BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Midi D'Ossau, Grand Pic (2.884 m): Ipar horma eta Embarradère erlaitzetik, 650 m, AD/IV

Bide hau ez duzula eskalatu? Eskalatu ezazu, ez zara damutuko eta. Bidea dagoeneko eskalatuta duzula? Errepikatu ezazu, ez zara damutuko eta.
Midiren ipar horman, Embarradére erlaitzera iristen
Midiren ipar horman, Embarradére erlaitzera iristen / Smithy

2022-08-31 / Smithy

Ez dut uste Midi D’Ossau mendia ezagutzen ez duen pirineistarik dagoenik. Buruz behera jarritako hagin erraldoiaren itxurako mendi honen gailurrera iristeko derrigorrez eskalatu beharko dugu, honegatik, urteetan zehar bere tximinia eta hormetan beraien trebezia frogatu nahi izan duten mendizale eta eskalatzaileak asko dira.

Midiren ipar-hormaren lehen zeharkaldia eta Embarradére erlaitzaren lehen igoera 1896eko uztailakoa da, Henri Brulle, Célestin Passet, René d’Astorg eta François Bernat Salles-en eskutik.

Eskalada-bide ederra da, denbora osoan hormak dituen ahuldadeak aurkitu eta aprobetxatzen dituena. Baina teknikoki zaila ez izateagatik ezin dugu gutxietsi. Goi mendian garatzen den ibilbide luzea da, hormaren ahuldade horiek aurkitzeko ongi orientatzea eskatuko diguna.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 650 metro.
- Nork irekia: Henri Brulle, Célestin Passet, René d’Astorg eta François Bernat Salles, 1896ko uztailan.
- Zailtasuna: AD/IV.
- Orientazioa: Iparraldea batez ere. Udan eskalatzeko ibilbide polita izan daiteke.
- Ura: Pombie aterpearen ondoko iturrian.
- Hurbilketa: Aneu aparkalekutik Midi D'Ossaura doan ohiko bidea jarraituz, Suzon lepora iritsitakoan, oraindik bide honetatik jarraitu eta lehen tximiniara iritsi baino 60-75 metro lehenago dagoen harlauz nabarmen batera iritsi aurretik eskuinera doan bidexka hartuko dugu (mugarri txiki bat dago), Moundelhseko goiko arrakalara doana. Arrakala hau zeharkatu ondoren, parean dugun hartxingadi zabala zeharkatuko dugu altuerarik ia galdu gabe, austriarren arrakalara zuzenduz. Austriarren arrakalara iristeko 8-10 metrora (ekialdeko isurialdean), ezkerrean dugun harkaitz-plaka inklinatuak duen ahuldaderik nabarmenean eskalada hasiko dugu (mugarri bat egur batekin). Aparkalekutik bidearen oinera iristeko bi ordu eta hiru ordu laurden beharko ditugu.
- Jaitsiera: Midi D'Ossauko ohiko bidetik. Gailurretik aparkalekura iristeko hiru ordu eta erdi inguru beharko ditugu.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat, luzera ezberdineko 8 express-zinta, Totem jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Kotxetik kotxera hamar ordu eta erdi, horietatik eskalada-bidea eskalatzeko lau ordu inguru.

DESKRIBAPENA

Metro pare bateko eskalada tentearen ondoren (III) horma etzaten da. Tarteka belarra duen diedro ireki (edo arrail zabala) itxura duenetik zuzen eskalatzen hasiko gara. 10-12 metro inguru eskalatu ondoren (III), spit bat topatuko dugu. Spitetik gora metro gutxi batzuk igo, eta gainean dugun horma bertikalera iritsi baino lehen, ezkerrera 2-3 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin ondoren (II), horma honen ezkerrean dagoen tximinia etzan baten oinera iritsiko gara, mugarri bat duena. Tximinia eskalatuta (III-), mugarriak jarraituz, pixkanaka eskuin aldera desbideratuko gara, mendiak austriarren arrakalaren gainean osatzen duen terraza zabalaren ertzera hurbiltzeko.

Terrazaren bestaldera pasa eta eskuin noranzkoan eskalatzen jarraituko dugu, parean dugun pinu berezi bat erreferentzi bezala hartuz. Pinura iritsitakoan, honen eskuinetik pasako gara belar artean erdi-nabaria den bidexka horizontal batetik eta gure azpian beste pinu bat utziz. Zeharkaldi horizontal honen amaieran, belarra zapaltzen oraindik ere, metro batzuk eskuin noranzkoan diagonalean igo (III-), eta zuzen eskalatzen jarraituz, tximini nabarmen baten oinera iritsiko gara.

Tximinia eskalatuta (III, tentea baina helduleku onekoa), eskuin noranzkoan diagonalean erdi-oinez jarraituko dugu, hormak osatzen duen ezproi zabal batera iritsiz. Gure parean zirku bat izango dugu, eskuinean orratz nabarmen bat duena. Orratz honen ezkerreko arrakalara igotzea da hurrengo erronka. Honetarako, zirkuaren erdialdean eta zertxobait eskuinean dagoen mendi-txiki baten itxurakora igoko gara (III-, mugarriak). Ezkerrean dagoen hormari itsatsita, ezker-eskuineko noranzkoan zeharkaldi horizontal bat egingo dugu orratzaren ezkerreko arrakalak osatzen duen hormaren oinean kokatu arte.

Lehen metro inklinatu batzuen ondoren (III-), hormak tximinia baten itxura hartzen du, zirkuaren aurretik eskalatutako tximinia baino tenteagoa, baina helduleku oso onak dituena. Arrkalara iristeko 7-8 metro falta direnean tximinia horma bertikal batek ixten du. Bertara iritsi aurretik tximiniaren eskuin hormara (eskaladako noranzkoan) pasatu eta helduleku txikiko metro batzuen ondoren arrakalara iritsiko gara (III/III+).

Arrakalaren bestaldean 3-4 metroetako zeharkaldi horizontala egin ondoren (III-), parean dagoen erlaitz inklinatura igoko gara. Erlaitzaren lehen metroak dira tenteenak baina bertan dagoen arrailaren laguntzaz zailtasun handirik gabe eskalatuko ditugu (III+). Metro hauen ondoren erlaitza bere amaiera arte etzanez doa zailtasuna ere gutxituz (III).

Erlaitz inklinatua eskalatuta, metro gutxi batzuetan jaitsi eta parean dagoen harkaitz-plaka inklinatua bere eskuinetik eskalatzen jarraituko dugu (III-). Harkaitz-plakaren eskuin ertzetik erdi-oinez jarraituz, plaka gris, erraldoi eta etzan baten oinera iritsiko gara. Erdi oinez, plaka igotzen jarraituko dugu, zerumuga mozten duen hormara hurbilduz. Hormara bere eskuinetik erdi-oinez igota, ezproi zabal batera iritsiko gara: Midiren ipar-mendebaldeko bizkarrean gaude.

Bizkarretik zuzen igoz, adar itxurako bi harkaitz bereziek osatzen duten arrakala estu batera iritsio gara. Arrakala zeharkatu eta 5-6 metro ibili ondoren parez-parez Embarredére erlaitza ikusiko dugu. Bertara iristeko bi destrepe egingo ditugu: lehena 15 metro ingurukoa (III) eta bigarrena 6-7 metro ingurukoa (II+). Bigarrenaren ondoren ezkerrera bota eta hormaren ertzean dagoen mugarridun harkaitz-plaka berezi eta horizontal batera zuzenduko gara. Harkaitz-plaka dagoen ertzaren bestaldera pasatu eta metro batzuk jaitsi ondoren (II), Embarradére erlaitzera arte luzatzen den zeharkaldi belartsu eta horizontalera iritsiko gara.

Embarradére erlaitzaren lehen metroetako igoera ez da zaila (II/II+) sabai bat osatzen duen harkaitz erraldoi batek bidea moztu arte. Metro pare batean sabaira zuzendu ondoren, eskuineko hormara pasako gara (III). Horma eskalatuta (III+) erlaitzetik oinez jarraituko dugu honen amaieran dagoen horma bertikalarekin topo egin arte.

Horma bertikal honetera iritsi baino 10-12 metro beherago erlaitz nabarmen batek eskuin horma diagonalean zeharkatzen du. Erlaitz honetatik 4-5 metro jarraitu ondoren, 3 metro inguru gainetik harkaitz-bloke txiki bat duen erlaitz bat ikusiko dugu. Bertara igo (III+), eta erlaitzetik 3 metro inguru zuzen eskalatzen jarraituz hirugarren erlaitz batera igoko gara (III+). Bertan iltze pare bat topatuko ditugu. Ezkerreko iltzearen gainetik dagoen helduleku txikiko horma tentea zuzen eskalatzen jarraituko dugu (IV) beste iltze batekin topo egin arte. Iltze honen parera iritsi gabe, honen azpitik ezkerrera 1,5-2 metro inguruko zeharkaldi horizontal bat egin eta metro pare bat gehiago zuzen eskalatuz horma inklinatzen hasten den lekura iritsiko gara (IV). Hemendik gora ezker joerarekin eskalatzen jarraituko dugu hormaren ertzera iritsi arte (III, 45 metroko luzea denera). Ertza honetatik jarraitu eta oinez Fourcheko mendi-lepora iritsiko gara.

Fourcheko mendi-lepotik gora oinez jarraituko dugu Midira iristeko giltza duten plaka grisen oinera iristeko. Plaka hauen zeharkaldiak 12-15 metro eta 35-40 graduko inklinazioa du (2 iltze). Zeharkaldiaren amaieran dagoen diedro-tximinia bertikala eskalatu ondoren (15 m, III/III+), erlaitz zabal batera iritsiko gara, bertan dagoen hormaren azpikaldean soka eta zintaz jarritako bilgune bat duena.

Erlaitza ezker eskuin (hegoekialdera) noranzkoan zeharkatu eta kanal zabal baten ezkerretik doan harkaitz-plaka kontu handiz eskalatuko dugu (II). Kanala igota, tarteka agertzen diren mugarriak jarraituz ipar-ekialdeko noranzkoan eta diagonalean jarraituko dugu, I-II zailasuneko eskaladatxoak eta oinezko pasabide motzak tartekatuz. Midiak ipar aurpegian osatzen duen zirkura iritsitakoan, zirkua alderik-alde zeharkatu ondoren, honen bestaldean dagoen erlaitz inklinatu eta berezi bat eskalatu (III) eta zirkuaren bestaldera pasako gara, hormak osatzen duen sakonune batera iritsiz. Sakonunea altuera handirik irabazi gabe zeharkatzen hasi eta zeharkaldiaren erdian gutxi gora behera mendiaren ertzera zuzentzen zen kanal/tximinia ireki bat ikusiko dugu. Kanal hau eskalatu ondoren (III) Midiko gailurrera bertara iritsiko gara.

Bide honen inguruko krokis zehatz, informazio gehiago eta ibilbidea deskargatu ahal izateko hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather