen) eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi eta hiru ordu artean.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea edo hasierako horma eskalatzeko luzea, 20 metro, IV. Luzea hormatxo txiki batera igoz hasten da, gainean iltze bat duena (III). 3-4 metro zuzen eskalatuko ditugu bigarren iltze batera iritsi arte. Bigarren iltzetik ezkerrera horizontalean zeharkatzen hasiko gara, hormaren ezkerreko ezproi itxurakora hurbilduz (III+). Ezproira iristear hirugarren iltze bat topatuko dugu, ezproira igotzeko helduleku oneko pasagune bertikal bat babesten duena (IV). Ezproitik zuzen eskalatzen jarraitu eta gainean dagoen sabaia eskuinean utzita horma eskalatuko dugu erlaitz inklinatu batera iritsiz. Erlaitzetik 7-8 metro igo ondoren, ezker hormaren harkaitz-bloke baten ingurutik pasatako hainbat zinta eta soka ezberdinak lotzen dituen mailloi batean bilgunea muntatuko dugu.

Bilgune honetatik hainbat metroetan ibili beharko dugu "Dondestastú" orratzaren oinean kokatu arte. Orratza, "V" letraren itxura ematen dioten bi ezproiek osatzen duten kanal bertikaletik eskalatzen da. Guk bigarren bilgunea kanal honen hasieran muntatu genuen (iltze bat) baina bertara iristeko III/III+ zailtasuneko pasaguneak eskalatu beharko ditugu. Aukeran, hobe da "V"-aren beheko erpinean dagoen harkaitz handiaren azpiko bilgunean (bi iltze) bilgunea muntatzea. Aukera hau hartzen baduzue kontutan izan bigarren luzea guk eskalatutakoa baino luzeagoa izango dela.

- Bigarren luzea, "Dondestastú" orratza eskalatzeko luzea, 25 metro, III+/IV. Kanalaren eskuin adarretik 2-3 metro eskalatu ondoren (III), ezker adarrera pasako gara (III+) horma makurtu bat saihestuz. Adar honetatik zuzen eskalatzen jarraituko dugu (III+/IV) iltze zahar bat topatu arte. Hemendik gora, orratzeko puntaren ezkerrean dagoen erlaitzara zuzenduko gara (III+). Erlaitzera igotzeko pasagunea zertxobait makurtua dago baina iltze batek babesten du (III+). Bilgunea erlaitzean dago, mailloi pare batek lotutako zinta eta soka ezberdinez osatuta.

"Dondestastú" eta "Dondestantestos" orratzen arteko mendi-lepora bilgunearen eskuinetik (beherako noranzkoan) destrepatuz jaitsiko gara (II/II+). Bi orratzen arteko lepoan kordel batez muntatutako bilgune bat dago.

- Hirugarren luzea, "Dondestantestos" orratza eskalatzeko luzea, 40-45 metro, IV. Luze hau bi zatitan banatzen da: Lehenengo zatia, bertikal izatera iristen ez den 15 metro inguruko horma tente bat da, bilgunetik ikusten den erlaitz nabarmen batean amaitzen dena (IV). Erlaitz honetatik eskuinera 3-4 metroetako zeharkaldi horizontala egin ondoren luzearen bigarren zatian sartzen gara, harri askeak dituen kanal inklinatu bat (III), orratzeko puntaren ezkerrean amaitzen dena. Zorionez, luzearen lehen zatia, bietatik zailena, iltzekin babestua dago. Orratzaren gailurrera iritsi gabe, honen eskuinean hainbat zinta eta sokaz lotzen dituen mailloi batez osatutako bilgunea topatuko dugu.

Bilgunetik aurrera orratzaren gailurretik pasa, eta gandorraren ahotik jarraituz, 30-40 metro ibili ondoren rappel puntu batera iritsiko gara (II).

20 metroko rappelaren ondoren, mendi-lepoaren eskuin ertzera pasatu eta ertzetik metro batzuk eskalatu ondoren (II+), belarrez estallitako harkaitz etzan batzuen gainetik oinez jarraituko dugu, parean dagoen harkaitz-bloke handi eta nabarmenaren eskuinean dagoen tximinia bertikal batera zuzenduz. Tximinia eskalatuta (III/III+), ertzatik jarraituz bigarren harkaitz-bloke handi batera zuzenduko gara, hau ere eskuinetik saihestuko duguna (III). Harkaitz-bloke honen gainera igotzerakoan, harkaitz-bloke honek eta harkaitz bat txapela moduan duen harkaitz-bloke berezi batekin osatzen duen mendi-lepoa zeharkatuz, erdi-oinez gandorraren pasagunerik zailenaren oinera iritsiko gara, sabel baten itxura duen hormatxo bat, 2-3 metro gorago erlaitz bat osatzen duen arrail horizontal batek alderik alde zeharkatzen duena.

- Laugarren luzea, sabel itxurako horma, 20 metro, V-. Pasagunearen gakoa ezker oinarentzat dagoen helduleku eder batera iristea da. Hau lortzen dugunean ez dugu aparteko zailtasunik izango arrail horizontalak osatzen duen erlaitz estura igotzeko (V-). Erlaitzetik metro pare batean ezkerrera jarraitu eta sabel itxurako bigarren hormatxo bat eskalatu ondoren (III+) horma bertikal batekin topo egingo dugu. Horma honen oinean dagoen harlauza batetik zinta-uztai bat pasatuz bilgunea muntatzea da egokiena, atzetik datorrena aseguratzeko garaian bistan izango dugulako.

- Bosgarren luzea, 20 metro, IV. Bilgunetik eskuinera pasatuz, "txapeladun harkaitz-blokearen" txapelara igo, eta honen gainetik, gandorraren ahora zuzenduko gara, uztai-zinta eta altzairuzko uztai batez osatutako bilgunearen azpira iritsiz. Luzearen gakoa bilgune hau muntatuta dagoen erlaitz inklinatura igotzea da, honetarako 2 metro inguruko koska bat eskalatu behar delarik (IV). Luzea amaitzeko, bilgunea muntatuta dagoen 3 metro eskaseko horma makurtua eskalatu beharko dugu, eskuin eskuarentzat helduleku hobeak dituena (III+). Horma eskalatuta, 15 metro inguru gehiago zuzen eskalatu ondoren (III), horma bertikal batean zinta batekin muntatuta dagoen bilgune batera oinez iritsiko gara.

Badago laugarren eta bosgarren luzeak luze bakarrean eskalatzea, baina sokaren marruskadura oso handia izan daiteke.

Bosgarren bilgunetik eskuin aldera erdi-oinez atera, eta ezker aldera diagonalean eskalatuz (III/III+), bilgune hau muntatuta dagoen horma bertikala eskuinetik saihestuko dugu. Gandorrera iritsi gabe, errazena bilatuz, eskuinera horizontalean 8 metro inguru erdi oinez ibili ondoren metro batzuetan zuzen eskalatuko dugu (III), leze itxurako sabai batera zuzenduz. Lezera iritsi gabe ezkerrera horizontalean erdi-oinez 4-5 metro jarraitu, eta ezker noranzkoan diagonalean eskalatzen jarraituko dugu, gandorraren zailtasun teknikoak amaitzen diren erlaitz horizontal eta nabarmen batera iritsi arte (III). Hemendik aurrera, gandorraren ahoan ahalik eta denbora gehiena mantenduz (II/II+) jarraituko dugu, Aspeko ekialdeko gailurraurrera iritsi arte. Gailurra eta gailurraurrea banatzen dituen pitzadurak 3-4 metroko sakonera izango du eta erdian punta zabaleko orratz estu bat dauka. Pasagune ikusgarri hau zeharkatzeko, orratzera igo eta bestaldera pasa beharko dugu. Pitzadura atzean utzita, azken hormatxo etzan bat igoz (II) gailurrera iritsiko gara.

Eskalada honen inguruko krokis, argazki eta informazio gehiagorako edo "track"-a deskargatzeko hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather