BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Menditxiki: Irulegiko herrixka eta gaztelua

Irulegiko gaztelua
Irulegiko gaztelua / mikel arrizabalaga

2022-12-04 / Mikel Arrizabalaga

Ilundain herritik abiatu eta berehala iritsiko gara baso biziduna hasten den pistaren sarrerara. Sorgin bat tailatuta duen enbor baten ondoan dagoen langa gainditu eta aurrera egingo dugu. Tarte txiki bat bete eta gero, bide zabala utzi eta pinu artean marrazten den xendan egurrezko hamaika irudien ondotik igaroko gara (barraskiloa, igela, hartza, hontza, onddoa, txinatarra, sagua…). Irudi guztiak Ilundain Fundazioko langile eta gazteek eginak dira. Pistara ateratzean, ingurune hesitua duen tximeleten erreginaren mikro-erreserbara gerturatuko gara. Isabel-tximeleta (Graellsia isabellae), gaueko tximeleta handi bat da, batez ere berde kolorekoa. Ilundaingo mikro-erreserba hau espezie honetako munduko lehena da.

Langa gainditu eta berriro pista zabala hartuko dugu leporaino igotzeko. Puntu honetan, bide zabala utzi eta GR-220aren seinale zurigorriek (Iruñerriako arroaren itzulia) erakusten diguten norabidean, pinudian murgildu eta bertatik zabaltzen den xendan barrena abiatuko gara. Lehen malda igo orduko, malda handia eta pikoa gainditzeko 150 maila dituen eskailera batekin egingo dugu topo. Goiko aldera iristean, ikuspegia zabaldu egingo zaigu, ezpel eta pinu txiki batzuk izan ezik, ez dugu trabarik izango. Gure mendean, Itzagaondoako ibarreko zereal lurrek osatzen duten puzzle koloretsua, sasoi bakoitzaren arabera kolore desberdinez jantziz.

Bidezidorrak pinudi txiki bateraino eramango gaitu eta hau zeharkatzean, aurrez aurre ikusiko dugun ordoki berdearen goiko aldean Irulegiko gazteluaren aurriak agertuko zaizkigu. Tontorrerantz abiatu aurretik, magalean kokatuta dagoen Burdin Aroko herrixkaren aztarnategira gerturatuko gara. Aranzadi Zientzia Elkarteak, 2007 eta 2017 artean gaztelua ikertu eta gero, 2018an honen magalean dagoen herrixka aztertzen hasi zen. Indusketa horien ondorioz, Kristo aurreko I. mendekoa den esku itxura duen brontzezko xafla bat aurkitu zuten. "Irulegiko eskua" izenez ezagutzen den pieza berezi honetan lau lerroko idatziak agertzen dira, eta horietako lehenengoa, "sorioneku" modura transkribatu dute, karaktere paleohispaniarretan eta hizkuntza baskoian idatzia. Adituen arabera, ohiz kanpoko aurkikuntza honek antzinako baskoiek alfabetaturik zeudela erakusten du, eta ez zirela idazten hasi alfabeto latinoan. Baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena dugu hau. Zinez, antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsua.

Herrixka atzean utzi eta gaztelu aldera igotzeko azken maldari aurre egingo diogu. Iruñerrian ondoen mantentzen den Nafarroako Erresumako Erdi Aroko gaztelua da. Eta hori, Aranguren ibarreko herritar, Larrazkoa elkartea, Nafarroako gobernua eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, egindako ikerketa arkeologiko eta berreraikitze lanetan parte hartu izanari zor zaio. Iruñeko erresumaren hastapenetan eraiki zela uste da, garai hartako baskoien defentsa-sistema gotorlekuetan oinarritzen baitzen. Agaramontarren eta beaumontarren arteko gerra zibilean, Leringo kondea izan zen gazteluaren jabea, eta XIV. mendearen bukaeran, Juan Mearin beaumontarra zen hango alkaidea. 1494an, Joanes III.a eta Katalina I.a Nafarroako errege-erreginek gaztelua berreskuratu zuten, baina urte berean gaztelua eraistea erabaki zuten. Gaur egun ikusten diren egiturak XIII eta XV. mendeetako eraikuntza faseei dagozkienak dira. Gazteluan dago tontorra adierazten duen buzoi edo gutunontzia eta harresietara igotze besterik ez dugu panoramika zabal eta ederraz gozatzeko.

Aranzadi Zientzia Elkarteak dionaren arabera, "Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia da, eta arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Iruñeko arroko bilakaera historikoa ezagutzeko". Datozen urteetan egingo diren balizko aurkikuntzek berriro Irulegi bisitatzera ekarriko gaituela desiratuz, etorritako bidetik atzera egingo dugu pistaraino. Bertara heldu baino metro batzuk lehenago, eskuinetik ateratzen den xenda hartuko dugu ibilaldi honen hasieran ezagutu dugun baso bizidunaren bigarren zatia ezagutzeko. Basoa zeharkatzen duen bide honek beste makina bat irudi erakutsiko dizkigu, egurrean edota enborretan tailatutako txakurra, behia, zaldia, kokodriloa, eskua, liburua, hontza, onddoak eta abar. Bide magiko honen azken partean, maitagarrien haritz-enborraren ondora iritsiko gara eta metro batzuk aurrerago eginez, maldan behera zuzentzen den bidezidorretik abiapuntura itzuliko gara.

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather