BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Ziortza-Bolibarko baselizak

Ziortzako monasteriorantz galtzadan zehar
Ziortzako monasteriorantz galtzadan zehar / mikel arrizabalaga

2022-11-03 / Mikel Arrizabalaga

Ziortza-Bolibarko plazatik abiatu eta berehala ikusiko dugu erromesentzat lagungarria gertatzen den gezi horia margotuta. Errepidea gurutzatu eta berehala, Erdi Arotik erabili ohi den galtzada (bidarria) zaharrak maldan gora eramango gaitu Ziortzako monasterioaren sarreraraino. Mendebaldeko atetik sartuko gara, Ziortzako armarria (arranoa buruhezurrarekin) daukan atetik hain zuzen ere. Ingurune paregabe eta ederrean kokatuta dagoen monasterioa Euskadiko Monumentu Nazional izendatuta dago eta garai batean kolegiata izan zen. Monumentu multzoa hainbat eraikinez osaturik dago: XV. mendeko eliza gotiko-errenazentista, XVI. mendeko klaustroa, klausura eta komunitateko kideen bizitokiak (abade eta kolonoen etxeak, jangela…) eta denda. Garai batean, sute batek erre zuen erromesentzako ospitale bat ere izan zen bertan, eta gaur egun haren ordez eraikin berri bat dago.

Kondairaren arabera, 968ko abuztuaren 15ean, Gerrika auzoko Santa Luzia baselizan meza entzuten ari ziren herritarrek arrano bat ikusi omen zuten kanposantutik gertu buruhezur bat hartu eta ondoko mendixka batean utziz. Bertakoek zuten fede sutsua zela eta, gertakizun hori seinaletzat hartu zuten eta ondorioz, hezurra eroritako tokian eraiki omen zuten gaur egun ezagutzen dugun Ziortzako monumentu erlijiosoen multzoa. Historia handia duen lekua da, batik bat Erdi Aroan eta Aro Modernoan lurralde honetako bizitzan izan zuen garrantziagatik. Gerora gainbehera etorri zen, 1980ko hamarkadan, Olibako monasteriotik etorritako monje zistertarrak bertara bizitzera etorri eta berpizkunde moduko bat gertatu zen arte.

Puntu erdiko arkua duen ekialdeko atea (Mujika-Butroi familiaren armarria) zeharkatu eta monasteriori bizkarra emanez, bidegurutze batera helduko gara. PRaren marra zuri eta horiek erakusten diguten norabidean, pinudian murgilduko gara. Gontzugarai baserriaren ondora igoa aurretik, zubitxo batek errekastoa gurutzatzen lagunduko digu. Metro batzuk aurrerago beste bidegurutze batekin egingo dugu topo. Donejakue bidea doan xenda ezkerrera utzita, eskuinetik ateratzen den asfaltozko bide zabala hartuko dugu. Aurrera goazen heinean, Bedartzandi eta Urregaraiko Santa Eufemia baselizaren ikuspegi ederra izango dugu.

Paisaia bukolikoen artean, Santa Luzia baselizaren ondora iritsiko gara. Eskualdeko baselizarik zaharrenetakoa da. 968an baseliza dagoen lekuan, hilobiz betetako tenplu bat zegoela dio kondairak. Bere hormetako batean, mozarabe tradizioko hiru argiko leiho bat du. Barruan, Santa Luzia, San Antonio eta Ama Birjina guztiz Garbiaren irudiak ikus daitezke. Abenduaren 13ko hurrengo igandean, erromeria egin ohi zen, eta gaur egun, berriz, meza abestua.

Baseliza atzean laga eta berehala, Gerrika auzora helduko gara. Bide balizatutik segituz, eta baserriz zipriztindutako paisaiaz gozatuz, eskola zaharra (Escuela de barriada de Vizcaya - Bizkaya’ren auzo-ikastola) izandakoaren ondotik pasa eta Zearregi auzo iritsiko gara. Bide zabal eta erosoak, Andra Mari Madalenaren baselizara eramango gaitu, bide nagusitik metro batzuk gorako. Ermita gotiko honek, hegoalde eta mendebaldeko fatxadetan bi arku-zorrotz ditu eta barruan, berriz, Maria Madalenari eskainitako aldare nagusia.

Bide nagusira jaitsi eta gertu ikusiko dugun Zeinka auzora iritsiko gara. Bide-seinaleei kasu eginez, Ziortza-Bolibar aldera jaisten hasiko gara, hasieran eukalipto baso batean zehar eta gero, tarte batzuetan nahikoa zikin dagoen bidetik. Baserri zahar baten aurrien ondotik pasa eta, metro batzuk beherago dagoen bidegurutzean eskuinera hartu eta xenda hestu batek herriko Simon Bolibar plazaraino eramango gaitu. X-XI. mendeetan jatorria izan arren, XVII-XVIII. mendeetan berreraiki zuten Santo Tomas eliza izango dugu aurrez aurre. 1959an, elizaren arkupean aurretik zegoen beste bat (Santa Ana izenez deiturikoa) ordezkatu zuen Venezuelako Coromotoko ama birjinari eskainitako kapera dugu, Simon Bolibar askatzaileri eskainitakoa. Bera herrikoa ez bazen ere, bere familiak bertan zuen jatorria.

1927an, Venezuelako gobernuak bere omenez, arbasoen jaioterrian monolito bat eraiki zuen, eta horretan idatzita dagoen testu hau irakur daiteke: "Antziñako sendi euzkotaŕ onek Bolibaŕ'taŕ Simon argiratuaz bere bizimen indaŕa erakutsi eban ". Ibilaldia osatzeko, 1983ko uztailaren 24an, Simon Bolibar beraren jaiotzaren bigarren urteurrenean inauguratu zen museoa bisita dezakegu.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather