BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskia

Iparraldeko eguzkiaren itzal luzeen artean

Suediatik itzuli berri, lurralde hark berriro ere maitemindu nau. Bada zerbait, elurtutako hedadura zabaletan, laku zuri, zeru urdin eta baso beltzen kontrastean edo eguzkiaren argi hotz hartan, alaitasun lasai batean murgiltzera naramana.
/ Nagore

Martxoaren 1etik 9ra izan zen gure Suediako bidaia. Vasaloppet, iraupen eskiko lasterketa ezagunaren inguruan zen. Stockholmera hegazkinez gerturatu, han bederatzi lagunentzat furgoneta alokatu eta Suedia erdialdean dagoen Morara joan ginen. Hauxe zen gure plana: martxoaren 3an lasterketa ikusi, 4, 5 eta 6an ibilbide bera egin eskiz, 7 eta 8 inguruak ezagutzeko eta 9an buelta aireportura.

16.000 partaide biltzen dituen lasterketa honetara Suediar eta Norvegiarrak gerturatzen dira gehienbat. Lasterketak berak Suediar nazioaren sorreran ezinbestekoa izan zen gertaera historiko bat omentzen du, eta bertakoentzat ia nahi eta nahi ez egin beharreko zerbait da. Aipagarria da, eta guretzat txundigarria, hainbeste jende elkartzen duen ekitaldia izanagatik, batere iskanbilarik gabe igarotzen dela asteburua. Suediarrak oso lasaiak direla ikusi dugu; zuzenak, kuadrikulatu samarrak baina lasaiak eta atseginak. Plazer bat da halako patsadaz lasterketa garrantzitsu hau ikusi ahal izatea.

Hurrengo hiru egunetan hasi zen gure zeharkaldia. Eguraldi hotzarekin joan ginen Säleneko irteerara eta 5 gradu inguruan ibili ginen. Gauez zero azpitik 10era jaisten zen termometroa eta eguerdian 0 ingurura inguratzen. Baina haizerik eta prezipitaziorik gabe, gustura eskiatzeko eguraldia izan zen hiru egunetan.

Lotarako genituen txabolak ere primeran aurkitu genituen. Bigarrenean sutarako egurrarekin arazoren bat izan genuen arren, gure taldeko zenbaiten esperientziari esker konponbidea topatu genion eta txabola berotzea lortu genuen. Hauxi ikasi nuen: bota berria den zuhaitzak ez du su onik egiten, hezeegi baitago ongi erretzeko eta belzten den arren, ez du berorik ematen. Horrelakoetan hobe da basoan erorita dauden adar zaharrak jasotzea eta haiekin sua egitea. Elur azpian egonda ere, barrua egur berriak baino iharragoa izaten baitu. Eskerrak eman behar dizkiogu Patxiri, arazoaz jabetu eta konponbidea proposatzeagatik. Baita Jexux eta Joxeani ere, egurrak biltzen eta mozten egin zuten lanagatik.

Gure hiru eguneko zeharkalditxoa ongi amaitu zen. Irten ginen guztiok amaitu genuen eta inork minik hartu gabe gainera. Azken egunean gainera, eguzkiaren epeltasunak eta Mora inguruko eski-bideetan makina pasa berria topatzeak gehituriko poza izan genuen.

Ospatzeko, batzuk igerilekura eta saunara joan ondoren, afari oparoa egin genuen, postrerako pastel eta izozkia ere bai. Kanpinean lo egin eta hurrengo egunean Falun ezagutzera joan ginen. Munduko txapelketa asko egin izan dira bertan eta eski eremu garrantzitsua da, eskizale guztientzat. Bertako minak ere oso garrantzitsuak izan ziren. Bertatik atera zen munduko kobrearen 3tik 1, XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan. Kulturan murgiltzeko, horiek ere bisitatu genituen. Kartzela izandako eta aterpetxe bihurtutako eraikin bitxi batean egin genuen lo. Logelek zelda itxura dute oraindik.

Azken egunean, Stockholm bera ikusteko tartea hartu genuen. Han ere eguraldia lagun izan genuen eta Suediako hiriburua osatzen duten uharte, laku, zubi eta eraikuntzak zoragarri ageri zitzaizkigun, iparraldeko eguzkiaren urre koloreko argi eta itzal luzeen artean.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather