BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Alpinismoa

Mont Blanc

Alpeetako gailurra da 4.810 metrorekin. Mendi honetan hasi zen alpinismoa lehen pausoak ematen. Egun masifikatuta dago tontorrera igotzeko nahia.
Mont Blanc Aiguille du Miditik
Mont Blanc Aiguille du Miditik / Unai Estala

Kotxez gerturatzen ari ginela, silueta geroz eta nabarmenagoa zen. Alpeetako gailurrik handienak, bere istorio eta kondaira guztiak bat harturik, errespetua ematen zuen. Baina alpinismoaren jaioterrira gerturatzen ari ginen sentsazio ederra geneukan gorputzean.

XVIII. mendean "mendi madarikatua" izena ezarri zioten. Chamonixtarrek hainbat prozesio egin zituzten garai hartan Mer de Glace delakoak herria irensteko mehatxu egiten zuelako. Beraien ustez, mendiaren tontorrean jainkosa zuria bizi zen eta gurtu ezean, nolabaiteko eragina izan zezakeen herritarrengan.

Lehen igoera Jacques Balmat eta Michel Gabriel Paccardek burutu zuten 1786. urtean Grands Muletsetik gora. Ordundik beste hainbat igoera egin ziren 1820an Mont Blanc-eko lehen istripua gertatu zen arte. Buruan zijoazen hiru gidari hil ziren. Gertaera horrek zeresana sortu zuen eta mendi-gidariak elkartu egin ziren beraien eskubideak aldarrikatzeko. Horrela sortu zen Chamonix-eko lehen Gidari Konpainia.

Gaur egun 800-1000 euro bitartean balio du Mont Blanc tontorrera igotzeko gidari bat hartzeak eta sokako 2 lagun besterik ez ditu eramaten gidari bakoitzak. Gailurreko igoera arrunta Gouter izeneko aterpetxetik igarotzen da. Aterpetxe honetan lo egiteko, zenbait hilabete lehenago hartu behar da lekua. Mendia negozio bihurtu dute nolabait.

Hala ere, mendigunea hain zabal eta handia denez, bide asko ireki dituzte alpinistek urte luzeen buruan. Gouterreko igoera bezain irisgarriak diren beste hainbat igoera daude: 4000koen bidea, Aita Santuaren bidea, Grands Mulets (esan bezala, lehen igoera egin zen bertatik) eta abar.

Guk Aita Satuaren bidetik ekin genion. Italiatik hasi eta Gonella aterpetxean pasa genuen gaua 3000 metrora. Bidetik ez genuen jendetzarik topatu eta zeharkatu genituen glaziarrak, ertzak eta erlaitzak zoragarriak izan ziren. Inork mendi hau igo nahiko balu, biziki gomendatuko nioke bide hau.

Azken pausoak motel eman genituen eta hauspoa berotu egin zitzaigun hotz egin arren. Baina Bosses-eko ertza zeharkatzeak saria zeukan: Alpeetako teilatua zapaltzea, ikuspegi zoragarriak ikustea eta, batez ere, alpinismoaren pasarte bat bizi izatea.

Informazio gehiago

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa