BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Izotz-eskalada

Fuenfria, izotz-eskalatzaileen paradisua Pirinioetan

Otsailaren 27an izotz-eskaladako bide politenetakoa egin dugu Pirinioetan, Plan bailaran: Graciela bidea, Fuenfria ur-jauzian. 140m, 6B+ zailtasuna.
/ Jonatan Larrañaga

Cotiella mendigune zabalean iturburu bakarretakoa da Fuenfria ur-jauzia. 2100 metroan sortzen da, mendiaren ipar-mendebaldean. Baticiellas trokartean dago, Labasar tontorraren oinetan. Leku eta inguru paregabean egonik, Fuenfria izotz eta haitz-eskalada uztartzeko horma aproposenetakoa da Pirinioetan. Azken egunetako hotza gogoan, horma bakarti eta basati bikain honetara gerturatzea bururatu zaigu. Javi Bueno, Manu Cordova eta ni neu joan gara. 2 orduren buruan iritsi gara ur-jauziaren oinera. Izotza ez dago bete-betean. Hirurok ezagutzen dugu leku hau eta badakigu arriskutsua dela. Zutabe handiak ditu hormak eta azken 20 egunetan eguzkiak berotu dituela kontuan hartuta, badakigu kontuz joan behar dugula. Ur-jauziak haitz zati bat ere badu, eta horrek biribildu egiten du horma. Hiru luze dira, eskuak eta pioleta uztartzeko ezin aproposagoak. Bigarren luzeak M6 mistoko irteera bat du. Hainbat friend erabili behar dira bertan. Javi izan zen bide hau zabaldu zuenetako bat, eta hark esan duenez, izotzeko hurrengo luzeak, WI6 ingurukoak, lehenengo igoeran baino errazago zeuden (WI6+/7). Hala ere, egitura ahul aurkitu dugu, zulo asko eta ur askorekin barnean. Otsailaren 27an egin dugu bidea. Zailtasunak zailtasun, leku paregabea izotz-eskalada maite dugunontzat.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather