BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Gure altxorrak

Ez da denbora asko, lagun batek aitortu zidan, mendia arimarentzat baltsamua dela eta akuareletan margotzen diren zeruetako lainoak gaindituko lituzkeen koadrorik ez dagoela.
/ Lorea Madinaren bilduma
/ Lorea Madinaren bilduma
/ Lorea Madinaren bilduma

2013-04-11 / Lorea Madina

Neure egingo ditut berbok, sentimendu berdina askotan izaten dudalako: mendiak bisitatu eta barne bidaia batean murgiltzen naiz, printzipioen berrikustea egin eta, bizitza eta askatasuna elkartu egiten dira.

Ez naiz gogoratzen lehenengoz mendira noiz joan nintzen. Baina aitak sarritan gogoratzen dit hilabete gutxi nituela izan zela, motxila baten jarrita, sasoi hartan oso gutxi ikusten ziren motxiletako batean (bestela iruditu arren, ile zuriren bat eduki badaukat eta). Udalaitzera bidean izan omen zen, eta antza, ez nintzen bide osoan isildu. Gure etxean hasi genuen txangoa eta Santa Luziara istorio luzeeeeea kontatuta heldu ginen.

Uste dut, halabeharrez, geroago izan beharrekoa idatzita zegoela lehendik: Kazetaria, eta lanbidez eta neure bizitzan, mendia ardatza.

Konplikatua ere bada, maite ditudan bi gauza direlako, gure mendiak eta gure hizkuntza defenditzea. Alboratu ezin ditugun bi borroka gai; nahiz eta trabak ipini, nahiz eta gure eskubideak urratu, nahiz eta min egin. Liskar batek derrigor gerra ez dakarrela ulertu behar dugu, eta ametsak egia bihurtu daitezkeela.

Mendiekin amets eginda eta euskararekin amets eginda, gertuago izango ditugu eta geure errazago egingo ditugu. Burdina eta hormigoiarekin gure bitartekoak umiltzen dituen proietuak egon arren. Gure berbei hesiak ipintzen dizkieten ekintza judizialak tarteko egon arren. Gure zantzo, deiadar edota aldarriak nahi ditugun lekura eraman ditzakegulako. Mendi tontorretik haizeak urrunera eraman ditzake, nortzuk garen eta zergatik borrokatzen dugun munduan zehar jakin dezaten.

Adibidea, 1980. urtean aurkituko dugu: Martin Zabaleta, munduko tontorrean, Everest-en, ikurriña eskuetan. Irudi horrek mundua zeharkatu du. Irudi hori Euskal Herriko mendizaletasunaren historia da, Euskal Herriaren historia, euskara hizkuntza duen herriaren historia. Martinek euskara erabili zuelako 8.848 metroan dagoen planetako sabaira igotzeko emandako pauso guztiak kontatzeko.

Baina, Martin baino lehenago asko izan ziren mendira hurbildu zirenak. Antoine D’Abaddie, esaterako. Bera izan zen hartz zuri bat ikusi zuen lehen euskalduna. Edota Armand David naturalista, Ezpeletako abadea, eta lehenengoa Himalaiaren paisaia itzela deskribatzen. Edota, gertuago, Andres Espinosa, oinutsik eta bakarrik, Europako Pikoetako tontorrik karismatikoena, Urriellu, igotzen lehenengoa.

Euskaldunak beti egon gara mendiari lotuta. Betidanik gure bihotzen orografiako parte izan dira, gizakia gizaki denetik eta larreetara ganadu eta guzti igo behar izan zuenetik, eta akelarreak ospatzen zirenetik, kobazuloetan babesa topatu zuenetik, sendabelarren bila joan zenetik, edota ikatza egiteko egur bila joan zenetik.

Gauden lekutik ez oso urrun, Intxortaren beste aldean, Elgetan, joan den mendearen hasieran, Euskadi eta Nafarroako Mendi Federazioa sortu zen. Une historikoa eta gure mendi taldeen jatorria. Ugaritu egin diren mendi taldeak. Asko daude, Euskal Herrian dauden herri, hiri eta elizateak beste. Talde horiek dira mendiari diogun miresmenaren errudun. Zenbat maitasun istorio hasi ote dira bailara honen mendi-mazalean, tontor aldapatsuetarako bidean eta antzina elorriz beteta zeuden parajeetan?

Denbora asko pasatu da Alberto Iñurrategi gure artean izan arte, edota Pou anaiak, edota Josune Bereziartu... eurek eta beste asko, batzuk anonimoak, besteak ezagunak. Baina eurek moduko jeinuek gure artean agertu behar zuten. Logikoa zen. Mendiak beti izan direlako gure herriko zati garrantzitsua. Denbora kontua izan da.

Ez dut irudikatu ere egin nahi, goizetan esnatu eta leihoa zabalduta parez pare Anbotoko Dama ikusiko ez ikustea. Gu zaintzeko eska diezaiokegu goizero, gure mendiak eta hizkuntza babesteko... Baina berak ere jakin behar du gure laguntza baduela, gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu dugula mendien eta euskararen alde.

Mendia eta euskara beti izan ditugu alboan. Eurei esker gara garen modukoak, batzuetan gogorregiak, baina beti jatorrak.

Gure erronka, orain, guri erakutsi zigutena osteko belaunaldiei erakustea da. Aitaren etxea defenditu behar da, gurea mendian sortu zelako eta euskaraz berba eginez.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather