BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

toponimia

Aizkorri

Aizkorri. 1.528 m. 'Haitz edo harri gorria; edo haitz larrutua'.

2013-04-05 / Mikel Belasko

Esanahia.- 'Haitz edo harri gorria; edo haitz larrutua'. Gaztelaniazko izkribu zaharretan Peña Bermeja deitzeko joera izan da, baina izenak ez du arrakastarik izan. Ez da ahaztu behar toponimian gorria izenondoak larruturen sinonimoa ere izan daitekeela, hots, landarerik gabekoa, 'harri hutsa' kasu honetan. Irakurleen testingantzek kontu hau argitu lezakete.

Erabilera.- Wikipedian Aizkorri erabiltzen da hizkuntza guztietan, gaztelaniaz izan ezik. Hizkuntza horretako orrialdean Aitzgorri esaten zaio, harrigarriro. Lerro hauek idazten ari garela, beharrezkoak diren aldaketak egiten saiatzen ari gara gaztelaniazko orrialdean ere izen egokia ager dadin.
Aizkorri ez da, oro har uste izan den bezala, Gipuzkoako mendirik altuena. Aitxuri (1.551 m.) eta Aketegi (1.549 m.) tontorrek hirugarren tokira amildu dute Aizkorri. Hala ere, ez du galdu aurretik zeukan popularitatea eta mendilerro osoari izena ematen jarraitzen du.

Oharrak.- Diccionario Geográfico-Histórico de Españan eta Pascual Madozen hiztegian, 1802koa eta 1840koa hurrenez hurren, deskripzio ederra irakurtzen dugu: "Euskarazko esapidea da eta peña roxa o bermexa esan nahi du. Hango tontorrean, metalezko gurutze bat sarturik dago harri zulo batean, bara erdikoa edo neurriz, metal berberean egindako gure Jaun gurutziltzaturik duen irudia erakutsiz. Herriko tradizioak dio gurutzea berez agertu zela hor eta hori dela eta jendea erromeriaz doa haraino udan eta baita desgraziek herria hunkitzen duten egunetan, zeinetan Probidentziaren laguntza eske haraino abiatzen diren. Aizkorriko mendian hainbat iturri gazi eta sulfurotsu daude, eta horietako bat hain da ederra ezen errota bat mugiaraziko lukeen. Toki horri euskaraz Iturbeguieta esaten zaio, gaztelaniaz ojo de fuente esan nahi duena, eta Oria ibai handiaren iturburua da, probintziako ibairik emaritsuena. Tontorretik ikuspegi miragarria zabaltzen da bai Nafarroarantz, eta baita Gaztelarantz ere. Baina ez dira bi itsasoak ikusten, hainbatek amets egin duten bezala". Bestalde, 1802. urtean, nonnahi ibiltzen ziren Aizkorrin orkatzak, basurdeak eta otsoak. Baita tigreren bat ere, hots, katamotzen bat. 1840. urtean, berriz, otsoak eta tigreak ez dira jada aipatzen.

Izendapen historikoak.- Aizcórri (1802). Aizcorri ó Bermeja (1840).

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather