BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendi lasterketak

Mendaroko mendi-lasterketa, igandean

Domekan jokatuko da Mendaroko mendi-lasterketa, 24 kilometroko proba (23 kilometro mendiz eta bat asfalto gainean). Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatzen du proba eta aurten hirugarren urtea da. 10:00etan hasiko da herriko plazatik.

Iaz, 113 lagunek parte hartu zuten (bi proba amaitu aurretik erretiratu ziren) eta Imanol Goñi iruñearra eta Maite Maiora mendaroarra nagusitu ziren. Errekorra ezarri zuten biek ere, gainera. Goñik 1:53:48ko denboran bukatu zuen proba eta Maiorak 2:20:41ean.

Etun mendira igoko dira korrikalariak eta handik Madariagara auzora egingo dute. Madariagatik hiru bat kilometro egingo dituzte gero aldatz behera, Munitxibarreraino, Kilimon erreka ondoraino, eta handik berriro ere gorako bidea hartuko dute. Larraskanda baserri ondotik igaro eta Otarre gainera igoko dira, antenaraino, eta handik Erentza baserri ondotik, Gaintxipixa mendi magaletik, Lizarpera igoko dira. Lizarpetik Garalutzera joko dute gero, probako azkeneko gainera, eta handik aurrera aldatz behera egingo dute guztia. Ibilbidea seinaleztatua egongo da, eta bost anoa postu izango dira guztira.

Izen-emateak

Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko eta interesatuek bi aukera dituzte horretarako: Internetez, www.herrikrossa.com atarian eta egunean bertan, Mendaroko frontoian. Aurrez izena ematen dutenek hamasei euro ordaindu beharko dituzte, eta egunean bertan ematen dutenek hogei euro. Proba egunean 8:15ean zabalduko dute izena emateko aukera eta 9:30ean itxi. Tarte horretan banatuko dituzte dortsalak ere.

Guztira, zazpi sari izango dira. Lehenengo bostek izango dute saria, bai gizonezkoetan zein emakumezkoetan, eta gero beste bi sari berezi izango dira: beteranoena eta lehenengo mendaroarrari dagokiona. Informazio gehiagorako idatzi: mte.mendaro@hotmail.com.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather