BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

toponimia

Gorbeia

Gorbeia. 1.481 m. Esanahi ilunekoa, nahiz eta teoria asko eraiki diren hori azaltzeko.

2013-04-09 / Mikel Belasko

Esanahia.- Lehenengo tentazioa izaten da gor 'gogor' eta behe hitzekin lotzea, 'leku gogorra', baina hainbat arazo ditugu bi pieza horiek behar bezala josteko. Nafarroan badugu Gortza herria, edo Gogortza leku izena, esate baterako. Are Gorramendi eta Gorramakil mendiak ere bai. Hiruak gor 'gogor' hitzarekin lotu izan dira. Bestalde, ezin erabat baztertu gorri aditzondoaren presentzia, hitz konposaketan gor- aldaera usu agertzen baita. Zinezko arazoa bigarren osagaiarekin dugu, nekez lotu genezakeelako behe hitzarekin. Oro har, Gorbeialdeko hainbat hizkeretan -e + a > ia entzuten da, eta -i + a > ixa.

Ubidean ikusi dugu Abelintxu Olanoren testigantza Gorbeixako kurtzen ondo-onduen edo hemetik Gorbeixera, hara kurutzie dauen inguru-ingurure. Ohartu, beraz, kurutzie (gurutzea) eta Gorbeixa (Gorbeia). Bestalde bukaerako -a hori berezkoa du Gorbeia izenak, hara nola Arratia aldean (Berbategie) ikusten dugun bezala Gorbeieko belea, Gorbeiera eta Saibigango kaballoa Gorbeiera eroan eta aste bete barru Saibiganen dago. Beraz *Gor + behe + a baztertu beharko dugu.

Orobat Josu Naberanen proposamenak (Toponimiaren ekarpena aitzin euskarari) ez digu balio: koro (mendi borobila) + behe; hots Iruñeko Goroabe toki izenaren paralelo garbia. Euskarazko goroa, bestalde, latinaren corona(m)-etik heldu da, nahiz eta Naberanek nahiago duen horrela azaldu: "KORO euskarak Mediterranio aldetik jaso zuen, baina zi, behe, oina, une eta halako euskal osagai argiekin bilduta ageri da Europa mendebaldeko toponimian du: hor ditugu Gorozika, Gorosabel, Gordoxola, Gorbeia, Aizkorbe..."

XIX. mendeko geografoak ere gai honetaz aritu ziren. Diccionario Geográfico-Histórico de Españan GORBÉA o GORBEYA sarreran Garibayren azalpena, 1571. urtekoa, bildu zuten: "Gordeya deitzen da ... baina orain -d- -b-ez ordezkatu dute eta Gorbeya deitzen dute (...) eta hau esaten dute kantabroek "que la vaca de Gorbeya desea siempre á Gorbeya". Nik dakidala esaera zahar hau ez zuen gero euskaraz bildu, baina garbi da duela 450 urte jendeak behia hitzarekin lotzen zuela toponimoa: "Gorbeiako behia Gorbeiara" esaten omen zuten. Gaur Arratian hau dioten bezala: Gorbeieko belea Gorbeiera. Eta behiekin lotzen duen azalpena Pascual Madozek ere bildu zuen 1848. urtean: "... haren etimologiaz hizkuntzan jakintsuak ez datoz bat, batzuek baitiote "vaca dura" esan nahi duela (gogor behia), beste batzuek "bajo duro" (Gogor behea) eta beste batzuek "bajo sordo" (Gor behea), bai bertan hazten diren aziendak osasuntsu gizentzen direlako inguruko larre mamitsuetan, edo mendiaren beheko aldean sekulako harri puskak daudelako, edota tontorretik ezin direlako entzun behetik heldu diren zaratak hain denez altua".

Erabilera.- Euskaraz Gorbeia da, dudarik gabe, erabiltzen den izena. Gorbeiagane leku izena ere ematen zaio tontorrari hainbat tokita, nahiz eta ofiziala ez izan. Bizkaiko datubasean Gorbeia da izen ofiziala eta baita Eusko Jaurlaritzarenean ere. Hala ere, gaztelaniazko wikipedian Monte Gorbea da sarreraren izena, eta gainerako hizkuntzetan bien arteko banaketa dugu: frantsesez biak erabiltzen dira, ingelesez Gorbea, alemanez Gorbeia...

Oharrak.- Jende askorentzat, oraindik ere, EAEko tontorrik handiena da hau, baina Gipuzkoan ditugu hiru tontorrik handienak: Aitxuri, Aketegi eta Aizkorri.
Historiaz den bezain batean, eta Aralar izenarekin gertatu den bezala, Gorbeia izena gure historia linguistikoaren zati garrantzitsua izan da. Noeren ontziak zeharkatu zituen hainbat toki izen, Gorbeia barne, haren iloba Tubalek gurera ekarri zituelako euskararekin batera. Diccionario Geográfico-Histórico de Españan hau paratu zuten: GORBÉA o GORBEYA, Euskal Herriko (el pais vascongado) mendietan ospetsuenetakoa eta altuenatako bat: Armenia beste mendi baten baten izenarekin duen antzarengatik, gegrafo zaharrek Gordeya izendatu zuten harekin hain zuzen ere, eta non hain juxtu Noeren ontzia lehorreratu zen, Garibayri iruditu zitzaion Noe patriarkaren ondorengoek Kantabria populatu behar izan zutela hain urruti geratzen zaizkigun garai haietan".

Izendapen historikoak.- Gordeya, Gorbeya (1571). Gorbéa ó Gorbeya (1802).

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather