BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

kaukasoak

Elbrus ipar aurpegitik

Elbrus Europa osoko mendirik garaiena da. Errusian dago, Kaukaso mendilerroan, Georgiaren mugatik oso gertu eta munduko zazpi tontorren erronka osatzen du.
Elbrusen ipar aurpegia, Lenz Rocks pasa eta lepora bidean.
Elbrusen ipar aurpegia, Lenz Rocks pasa eta lepora bidean. / Unai Estala

Munduko bigarren gerrateak sumendiaren kontrola hartzeko borroka piztu zuen. Hitlerrek garaikurra jarri nahi izan zuen tontorrean, inguruaren eta petrolioaren kontrola sinbolizatzeko. Baina CCCPren soldaduak hobeto egokitu ziren hotzera eta Alemania Naziak tontorra menderatu arren, haien tropek atzera bidea hartu behar izan zuten Priut gudaren ostean, eta mendia sobietarren menpe utzi.

Bide ohikoena hegoaldetik hasten da, Terksol herrian hain zuzen ere. Bertan, teleaulki bat dago 3700 metrora igotzeko. Guk, ordea, ipar aurpegia hautatu dugu. Militarren prestakuntzagune batean ezarri dugu oinarrizko kanpalekua, 2700 metrora.

Hemendik puntara 4 egun beharko ditugu. Lehen egokitzapen eguna 3700 metrora igo eta dendak glaziarraren oinetan jartzeko erabiliko dugu; ondoren, hasiera puntura itzuliko gara. Bigarrenean, aldiz, falta zaigun materiala lehen kanpalekura igoko dugu. Hirugarren egunean Lenz Rock gainditu eta 4800 metrora iritsiko gara; jarraian, 3700 metroan pasako dugu berriz gaua. Pultsazioak ondo neurtu, norberaren buruko-mina eta nekea kontuan hartu eta, azken egunean, lehen kanpalekutik, 1900 metroko malda gaindituz, tontorra zapaltzea lortuko dugu.

Ez du apenas zailtasunik. Baldintza bakarra ongi prestatuta egotea da. Bigarren kanpalekua 4800 metroan jartzea erabakitzen dute batzuek. Hala ere, mendiaren orografia aztertuz, ez da oso zentzuzkoa, ez dagoelako dendak jartzeko inongo babesik eta haizeak gauez bortizki astintzen duelako.

Tontorretik ikuspegia zoragarria da. Kaukaso eta Europa osoaren teilatuan nago. Jada itzalita dagoen sumendi hau irmo altxatzen da inguruko mendi guztien artetik. Inguruan ez dago halako mendi garairik eta Elbrusek harro begiratzen die anaia txiki guztiei.

Bidaia honetan Anatoly Moshnikov handia ezagutzeko aukera izan dut. Tipo isila, baina hitz egiten duen bakoitzean, denak isilarazten dituen horietakoa. Everest mendira bi aldiz igo da oxigenorik gabe; Dhaulagiri mendia ere berdin igo zuen; Picu Urrielluko Sueños de invierno delakoan neguko lehen errepikapena lortu zuen; halako beste hamaika espedizio eginiko alpinista erraldoia da. Zoritxarrez, 3 hilabeteren buruan iritsi zaigu hil den berria. Luizi baten ondorioz izan da, Radistov mendian, erreskate praktikak egiten ari zela. Gogoan izango zaitugu beti, Anatoly!

Informazio gehiago

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather