BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Ziordia, Arbara ekialdea: "Begipean" bidea, 170 m, 6a

Aseguru kopuru justua duten eskalada-bide luzeak, ikusgarriak eta estetikoak maite dituzu? Hau izan daiteke bila zabiltzan bide hori.
"Begipean" bidearen bosgarren bilgune ikusgarrian / Smithy

2022-09-26 / Smithy

2019ko urriaren 19an, CVCE elkarteko Rafa Elorza eta Sergio Martinek Ziordian irekitako eskalada-bidea da. Bidearen izena, gandorrak alboetan dituen begi itxurako bi zulogune handiei erreferentzia eginez eman zioten.

"Begipean" eskalada-bide ikusgarria eta oso estetikoa da. 170 metroetan lau parabolt, iltze bat eta lau harkaitz-zubietatik pasatako hiru soka eta zinta-uztai "bakarrik" topatuko ditugun arren, auto-babeserako aukera handiak ditu. Aitzitik, bidean egin den garbiketa lana itzela izan bada ere, harkaitza oraindik puntu konkretu batzuetan kontu handiz eskalatzera behartuko gaitu, baina bidea errepikatzen den heinean garbitzen joango denez, harkaitzaren kalitatea ez da bide hau ez eskalatzeko aitzakia izango. Balorazio orokor bat eginez, ez dut uste mendiko hainbat luzeetako eskalada-bideetan hasi nahi duten edo hasiberriak direnentzat hastapeneko eskalada-bide bat denik.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 170 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: Rafa Elorza eta Sergio Martin, 2019ko urriaren 19an.
- Zailtasuna: 6a. Luzez luze: 1º: IV+ (30 m), 2º luzea: IV (25 m), 3L: 6a (25 m), 4ºL: III (30 m), 5ºL: IV (30 m) eta 6ºL: V+ (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea, arratsaldeetan itzalean eskalatzeko aukera izango dugu.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Laneguna bada, Ziordiako harrobian lanean ari direnez, egokiena Arbara ekialdeko hormaren oinera hurbiltzea da, hormaren oinetik mendebaldetik ekialdera zeharkaldia eginez bidearen oinera iristeko. Jaiegunetan erosoena pista jarraitzea da eskuinera egiten duen bihurgune itxi bat arte. Bihurgunean pista utzi eta hartxingadi bat zeharkatu ondoren bidearen hasierara iritsiko gara. Kotxetik 20-25 minutu izango ditugu lasai joanda.
- Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45-50 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
- Eramandako materiala: Luzera ezberdinetako 12 express-zinta, Totem, Alien eta artaka-trabagailu jokoa, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie batzuk eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu.
- Ohar garrantzitsua: Azken luzean putre batek kabia egiten du urtero. Horman eskalatzea debekatua ez badago ere, gomendagarria da bide hau abuztutik abendura bakarrik eskalatzea.

DESKRIBAPENA

- Lehenengo luzea, 30 metro, IV+. Tximinia/diedro bertikal bat eskalatuko dugu erlaitz batera arte (IV+). Erlaitzetik gora diedroa arrail estu bat bihurtu arte estutzen da. Arraila eskalatuta (IV+), hormaren gainera iritsiko gara. Parean dugun harkaitz-plakara igo (II+) eta bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara.

- Bigarren luzea, 25 m, IV. Parean dugun artea ezkerretik inguratu ondoren, horma bertikal batekin topo egingo dugu (II+). Hormatxoa eskalatuta (IV), monolitoak gainean osatzen duen gandorraren ahotik mantenduko gara (III), monolitoaren bestaldean dagoen urkuilara jaitsi arte. Bertan, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunea topatuko dugu.

Hirugarren luzearen oinera iristeko, bilgunetik 15 metro inguruko rappel bat egingo dugu.

- Hirugarren luzea, 25 metro, 6a. Pixkanaka inklinatuz doan horma eskalatuko dugu 6a pasagunearen atarian dagoen lehen paraboltera iritsi arte (IV+). Eskuinean dugun harkaitz zuriko lekutik eskalatzen jarraituko dugu beheraka orientatuta dauden helduleku txikiak aprobetxatuz (6a) bigarren paraboltera arte. Bertatik zuzen eskalatzen jarraituko dugu, horma makurtu batekin topo egin arte (V). Horma eskuinetik saihestu ondoren berriro ere ezkerrera pasako gara kanaltxo batean sartuz (V). Kanaltxoa eskalatu (IV) eta hormatxo bertikal baten azpian kordel batez lotuak dauden bi parabolteko bilgunera iritsiko gara.

- Laugarren luzea, 30 metro, III. Hormatxo bertikala eskalatu (III, harkaitz-zubi batetik pasatako soka), metro batzuetan zuzen jarraitu, eta zuhaitzen artean galduz, ezkerrerako joerarekin doan gandorretik jarraituko dugu, harkaitz-zubi pare batek markatzen duten bidetik, horma batekin topo egin arte (II/II+), oinean harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat duena. Hormatxo hau eskalatu eta hormak osatzen duen gandorraren ahotik jarraituz bigarren hormatxo batean bi paraboltez osatuta dagoen bilgunera iritsiko gara.

- Bosgarren luzea, 30 m, IV. Bilgunetik ezkerraldera metro gutxi batzuetako zeharkaldi horizontala egin eta parean dugun horma ezker joerarekin eskalatuko dugu (IV), ezkerrean dagoen gandor estura igotzeko. Gandorraren ahotik jarraituko dugu (IV, harri askeak) bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi arte, horma bertikal baten azpian kokatutako erlaitz txiki eta estu batean dagoena.

- Seigarren luzea, 30 metro, V+. Duen itxuragatik, Rafa eta Sergiok gainean dugun horma makurtuari "harea-erloju" izena jarri zioten. Bilgunetik atera eta gainetik dugun harkaitz-plaka inklinatua eskalatu ondoren "harea-erlojuaren" azpian kokatuko gara (V). Hormaren ezkerrean dauden harkaitz zurixketatik eskalatzen jarraituz horma eskalatu (V+, parabolt bat eta harkaitz-zubi batetik pasatako kordel bat) eta ezproiaren ahotik metro batzuetan jarraituko dugu harkaitz-plaka leun bateraino. Plaka hau eskalatu gabe, ezker aldera zeharkaldi horizontal bat egingo dugu horma zuri batera hurbilduz (V). Diedro itxurako horma zuri hau eskalatu (V) ondoren gandorretik jarraituko dugu, horma makurtu eta nabarmen batekin topo egin arte. Hormaren oinetik mantenduz, honen eskuin aurpegitik zeharkaldi bat egin (IV, bi parabolt eta iltze bat) eta iltzearen parera iritsitakoan pixka bat igo eta zeharkaldi horizontal bat egingo dugu eskuin aldera, zinta gorri baten azpian kokatu arte. Azken metro bertikal batzuk eskalatu eta zinta gorria atzean utzi ondoren (IV), azken bilgunera iritsiko gara.

Eskalada-bide honen inguruko argazki, krokis eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather