BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Menditxiki: Leitzako muinoak

Eguzkizko muinoa
Eguzkizko muinoa / mikel arrizabalaga

2022-11-24 / Mikel Arrizabalaga

Ezkurrako mendatean dagoen Basakabi jatetxearen ondoan kotxea utzi eta Leitzako muinoak ezagutzera abiatu gara. Pista zabala hartu eta berehala eskuin aldera jo dugu Loiategiko kaskura igotzeko. Lehen muino hau pasa eta gertu dagoen lepora jaitsi gara eta aurrez ikusi dugun xendatik baso aldera igotzen hasi gara. Pagadia zeharkatu eta apenas ikusten den xendatik aldapa piko eta gogorrari ekin diogu aska baten ondora ailegatu arte. Aurpegia eta lepoa freskatu, gertu dagoen lurrezko pista zeharkatu eta belarrezko alfonbratik igotzen jarraitu dugu. Petriketaren magalean eskuin aldera zabaltzen den bidetik gertu dugun Eguzkizko muinorantz zuzendu ditugu gure urratsak. Erraz heldu gara tontorrera eta bertan bi buzoi eta ikuspegi paregabea; Kornieta, Ireber, Aralar, Aizkorri, Berian eta abar luze bat.
Talaia bikaina atzean utzi eta lepora itzuli gara gertu dagoen Petriketako tontorrean dagoen buzoiaren ondora iristeko. Aurrekoan bezala, panoramika zoragarria. Lurrezko pistak pagadian murgildu gaitu eta bertatik ateratzean gertu dagoen Baztarlako gainean dagoen buzoia ezagutu dugu. Leitza aldera ikuspegi ederra. Itzulera, antenara igotzeko erabiltzen den pista zabaletik egin dugu.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather