BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendiko eskia

GMF mendiko eski irteera

Martxoaren 23 eta 24an Gipuzkoako Mendi Federazioak urtero antolatzen duen mendi-eski irteeran izan ginen. Panticosatik irten eta bertara itzuli, gaua Bachimañako aterpe berrian igarota.
GMF 2013 mendiko eski irteera. Panticosa - Bachimaña - Pico Batanes - Panticosa
GMF 2013 mendiko eski irteera. Panticosa - Bachimaña - Pico Batanes - Panticosa / Nagore Salaberria

Hogeita bost lagun inguru bildu ziren aurtengo zeharkaldian. Gutako zenbait urtetik urtera errepikatzen dugun aurpegi ezagunak, baina gehienak mendiko eskia serioago hartu nahi duen jende berria. Irteera GMFko gidariek antolatzen dute eta beraiek bakarrik dakizkiten bideetatik eramaten gaituzte gehienetan. Esperientzia duten eskiatzaileek bide berriak ezagutzeko aukera dute irteera hauetan; eskiatzaile berriei, berriz, taldearen babesean eta gidari aparten laguntzarekin konfiantza hartzen joateko balio die.

Larunbatean goizeko bederatzietan elkartu zen taldea Panticosako bainuetxean. Casa de Piedra aterpetxearen ondotik ezkerrera hartuta, Garmo Negro mendiaren azpitik, bailaran gora abiatu ziren. Segituan eskiak jantzi eta bailaran gora. "Pepino" gidariak bakarrik ezagutzen zuen pasabide batetik zeharkatu eta Bachimañako aterpe berrirantz jeitsi ziren. Eguerdiko ordu bietarako bertan ziren denak.

Ni berandu iritsi nintzen eta bakarrik egin behar izan nuen Bachimañarako bidea. GR-11k jarraitzen duen bide arrunta hartu nuen eta ordu bietan egin nuen topo lagunekin, bidean behera etorri zirenak. Ordu bi eta erdietarako aterpetxean ginen guztiok.

Ordurako eguraldi txarra sartua zen eta ezin izan genuen ezer egin arratsalde osoan. Aterpearen berritasuna miresten igaro genuen denbora. Mendiko etxe berri gehienei gertatzen zaien moduan honi ere goxotasuna falta zitzaiola ados geunden denok. Panticosatik gertuegi ote zegoen aipatzen zuten zenbaitek. Baina uste dut, inor ez zela kexatu logelan bertan komuna eta dutxa, ur beroarekin, izateaz. Telefonoak seinalearekin, wifia ere bai nahi zuenarentzat eskura. Ordu eta erdi eskiatu ondoren (besteek hiru ordu eta erdi edo) halako lekuan arratsalde pasan, alfer sentsazioa geneukan zenbaitek, baina hurrengo eguna ona izango zen esperantzari eusten genion.

Igandea oskarbi esnatu zen. Lehen orduetan haize finak ongi jantziarazi gintuen baina eguzkia goruntz joan zen heinean tenperatura atsegina hartu zuen giroak. Ibon de Bramatuero aldera joan ginen, handik bizkar bati eutsiaz Ibon de Xuansera eta handik Pico Batanesera. 2800m inguru ditu mendi erraz honek. Aurtengo elurtearekin eta larunbat arratsaldean egin zuen elurrari esker, eremu osoa eskiatzeko moduan zegoen. Egun osoa batera eta bestera ibiltzeko gogoa sortzen zitzaigun.

Eguna amaitzeko, 2.800 metrotik 1.600 metrora etengabeko elur hautsezko jaitsiera birjina izan genuen. Haurrak jolas parkean moduan genbiltzan denok, eta gazteenek harrituta uzten gintuzten beraien saltoekin. Eguerdirako iritsi ginen Panticosako bainuetxera. Han ohitura den moduan, zozketa egin, argazkiak partekatzeko helbideak elkarri eman eta beste bat arte agurtu genuen elkar. Zenbat elur dagoen kontuan hartuta, laster izango delakoan.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather