BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

toponimia

Auñamendi

Auñamendi/Anie. 2.504 m. 'Antxumeen mendia' (edo ipar haizeak jotzen duen mendia). Zubereraz ahü'ñe 'antxume' (rerronkarieraz añe, zaraitzeraz a[g]uña), baina kontuan hartzekoa ere ahun 'ipar mendebaldeko haizea'

2013-04-04 / Mikel Belasko

Esanahia.- 'Antxumeen mendia' (edo ipar haizeak jotzen duen mendia). Zubereraz ahü'ñe 'antxume' (erronkarieraz añe, zaraitzeraz a[g]uña), baina kontuan hartzekoa ere ahun 'ipar mendebaldeko haizea' . Horixe zen Agosti Xaok ematen zion azalpena 1879. urtean: "Nafarrek eta xiberotarrek Ahunemendi erraten diote, 'antxumearen mendia' eta izen bera darabilte Pirinio osoa deitzeko. Harren jatorria, ordea, ez dut argitzerik izan".

Erabilera.- Euskaraz Auñamendi da haren izena eta horrela biltzen du Euskaltzaindiak. Interesgarria litzateke biltzea beharbada, Zuberoan ematen zaion izen zehatza, Ahuñemendi. Gaztelaniaz, oro har, Anie idazten da, frantsesez bezala, eta Ani ahoskatzen. Pico eta pic erabiltzen da ondoko hizkuntzetan izen propioari atxikia. Wikipedian Pic d'Anie hizkuntza guztietan ikusten dugu, euskaraz izan ezik.
Pirinio izen arrotzaren ordezko izen euskalduntzat hartu izan da Auñamendi izena. Tradizio hori abiatu zuena Agosti Xaho izan bide zen, goian ekarri dugun aipuan ikusi dugun bezala. Auñamendiko Lorea liburua, Auñamendi argitaletxea edo, beste maila batean, Auñak ostatua, Garraldan, esandakoaren froga dira eta erabilera berri horren indarraren erakusle.

Oharrak.- Wikipediaren arabera lehenbiziko igoera erregistratua 1771ko uztailaren 28an izan zen eta François Flamichon ingeniari-geografo bearnotarrak burutu zuen. Mitologia aberatseko mendia da.

Izendapen historikoak.- Ania (1816). Ania, paco de Sierra Longa ó de. Ania,sierra longa de (1856). Anie (1914). Anie o Ainhie, que de ambas maneras lo escriben nuestros vecinos (Altadill).

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather