BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

kayak, piragua

Mexiko eta Arcachon Eyrek elkartzen ditu

“Abenturak gainditu egin nau oraingoan”. Horrela erantzun nion lagunari L’Eyreko kayak egunak nola joan ziren galdetu zidanean. Apirilaren 2an abiatu nintzen nire Ford Escortean, 4 metroko piragua horia eta bizikleta hartuta Arcachon inguruetara.
L'Eyre,
L'Eyre, "Amazonas txikia" / Nagore

Pazko astean egun eguzkitsuak zetozela aprobetxatuz, piraguan ibiltzera joan nintzen. Buruan bakarkako kayak bidaia luzeren bat darabilkit eta hiruzpalau egun hauek lehen proba moduan hartu nintuen. Inoiz piraguaz zeharkaldirik egin gabe nengoenez, eremu segurua aukeratu nahi nuen. Nire lehen aukera Canal du Midi zen arren, hango esklusak oztopo izango zirela eta, ibilbidea aspergarria izango zela eta, L’Eyre proposatu zidaten lagunek. Ibai honen ibilbidea laua dela, jende asko ibiltzen dela eta horretarako prestatuta dagoela. Horiek aipatu zizkidaten aldeko. Egunek aurrera egin hala, ordea, ikusi nuen argudio horiek banan-banan erortzen zirela.

Bakarkako piragua zeharkaldi baten lehen buruhaustea azpiegitura da. Autoa ibaiaren hasieran uztea zen asmoa, piragua hara eramanda. Piraguaz ibaian behera 90 km inguru egiteko asmoa nuen. Errepidez 70 kilometrora irtengo nintzen. Auto-stop eginez itzultzea zen aukera bat, baina distantzia luze samarra iruditu zitzaidan horretarako eta ez neuzkan egun asko oporraldirako. Horregatik, bizikleta erabiltzea pentsatu nuen. Bizikleta Biganoseko portuan lotuta utziko nuen. Gero Base Nautique du Mexikora joango nintzen kotxean piragua hartuta. Ibaia jaistea amaitzean piragua Biganosen lotu eta bizikletaz egingo nituen kotxerako 70 kilometroak. Kotxean berriro Biganosera joan, piragua jaso eta etxera bidean izango nintzen.

Biganoseko portua nahikoa erraz topatu nuen. Oso txoko polita. Kolore eta itxura desberdineko ehun bat etxetxo basoaren agerrune batean zabaltzen den portuaren inguruan. Ilusio handia egin zidan nire helmuga halako txoko ederrean izateak. Bizikleta lotu eta portuko arduraduna zirudien gizonari nire planen berri eman nion. Esan zidan berak ezin zuela bizikleta zaindu, baina tira, ulertzen zuela nire asmoa eta kontuan izango ninduela.

Handik, bizikletaz egin beharko nuen bidea ikuskatzera joan nintzen. Errepide nagusiak saihestuz joan beharko nuen, eta beraz horiek ezagutzea ona izango zela pentsatu nuen. Herrixkaz herrixka ongi lotu nuen bidea, eta itzulerako bidea ziurtatuta izateak emandako lasaitasunarekin iritsi nintzen Mexikora.

Parke handi bat zen. Askaritarako gune antzeko bat, hiru aterpetxe handi, komun publikoak, dutxak, janlekuak, alokatzeko piragua eta kanoa mordoa, katu beltz bat, okila lanean zuhaitzean eta kristorik ez inguruan. Segituan ulertu nuen, sasoiz kanpo nenbilela. Han ez zebilen inor eta tarteka norbait aterpetxeak zaintzera eta gauzak txukuntzera etortzen zelako tankera zeukan arren, auskalo noiz izan zen azkena. Gauean denda prestatuta lasai igaroko nuen ziurtasuna ibaian behera inor gutxi topatuko nuen kezkarekin parekatu zen.

Hurrengo goizean, apirilaren 3an, ordutegi aldaketarekin 7ak aldera hasi zen eguna argitzen baina 8ak arte ez zuen ibiltzeko adina argitu. 7etarako nahikoa lo eginda nengoen eta piragua deskargatu, poltsak antolatu, denda desmontatu, gosaldu eta pixkanaka prestatzen hasi nintzen. Mexikon bertan ibaiaren eskema oso lagungarri bat topatu nuen. Paperean kopiatu eta plastikozko poltsa estankoan gorde nuen. Eskura eramango nuen, ibaian aurrera egin ahala begiratzeko. Izarnek oparitutako uretako argazki kamera ere sokatxoa eta mosketoiarekin lotuta agerian eramango nuen. Beste guztia kayakaren gordeleku estankoetan, uretarako poltsa estankoetan joango zen.

Soinean, txankletak, mallak, lana finezko kamiseta termikoa, bizikletako mallota, kolore biziko uretarako zira (gomazkoa), uretako txalekoa eta bizikletako kaskoa. Kordino bat eta mosketoia ere hartu nituen, piragua bazterrera lotu behar banuen ere. Arraunean hasi eta lehen 10 metroetan planak errepasatzen eta hartutako gauza guztien zerrenda buruan egiten ari nintzela… kaka! bizikletako giltzarrapoaren giltza! Ia giltza ahaztuta joan nintzen ibaian behera. Buelta hartzeko oraindik garaiz nintzen, ez zegoen korronte handirik eta kotxetik bizikletaren giltza hartu ahal izan nuen. Bigarren aldian bai, behera egin nuen, eta iada helmugara iritsi arte, eta bizikletaz itzuli arte, agurtu nuen autoa.

Ibaian behera nindoala, hasieran pentsatu nuen, behe-lainoa eta inguruko landaretza ikusita, leku harentzat egokia zela bai La Petit Amazone izena. Ur tantaz jositako armiarma sareek adarretatik zintzilik gazteluetako argi zintzilikario izugarrien miniaturak ziruditen. "Lanpara edo armiarma-zutargi" izena inoiz ez nuen ulertu, eta orain, berriz, begi bistan geratzen zitzaidan.

Pare bat kilometroren ostean, itzulerarik gabeko puntua zeharkatu nuen sentsazioa izan nuen. Ibaian gora ezingo nuela egin sumatu nuen. Eta ibaiaren erdibidean bidaia bertan behera uzteko planik ez nuela aurreikusi jabetu nintzen. Ibaitik irteteko puntu errazenak zubiak izango zirela pentsatu nuen. Beraz, zubiak izango ziren nire tarteko helmugak. Nabigatzailearen lasaigarri, zubi bakoitzean hurrengoa zein distantziara eta gutxi gorabehera zenbat denborara zegoen jartzen zuen.

Aurreraxeago, korrontea azkartzen zihoan heinean, konturatu nintzen nire piragua ez zela ibai txikiak jaisteko egokiena. 4 metrokoa zenez, oso zaila zen norabidez aldatzen. L’Eyre ibaia etengabe doa ezker-eskuin, eta horrez gain, korronteak piraguaren atzealdea apur bat zaizka harrapatzen badizu, oso zaila da zuzentzea.

Ibaiaren bihurguneak aurreikusi eta uraren korrontea saihestu behar nuen ontzia kontrolatzeko. Ura bihurguneen alderik zabalenean joaten da azkarren, eta alde estuan mantsoen. Horregatik, indarrez arraunean, ahalik eta azkarren egin behar nuen bihurgune baten barnealdetik hurrengoaren barnealdera.

Horrek ez zidan mapei begiratzeko edo argazkiak ateratzeko aukera handirik ematen. Gainera arrauna kordinoaz lotzea komeni zela jabetu nintzen. Kamera eskuan hartzen nuenean arrauna askatu ahal izateko bederen.

Ontzia kontrolatzeko egin beharreko lanaz gain, espero ez nituen oztopoak gainditzen ikasi behar izan nuen. Zuhaitz mordoa zeuden ibaira erorita. Alderik alde zeharkatzen zuten. Batzuetan kayaka eta ni neu apur bat makurtuta pasatzeko moduko tartea topatzen nuen azpian. Besteetan, zuhaitzaren kontra geratu eta atzeraka etzanda zenbait mugimendu bihurri egin ostean azpitik pasatzea lortzen nuen. Baina beste batzuetan ezinezkoa zen uretatik jarraitzea eta garaiz ertzeratu, piragua basora atera, arrastaka oztopoan zegoen zuhaitza gainditu eta berriro kontu handiz uretara sartzea zen bide bakarra.

Hala ere, hori ez nuen ikasi uretara uretara bi aldiz erori arte. Lehen zuhaitzean trabatuta geratu nintzen, piraguak korrontearen eraginez zeharka jo zuen zuhaitza, ni adarrei helduta eta piragua ur korronte biziaren mende. Gerriarekin zuzentzen ahalegindu nintzen, irauli nintzen arte. Lehenengo hartan zer gertatu zen ere ez nintzen ongi jabetu. Hain azkar izan zen. Piraguak buelta osoa eman zuen, txankleta bat galdu nuela jabetu nintzen, txalekoak urgainean egoten laguntzen zidan, senak piragua ez askatzeko esaten zidan, korronteak ibaian behera ginderamatzan... eta halako batean nire arnasestua entzun nuen eta nire buruari "hartu arnasa, zabaldu birikak" esaten ari nintzaiola ohartu nintzen. Sustoaren eta ur hotzaren eraginez normala da arnasketa estutzea. Itotzeko arrazoi nagusietako bat espasmo hori izan daitekeela eta gainera oxigeno faltak indarrak murriztera daramala ongi grabatuta daukadala dirudi, eta horregatik ariko zen nire barneko ahotsa gorputzari zer egin behar zuen agintzen.

Lehorrera atera eta gauza guztiak bere lekuan zeudela, soinean neraman arropez gain ezer ez zela busti eta txankleta bat bakarrik galdu nuela ikusita, aldatu gabe aurrera jarraitzea erabaki nuen.

Handik oso gutxira berriro, ia modu berean uretara jausi nintzen berriro. Honetan jada, zerbait gaizki egiten ari nintzela ikusirik, gertatu zena aztertu eta nola zuzendu pentsatzeari ekin nion. Garbi zegoen ezin nuela zuhaitzean trabatu arte itxaron, kayakaren kontrola galtzeko arriskua bainuen. Zuhaitzak garaiz ikusi behar nituen, gainditzeko aukerak urrunetik aztertu, zuhaitzaren ondoren zer zegoen ere kontuan izan, korrontea aztertu eta pasabide garbirik ikusten ez banuen, kanporatu eta lehorretik aurreratu beharko nuen.

Horrela egin nuen aurrera. Uretaratu aurretik txokolate eta ogi apur bat eta sagar bat jan eta arraunean berotzeko asmoz ekin nion. Eguzkiak ez zuen oso indartsu jotzen eta lainoren batek estaltzen zuenean dardarka hasten nintzen. Halako batean ohartu nintzen eskuin eskuko hatz txikia ez nuela sentitzen. Begiratu eta txuri-txuri neukala ikusi nuen, batere odolik ez balu bezala, eta bere ondokoa ere nahikoa zurbil ageri zen. Tira ba, ekin arraunari gogor. Era horretan hotzari tamainan eustea lortu nuen. Gainera, bidean topatzen nituen zuhaitz mordoa, korronteari aurrea hartzeko sprintak, azpitik pasatzeko mugimendu bihurriak eta kanpotik tiraka eramateko lanen erruz edo horiei eskerrak, bero eusten nion. Baina nekatu ere egiten nintzen.

Egun hartan 35 kilometro egin nituen ibaian behera. Moustey herritik gertu geratu nintzen. Herriraino edo pareko zubiraino joatea neukan buruan, baina bi aldiz oso jarraian lehorretik arrastaka ibili ondoren, berriro uretara non sartu bila nenbilela, konturatu nintzen txoko hura ere ez zela txarra lotarako. Gaua hantxe egitea erabaki nuen. Oraindik argi ordu batzuk banituen kanpalekua antolatzeko, eguzki pixka bat sartzen zen basora, haize pixka bat ere bazebilen eta soinean artean bustirik neramatzan arropak lehortzeko aukera izango nuen esperantzaz, denda jarri, arropak aldatu eta kafe bero bat hartuz azken eguzki printzak gozatzen eta hurrengo egunerako zer egin pentsatzen geratu nintzen.

Ibaiari begira, nire bizilagun izango zirenak ikusi nituen. Urtxakur bat lehenik zuhaitz baten azpian, ur ertzean zuen kabira sartzen eta Martin Arrantzale bat ondoren, ibaian gora eta behera paseoan.

Goizeko indarren eta eguraldiaren arabera, zeharkaldia bertan behera uztea ere pentsatu nuen. Neraman abiadan hiru egun beharko nituen helmugara iristeko. Ezin nuen jakin aurrerantzean eroritako zuhaitz gehiago topatuko nituen. Banekien ibaia ez zela asko zabaltzen eta baso artean jarraitzen zuela sigi-saga, gutxienez beste egun oso batez. Beraz, zuhaitzak topatzeko aukera asko neuzkan oraindik. Zeharkaldia uztekotan kotxetik gehiegi urrundu aurretik egitea hobe izango nuela ere kontuan hartu nuen. Afaldu eta pixka bat irakurri ondoren berriro aukera guztiak aztertuz lokartu nintzen.

Gauerdian euria hasi zuen. Dendak danborraren moduan tantarik txikiena ere ohargarri egitearen abantaila da hori. Abantaila kanpoan arropak lehortzen utzi badituzu noski. Desabantaila izan liteke soinu horrekin lokartu ezin denarentzat, baina ez da nire kasua. Soinu lasaigarriago gutxi ezagutzen ditut. Zakuaren epeltasunean, goxo-goxo etzanda, baretu egiten nau euriaren doinu arritmikoak.

Euri tantez gain, ibaiko uraren soinuak ziren nagusi. Honen harira, inoiz ohartu ez nintzen bitxikeria bat ikasi nuen egun hartan. Bada gaztelerazko esaera bat "si el rio suena, agua lleva" dioena. Esaldi horren ondorioz uler daiteke ibaiak soinurik ez duenean urik ez duelako dela. Ba, ez! "Si el río NO suena, MÁS agua lleva". Urak topatzen dituen oztopoetan egiten dituen zurrunbilotxoen ondorioz egiten du soinua. Tolesdura bakoitzean burbuilatxo bat sortzen da eta burbuila hori lehertzean entzuten dugu soinua. Ibaia hazten denean, oztopoak gainditzen dituenean eta gainazala barea denean, ez da inongo soinurik entzuten. Beraz adi! Ibaia entzuten ez denean arriskutsuagoa izan daiteke eta.

Goizean esnatu nintzenean hori topatu nuen. Ibaia hazita eta aurrekoan baino korronte biziagoarekin. Gainera euria etengabe ari zuen. Ez nuen zalantzarik egin. Korrontearengatik sartuko nintzen baina korronte hartan, piragua harekin oztopoak gainditzen ibiltzeak ez ninduen batere erakartzen. Nahikoa ikasi nuela eta garbi ikusi nuen garaiz erretiratzea izango zela bidaia hartatik garaile irteteko era bakarra.

Apirilaren 4an beraz, kanpalekua jaso, euritarako arropak jantzi, piragua kargatu eta kordino, sling eta mosketoi bidez piraguari tiratzeko sistema asmatu ondoren basoan ibai ertzetik oinez abiatu nintzen. Bidezidorra zirudiena basoko pista bihurtu zen segituan eta aldapa zorrotz bat gainditu behar izan nuen arren, segituan irten nintzen ingurune zibilizatura. Herrixka baten kanpoaldean nengoen. Herria elikatzeko ur-deposituaren dorrea ikusi nuen lehenik. Arcachon ingurura iritsi nintzenean herri bakoitzaren inguruan dorre hauek ikustean jabetu nintzen, lurralde hartan ez nuela edateko iturri gehiegi topatuko, eta horregatik litroko 6 botila ur neramatzan piragua barruan.

Ur-dorrearen ondoren elizaren kanpandorrea ikusi nuen eta segituan lehen etxeak. Herrira gehiegi sartu gabe, bertan utzi nuen piragua. Tenis zelai baten kanpoko hesiari lotu eta barruan utzi nituen poltsa gehienak. Motxilatxoa, arrauna eta kaskoa hartuta herrirantz jo nuen oinez. Kaskoa eta arrauna nirekin hartu nituen, lapurtzeko errazak izateaz gain, laguntza eskatzerakoan nire istorioa sinesgarriagoa izango zelako.

Segituan topatu nuen gizon bat eta harriduraz begiratzen ninduela aprobetxatuz, agurtu eta nire frantsez eskasean hala esan nion. "J’ha un petit problem". Azaldu nion L’Eyre jaisten nentorrela baina ezin nuela jarraitu eta nire kotxea Mexikon utzi nuela eta kotxera itzuli nahi nuela baina ez nekiela nola. Berak eramango ninduela erantzun zidan. Bo! hain erraz!

Hala bada, izenik ulertu ez nion gizon frantsez atsegin hark Mexikora eraman ninduen, gero kotxez piragua jasotzera itzuli nintzen, handik bizikleta biltzera Biganosera eta handik nahikoa eginda, mantso-mantso etxera. Asko ikasita eta partida galdu arren, irabazle sentsazioarekin gainera.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather