BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Mahasti artean

Las Hoyaseko mahasti artean
Las Hoyaseko mahasti artean / mikel arrizabalaga

2022-11-19 / Mikel Arrizabalaga

Ardoaren ekoizpena bere ekonomiaren oinarria duen Lapuebla de Labarcako herriaren udaletxearen aurretik abiatuko gara. Antzina Ebro ibaia zeharkatzeko txalupa erabiltzen zuten eta hortik dator herriaren izena. Gerora, zubia eraiki eta txaluparen erabilera desagertu egin zen. Herriaren lehen aipamen idatzia 1369koa da eta jatorriz Guardiako udalerriaren barne zegoen, 1631n hiribildu titulua eman zioten arte. Erdigune historiakoren bisita ibilaldiaren amaierarako utzi eta Pobeda parke aldera zuzentzen den bidetik aurrera egingo dugu.

Ekialderantz zuzentzen den errepidetik aurrera egin eta azken etxeak atzean utzi ondoren, mahastien artean jaisten den asfaltozko bidetik Ebro ibaiaren ertzera gerturatuko gara. Bide bazterrean seinale desberdinak ikusiko ditugu, Ebroko Bide Naturala (GR-99) eta GR Arabako Errioxa Bidearenak hain zuzen ere. Mahasti ederren artean igaro ondoren, mahai, erretegi eta jolas-parke batez osatutako Pobedako atsedenlekura iritsiko gara. Aisialdirako gune honetan, abuztuko jaietako azken egunean ospatzen duten erromerian, herritarrek bertaratutako guztien artean banatzen den zartaginkada ederra prestatzen dute.

Ebro ibaiaren ondotik Eltziego aldera zabaltzen den pista erosoak, lurraren azalera ia osorik betetzen duten mahastien artean murgilduko gaitu. Mahatsa biltzeko erabiltzen dituzten lur eta hareazko pisten artean ibiliz, mahatsondoen hostoen koloreen itzalean mahats-mordo zuri zein beltzek lekua bilatzen dute eguzkiaren izpiek goza dezaten. Kolore ederrez janzten dira udaberri eta udan, udazkenean, aldiz, biluzten hasi eta neguaren hotzaren aire zabalean lozorroan geratzen dira.

Ebro ibaiaren ondotik aldenduz, eskuinetik igotzen den bigarren aldapari eutsiko diogu segidan eta, goiko aldera heldu aurretik, asfaltozko errepide txikia utziko dugu. Hasieran ikusgaitz den xenda batek erromero eta ezkai artean zabaltzen da eta oso denbora gutxi beharko dugu Las Hoyas izeneko goi-ordokira igotzeko. Mahastiak inguratzen dituen lurretik aurrera eginez, berehala iritsiko gara Balbinoren behatokira. Eltziego aldera ikuspegi zabala eta ikusgarria duen balkoi honetatik, mahastien artean Ebro ibaiak marrazten dituen meandroak ikusi ahal izango ditugu.

Ikuspegiaz gozatu ostean, lurrezko bideak Eltziego eta Lapuebla de Labarca herriak lotzen dituen errepidera eramango gaitu. Maldan behera segituz herriko kanposantuaren ondotik igaro eta antzina herriko bodegak izan zirenen artean murgilduko gara. Maldak herrigune historikora eramango gaitu Kale Nagusian zehar eta bertan, XVI. mendekoa den Jasokundeko Gure Amaren elizaren inguruan, Errenazimenduko etxebizitzen adibideak (batzuk ondoren egindako erreformek desitxuratuak) ikus daitezke. Erret eta Eguerdi kaleetan, dauden barroko estiloko etxeen artean, XVIII. mendeko armarridun jauretxea nabarmentzen da. Ibilaldiari amaiera emateko, herri honetan Arabako ardo bat hartzea besterik ez zaigu geratuko.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather