BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Elurra etxe ondoan eta bagoaz gu Eskandinaviara

Elurra etxe ondoan, eta bagoaz gu Eskandinaviara

Aspaldiko elurte handiena dugu, eta martxoaren 1etik 9ra Nairobitarrarekin Suediara goaz iraupen-eskiko ibilaldi bat egitera.
Aralar elurtuta.
Aralar elurtuta. / Nagore

"Hemen hainbeste elur eta zertara zoazte Suediara?" Makina bat bider entzun behar izan dugun esaldia da dagoeneko. Erantzun azkar bat ematearren Maloriren esaldi famatua errepikatu dezaket, baina ez naiz horretan eroriko, badira eta nahikoa arrazoi Nairobitarrarekin hara joateko.

  • Lehenengoa, Vasaloppet lasterketa ikustea. Parte hartzeko ez naiz gai sentitzen oraindik baina benetan ikusgarria da martxoaren 3an egingo den lasterketa. Sälen eta Möra artean 90km iraupen eskiko estilo klasikoan egiten dituzte eta era honetako munduko probarik zaharrena eta jendetsuena da. 1922az geroztik egiten da eta 16.000 parte-hartzaile inguru izaten ditu urtero. Festa giro polita izaten da Möra herrian lasterketaren aurretik eta egunean bertan.
  • Bigarrena, lehenengoarekin lotuta, ibilbidea bera da. Lasterketak jarraitzen duen bidea egingo dugu eta ongi sinalizatuta eta zapalduta egongo da gu abiatzerako.
  • Hirugarrena, egurrezko txaboletan lo egitearen xarma da. Gure zeharkaldian 90 kilometroak hiru egunetan banatuko ditu eta hiru gauak bidean dauden aterpetxeetan pasako ditugu. Litera erosoak, sua gelaren erdian, sutarako nahikoa egur kanpoan, ura egiteko elurra soberan, leihoetatik egunsentia ikusi...
  • Laugarrena, elurraren kalitatea. Inguru haietan 0 eta -10 C inguru egingo ditu urte sasoi honetan. Bidea ongi prestatuta egoteaz gain, tenperatura horietan eskiatzeko dagoen elurrik onena topatuko dugu.
  • Bosgarrena, paisaia. Guk hemen eskiatzea mendiarekin lotzen dugu. Suedia erdialdean, ordea, mendi gutxi eta elurtutako lautada zabalak topatuko ditugu, baso eta lakuz apainduak. Altzeak, ontzak, katagorriak eta agian hartzen bat ikusteko aukera izango dugu gainera.
  • Seigarrena, bidaian elkartuko garen taldea eta guztion arteko elkarbizitza izan daiteke. Hamar pertsona goaz denera. Batzuek lehendik ezagutzen dugu elkar, beste batzuk ez ditugu inoiz ikusi... baina denok partekatzen dugu zaletasun bat. Hamar egunez hamar lagun hauek ezagutzeko gogoz noa.
  • Zazpigarrena, bertako janaria. Suedian txokolateari azukre gehiegi jartzen diote, baina beste inork baino hobeto dakite Izozkia, Kannelbullar eta Lingonberry mermelada nola egin.
  • Eta azkena, ba bai, han dagoelako eta aukera dugulako eta ezagutzeak betetzen gaituelako, ze demontre!

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather