BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Ez da askorik, baina dena da

Orain dela aste batzuk galdera hau egin zidan lagun batek: Julen, mendian korrika hasteko gogoa dut, zein aholku emango zenidake?
/
/

2013-04-17 / Julen Urdaibai

Hasiera batean, galdera zaila iruditu zitzaidan, erantzun konplexuduna. Neure buruari esaten nion: zer esan diezaioket? Nondik has naiteke azaltzen…? Hasieran mendian oinez ibiltzea proposatuko diot gero korrika astiro-astiro jarraitzeko…? Astean 3 edo 4 entrenamendu burutzea?... Gauza asko komentatzeko eta denak… okerrak!

Nire lagunak bota zidan galdera ez zen zaila, baina nire erantzunaren abiapuntua ez zen egokia. Arlo teknikoan pentsatu nuen lehendabizi eta hortxe zegoen nire akatsa. Oraintxe azalduko dut…

Azken urteotan jende ugari hurbildu zait aholku eske, gure zaletasun bihurtu den mendiaren edo naturaren gainean. "Trail Running"a probatu nahi duten errepideko korrikalariak, lehenengo maratoia egin nahi duten korrikalariak, entrenamendua eta materialari buruzko zalantzak, ultramaratoiren bat prestatzen ari eta elikadurari buruzko zalantzak, etab. Batek edo bestek aholku xelebreren bat ere eskatu zidan, Santiagoko bidea egiteko galtzerdi aproposenak zeintzu ziren, alegia. Nik gustura aholkatzen diet, eta ahal dudan eta ondoen, baina betiere nire esperientzietan oinarrituta.

Beti esaten diet beste kirolari batzuen iritzia ere jaso dezatela. Beste informazio iturri batzuetara jotzea, iker dezatela eta beraien interesei hobeto datorkien ezagupenak hartzeko. Gainera, interneten informazio asko dago kirolaren gai teknikoen inguruan. Edozein planifikazio mota aurki dezakezu, nork beere mailari eta helburuei lotuta; maratoia 3 ordutik behera egin nahi dutenentzat, lehenengo 10etan amaitu nahi dutenentzat, baita lasterketa bukatzea helburu dutenentzat ere. Aspertzeraino beste informazio duzu… nire lagunari ongi etorriko litzaiokeen informazioa barne, hau da, "nire lehen urratsak mendian…" adibidez.

Hala ere, berak niri galdetu zidan, nigan konfiantza zuen eta uste dut errespetu falta itzela izango zela internetera bideratzea.

Zer esango diot? Eta momentu horretan argi ikusi nuen: ez hitz egin gauza teknikoez, sentimenduez baizik!

Nire lehenengo aholkua hauxe izan zen, mendiko irteerez GOZATZEA. Topikoa dirudi baina sarritan ahaztu egiten zaigu. Ordubeteko ibilalditxoa egin edo 10 minutuko korrikalditxoa, eta gozatzeaz arduratu. Ahaztu denbora, erritmoak, kronometroa, ordua. Joan naturara eta jarri helburu nagusitzat etxera irribarretsu itzultzea, errepikatzeko gogoarekin.

Ez LOTSATU jendearen ondotik korrika edo oinez igarotzeaz. Hasi berri diren askori gertatzen zaie hori. Beraien irteerak leku ezkutuetara egiten dituzte, besteen begiradetatik urrun, ikusten dutenek zer pentsatuko duten beldur… Begira horri zein gaizki doan! Edo Begira horri nolako itxura daroan…! Gauza horiei ez eman garrantziarik, ez lotsatu. Benetan diotsuet ez dagoela gauza ederragorik pertsona baten ahalegina ikustea baino, duen maila duela… sinets egidazu.

PAZIENTZIA eduki. Ez eman garrantzi larregirik korrika edo ibiltzeari. Egizu gorputzak eskatzen dizuna, korrika egiteko gogoa baduzu, ba… egizu, ibiltzeko gogoa izanik ba… aurrera. Egon adi zure gorputzak bidaltzen dizkizun mezuei, berak ez dizu huts egingo. Emaiozu denbora eta sentimendu eta sentsazio ezinhobeekin ordainduko dizu. Existitzen direla ere ez dakizun sentsazioekin. Azkenean, mendiarekiko lotura pizten bazaizu eta "engantxatu" egiten bazara, gorputzak eskatuko dizu, denbora aurrera joan ahala, korrika arinago joatea, arineketan igotzea hasiera batean oinez igo zenuen aldapa hura edota saltoka ibiltzea harririk harri edo enborretik enborrera.

Entzun, behatu, usaindu, hitz egin zeure buruarekin, ukitu, erori, odola isuri… ez izan beldurrik. Naturak hitz egiten digu eta denontzat du lekua. Korrika edo oinez bazoaz eta zerbaitek atentzioa ematen badizu, gelditu, behatu eta segi aurrera. Momentu labur horiek aprobetxatu behar dituzu, ez duzu denborarik galduko, beharbada bihar ez baituzu aukera hori izango.

Izan ERRESPETUA mendiari, naturari. Mendiak gozateko aukera ematen digu eta guk horren truke zaintzeko ardura hartu behar dugu. Nola? Ba, guk geuk, gizakiok, egiten ditugun lelokeriak deseginez. Mendian zaudela, lekuz kanpoko zerbait ikusten baduzu, kendu ezazu; plastikoa, botilak… Horrek ez du esan nahi mendira korrika zoazen bakoitzean sastarrak batzen egon behar duzunik, baina noizean behin ez dago gaizki, botilatxo bat, ehizako kartutxoak…

Joan lagunekin, familiakoekin. Mendiko esperientzia besteekin konpartitu baina ez ahaztu, batez ere, bakarrik joaten, bakarrik bizitzen. Bakarka egiten dituzun entrenamendu edo irteera horiek zeure burua hobeto ezagutzen lagunduko dizute. Nik neuk jendearen konpainiarengandik alde egiten ez dudan arren (sarritan eskertu ere egiten baitut), nahiago izaten dut bakarka ibiltzea. Intimoagoa da, inguruarekiko harremana nabariagoa da.

Ez GUTXIETSI natura. Kilian Jorneti hauxe entzun nion behin: "Mendia ez da eguraldi ona eta Heidi bakarrik…" Mendia bizirik dagoen organismo bat da, aldaketei lotua eta bere arauak ditu. Ezagut itzazu, zeren egunen batean mendiak zuretzako sekreturik ez duela edota erraz kontrolatzen duzula sentitzen baduzu, astindu egingo zaitu!

…eta uste dut horrekin has gaitezkeela. Ez da askorik… baina dena da.

Beraz, bihar, jantzi oinetakoak, lotu sokak, eta aurrera! Mendia zain daukazu, munduko jolas-parkerik ederrena itxaroten daukazu.

(http://julenurdaibai.blogspot.com.es/2013/03/hace-unos-dias-una-amiga-me-hizo-la.html)

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather