BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

Panticosako bainuetxea: "Vía del Ibón" bidea, 280 metro, V+/6a

Bide honek paraboltak izan arren horma basati bat eskalatzen ari garen sentsazioa transmititzen du, beharbada oraindik oso errepikatua ez dagoelako, beharbada parabolten arteko tartea oso motza ez delako. Ezagutu nahi duzue?
/ Smithy

2022-11-18 / Smithy

Tena bailara mila aukera dituen bailara da, aukeratzen dugun eskalada mota eta urte-sasoia aukeratzen dugula ere: kirol-eskalada, hainbat luzeetako eskalada-bide ekipatuak eta erdi-ekipatuak, horma handietako eskalada klasikoa, izotz-eskalada, eskalada mistoa nahiz korredoreetako eskalada.

Panticosako bainuetxearen inguruan ireki diren hainbat luzeetako bide ekipatuen artean artikulu honetakoa da berrienetakoa, Sendero Limite talde nekaezinak 2018ko uztailan ireki eta bi urte beranduago beraien blogean ezagutzera eman zuena.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 280 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Luis Royo, Julio Benedé eta Martín el Txeko, 2018ko uztailaren 5an.
- Zailtasuna: V+/6a. Luzez luze: 1º: V (35m), 2º luzea: V/V+ (40 m), 3L: IV (40 m), 4ºL: V/V+ (40 m), 5ºL: V+/6a (45 m), 6ºL: IV+/V (40 m) eta 7ºL: IV (40 m).
- Orientazioa: Ekialdea, arratsaldeetan itzalean eskalatzeko aukera izango dugu.
- Ura: Panticosan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Argualaseko ur-jauzira hurbilduko gara. Ur-jauziaren eskuinetik (parez-pare begiratzen badiogu) bidexka bat igo eta ur-jausiaren gainean zubi moduan dauden metalezko 2 oholetatik erreka zeharkatuko dugu. Hemendik aurrera mugarriez adierazitako bidea jarraitzea besterik ez da. Bideak sabai handi bat duen horma beltz batera eramaten gaitu. Bidearen hasieran sabai erraldoi honen eskuinean kokatzen da, pinu baten ondoan. Bidearen lehen paraboltetik, ohikoa den moduan, bidearen izena idatzita duen zinta bat topatuko dugu. Osora ordu erdi inguru beharko dugu hurbilketarako.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik gora diedrotxo motz eta etzan bat igo ondoren pinudi batean sartuko gara. Pinudian mugarriz adierazitako bidexka bat jarraitzen hasiko gara arrasto urdin eta zuriak dituen bide nabarmen batekin topo egingo dugun arte. Bide hau Ordicusoko aintzirara doan bidea da. Bideari jarraituz, Majada Baja de Argualas-era iritsi aurretik, bidegurutze batean eskuinera hartuko dugu erreka nabarmen batera zuzenduz. Erreka honetan harrizko zubi nabarmen batzuk ikusiko ditugu. Errekaren eskuin ertzetik jaisten jarraituz, bigarren zubitik erreka zeharkatu eta Garmo Negrora doan bide nabarmenarekin topo egingo dugu. Behin bide honetan, inongo galerarik gabe Bainuetxera iritsiko gara. Guztira, bidearen amaieratik bainuetxera itzultzeko 45 minutu pasa genituen lasai ibiliz.
- Eramandako materiala: Bidea ekipatuak dagoenez, luzera ezberdinetako 14 express-zinta eta bilguneak muntatzeko zinta-uztaiekin nahikoa izango dugu. Walkie-talkie batzuk eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi inguru.

DESKRIBAPENA

- 1º luzea, 35 metro, V. Bidea zintadun parabolta jarrita dagoen 2-3 metroetako hormatxoa eskalatuz hasiko dugu (III), ezkerretik erdi-oinez saihestu daitekeena. Lur eta belarrez tartekatutako plaka etzan bat eskalatzen jarraituko dugu (II+), diedro nabarmen eta bertikal batekin topo egin arte. Diedroa eskalatzen hasi (IV+) eta, honen goialdean dauden harkaitz-bloke handi batzuetara iritsitakoan ezker aldera aterako gara (V), ezkerrera doan zeharkaldi batekin hasiz. Zeharkaldiaren amaieran (IV+) bilgunea topatuko dugu.

- 2º luzea, 40 m, V/V+. Bilgunearen ezkerretik atera eta, erlaitz inklinatu bat zeharkatuz, horma makurtu baten oinera iritsiko gara (III/III+). Horma ezker ertzetik gertu eskalatzen hasi eta berehala eskuin aldera pasako gara, heldulekurik onenak bertan daudelako. Horma eskalatuta (V/V+), bilgunera arteko azken 5-6 metroak erdi-oinez beteko ditugu, lurrez estalitako zeharkaldi bat eginez.

- 3º luzea, 40 metro, IV. Harkaitz-plaka ezberdinak konbinatuz, bilgunearen ezkerretik diagonalean eskalatzen jarraituko dugu, zertxobait eskuinera dagoen ezproi nabarmenaren oinera iritsiz (III/III+). Honen eskuineko hormatxo bertikala (3-4 metro) eskalatu (IV) eta ezproiaren ahotik eskalatzen jarraituko dugu (IV), azken metro etzan batzuen ondoren (III+) pinu txiki baten ondoan dagoen bilgunera iritsi arte.

- 4º luzea, 40 metro, V/V+. Luzea horma ilun bat ezkerretik eskuinera horizontalki zeharkatuz hasten da (IV+), horma bertikal batekin topo egin arte (IV+), azpitik dirudiena baino helduleku hobeak dituena. Hormak goialdean osatzen duen pitzadura/diedro moduko bat eskalatu ondoren (V/V+), harkaitz-plaka etzan bat alderik alde zeharkatuko dugu (III) bigarren horma bertikal batekin topo eginez ("Placa Negra"), liken beltzez estalita dagoena. Horma honek erdialdean duen pasagune fina eskalatuta (V/V+), eskuin aldean ikusten den erlaitz zabal eta inklinatu batera zuzenduko gara (III). Erlaitzaren gainetik metroak irabaziz (II), horma bertikal baten azpian muntatuta dagoen bilgunera iritsiko gara.

- 5º luzea, 45 m, V+/6a. Hormatxo bertikala zuzen eskalatzen hasi eta, lehenengo paraboltera iritsitakoan, ezkerrera horizontalean mugituko gara (V). Hormatxo bertikala eskalatuta ezker joerarekin eskalatzen jarraituko dugu, bigarren hormatxo batekin topo egin arte (IV+). Bigarren hormatxoa eskalatuta (IV+), helduleku onak dituen horma bertikal bat eskalatuz jarraituko dugu, bigarren horma bertikal baten ("Placa del Pino") oinean dagoen erlaitz estu eta inklinatu batera iritsi arte (V-). Erlaitzetik gorako lehen metroak eskalatu ondoren (V), hormaren ezkerreko ertzara hurbilduko gara V+/6a pasagune fin bat eginez. Hormaren ezkerretik mantenduz, pixkanaka etzanez doan horma eskalatzen jarraituko dugu, harkaitz-bloke nabarmen eta borobildu batean ("La Bola") dagoen bilgunera iritsi arte. Bilgune hau atzean utzi eta 3-4 metro gorago dagoen hormatxo bertikal batean dagoen bigarren bilgune batean bilgunea muntatuko dugu, gainean pinu bat duena.

- 6º luzea, 40 metro, IV+/V. Bilgunea kokatutako 3-4 metroko hormatxo bertikala eskalatu ondoren (IV+/V) horma asko etzaten da (III), tximini antzeko bat duen horma bertikal batekin topo egin arte. Tximinia eskalatu (V-) eta ezker joerarekin eskalatzen jarraituko dugu, arrail nabarmen eta diagonal bat duen harkaitz-plaka inklinatu batera iritsiz. Harkaitz-plaka eskalatu ondoren erlaitz inklinatu batean muntatutako bilgunera iritsiko gara (IV).

- 7º luzea, 40 metro, IV. Bilgunetik ezker joerarekin eskalatzen jarraituz, 3-4 metro inguruko hormatxo tente baten azpian dagoen paraboltera zuzenduko gara (III). Hormatxoa eskalatu ondoren (IV), luzearen zailtasuna erabat jaitsi eta belar artean dauden harkaitz-bloke eta harkaitz-plakak bata bestearen atzetik lotuz eskalatzen jarraituko dugu (II/II+). Bilgunera iritsi aurretik hormatxo motz eta tente bat dago, eskalada-bidearen azken zailtasuna (III).

Bide honen inguruko krokis, argazki eta informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather