BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Erreskateak Aragoien

Eskumenak eta funtzioak, erreskatea eta salbamentua

Aragoiko Diputazioak lege berri batean erreskateen funtzioa Guardia Zibilari kendu eta suhiltzaileei eman die, baina ondoren zehaztu du erreskateak, orain arte bezala, Guardia Zibilak egiten jarraituko duela. Iruñeko GREIM mendiko erreskateetarako taldean

2013-04-22 / Jon Ordoñez

Ostiralean eman zuen albistea Radio Huescak. Lege berri batean mendiko erreskateak egiteko "funtzioa" suhiltzaileei eman die Aragoiko Diputazioak (DGA), eta modu horretan Guardia Zibilari kendu. Hala ere, piztu den erreakzioaren ondoren DGAk zehaztu du erreskateak orain arte egiten ziren moduan egiten jarraituko direla, alegia, Guardia Zibilak jarraituko duela zeregin horretan. Izan ere, eskumena eta funtzioa bereizten ditu DGAk, eta esan du erreskateen eskumena Guardia Zibilaren esku egongo dela, legez funtzioa suhiltzaileena izango den arren.

"Guretzat kontraesan handia da", esan didate gaur goizean Iruñeko Guardia Zibilaren GREIM mendiko erreskateetarako talde berezira deituta. Iruñeko GREIM taldea Jacako komandantziaren menpe badago ere, eurei ez die eragiten lege horrek, larrialdien eskumena autonomia erkidego bakoitzarena baita, bai Nafarroan baita EAEn ere. Hala ere, Iruñean diote eurei ere harridura sortu diela: "Bai, esan dute orain arte bezala jarraituko dutela Aragoiko lankideek, baina legea hor dago, eta kontraesana, ere bai. Zer desberdintasun dago bada funtzio eta eskumen artean?".

Lege berria (1/2013) martxoaren 7an onartu zuten, Prebentzio, Su itzailtze eta Salbamentuko Zerbitzuak Arautzeko eta Koordinatzeko legea da. 2. artikuluan dio suhiltzaileek izango dutela inguru naturalean erreskate eta salbamentu operazioetan esku hartzeko eskumena. Beste puntu batean, Radio Huescaren arabera, gaineratzen du uretan eta ur azpian, eta zulo eta leizezuloetan ere suhiltzaileek esku hartuko dutela.

Javier Artajo Aragoiko Gobernuko Lurralde Politikako zuzendariak baieztatu zuen albistea ostiralean, baina zehaztu zuen legearen helburua ez dela erreskateak Guardia Zibilak ez egitea, suhiltzaileek eman ditzaketen zerbitzuez ari dela. Bere hitzetan DGAk prebentzioan, suteen itzaltzean eta salbamentuan zentratu nahi izan du legea, eta ez erreskateetan. Eta nire galdera da, zer desberdintasun dago salbamentu operazio eta erreskateen artean? Niri ez zait garbi geratu azkenean, eta funtzio eta erreskateren artekoa ere ez.

Aragoiko Mendi Federazioak eta mendi elkarteek ere eman dute iritzia eta esan dute erreskateak Guardia Zibilak egiten jarraitzea nahi dutela. Euren iritziz, GREIM taldeak Aragoiko mendizaleen "konkista" bat izan dira, eta euren esperientzia eta profesionaltasuna azpimarratu dute.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather