BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi-lasterketak

Advanced week

Apirilaren 3an goizeko 7:20an Bilboko airoportutik Parisera eta handik Sant Lake City-ra abiatu nintzen. Parisen elkartu ginen korrikalariak, baita Salomoneko diseinatzaileak ere, frantsesak baitira denak. Zertarako elkartu gara, baina?
Moab
Moab / Oihana Cortazar

2013-04-09 / OihanaKortazar

Moab-en gaude, Sant Lake hiritik 500 km ingurura; hona etorri eta badirudi lehen ere egonda nagoela, hemen dauden mendi eta paisaiak telebistan bakero eta indioen filmetan ikusten direnak direlako. Toki polit bezain berezia da. Ricky Gates taldekidea, San Frantziskon bizi arren, Koloradokoa da eta bera arduratu da entrenatzeko ibilbideak diseinatzeaz, ostatu hartu dugun tokia aholkatzeaz... 16 atleta eta beste 27 pertsona batu gara, diseinatzaile, argazkilari, podologo, fisio eta Salomoneko arduradunak. Rantxo ikusgarri baten gaude, hemengo tipikoa, zaldi eta behiak inguruan eta Kolorado ibaiaren ondoan. Lekuak Red Cliff Logge du izena.

Urtean zehar korrikalari bakoitza munduan zehar dauden lasterketetan sakabanatuta egoten gara eta denok elkartzea zaila izaten da. Horregatik, aste hau aprobetxatzen dugu gehienok elkartzeko. Bestetik, aste honetako helburua 2014an merkaturatuko diren produktuak korrikalariok probatzea eta diseinatzaileekin feedback-a egitea da: hau ondo, hau gaizki, nik hau aldatuko nuke, etab. Gure iritzia kontuan hartuz eta gainontzeko erosleentzat, zuentzat, erabakirik onena izango delakoan, diseinatzaileek egin beharreko aldaketak egiten dituzte produktuetan, zapatiletan, jantzietan (korrika egiteko jantziei buruz ari gara), motxiletan, betaurrekoetan etab.

Podologo bat eta fisio bat ere etortzen dira eta beraiekin ere hitzordua izaten dugu. Azkenik, argazkilariekin ere badugu zeregina! Nola antolatzen da aste honetan egin beharrekoa? Ba guztiok koordinatu ahal izateko, aurretik plangintza bat ematen digute eta ordutegi eta zeregin batzuk bete behar izaten ditugu. Nik bihar goizean adibidez produktu zehatz batzuk probatu behar ditut entrenatzen dudan bitartean (non entrenatu eta zenbat km ere zehaztuta dago). Bukatzen dudanean produktuen diseinatzaileekin hitz egingo dut eta arratsaldean argazki eta bideo saioa izango ditut, marketing kontuetarako.

Hurrengo egunetan antzeko plangintza izango dugu baina beste produktu batzuk probatuz. Fisioarekin edo podologoarekin ere hitzordua izango dut. Podologoak hankaren neurriak hartzen ditu zapatilak neurrira egiteko. Horrela igaroko ditugu egun bat bestearen atzetik, astebetean.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather