BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

toponimia

Aloña - Gorgomendi

Aloña-Gorgomendi. 1.248 m. Oñati. Esanahi ezezaguna, nahiz eta L.M. Mujikak oin hitzarekin lotzea iradoki zuen.

2013-04-24 / Mikel Belasko

Esanahia.- Luis Maria Mujikak Aloña izena oin hitzarekin lotu zuen, eta hori da nik eskura izan dudan azalpen saio bakarra (Euskal toponimiazko materialak XVIII. alea). Tontorraren berezko izena Gorgomendi da, azalpen ilunekoa hau ere, ez baga gogor hitzetik ekartzen.

Erabilera.- Aloña mendia, berez, mendilerro osoaren izena da, eta Gorgomendi gurutzea jarrita dagoen toki ikusgarria da (Aloñako kurutzea), baina ez altuena. Oñatiarren mendia da, bai gurutzeraino joateko ohitura dutelako eta baita urtarrilaren 1eko goizeko hamaiketan, urte berriari ongi etorria emateko hainbat mendizale hara biltzen direlako.

Oharrak.- Euskal literaturan eta mitologian pisu handiko mendia da Aloña, eta webgune zoragarri batean biltzen dira testingatzarik interesgarrienak: http://aloinalagunak.blogspot.com.es/
Gogoangarriak dira Iparragirreren olerki hau:
Aloña mendi aldamenean,
guztiz leku agerian,
Oñati eder hau ikusten da
zelaitxo baten erdian.


edo Txomin Agirreren Garoa liburuan Aloñak duen garrantzia: "Ohe zurian luze luze, burko bigunean burua hondatuta,arnasarik hartu ezinda, izerdi larriz bustirik, azkenetan dago Joanes, Zabaletako nagusi zaharra, Urbiako artzain ospetsua, Aloña mendiko jaun eta erregea..."

Ahaztu gabe Salbatore Mitxelena:
Ohi udaberriz
Aloña-maldan
elorriaren lorea!
Elorriaren loretan Lore,
Birjina errugabea!

eta Bitoriano Gandiaga:
Ardi eta behor pozik
Aloñako hegian,
gurutze bat ageri da
mendi-punta jaian,
hauxe besterik ez nuen
erantzuna, agian,
zentzua topatzen diot
fedearen argian.

Aipatu webgunean hauek bezalako harribitxiak ere bildu dira:

"Anboto señoriaren ibilixak mendi batetik bestera ziren, Korosotik Anbotora eta Anbototik
Aloñara" (Rufino Elortondo)

"Gorgomendiko Señoria Anbotoko Señoria bera da. Hor hodeixak jotzen duenean Anbotoko Señori
hori Gorgomendira aldatzen da. Batzuk Andarton egoten zela be esaten dute Anbotoko Señoria" (Jexux Kortabarria)

"Nik entzun izan dut Andarton irten eta sua eta garra Gorgomendira etortzen zela, eta hori horra etortzen zenean, bederatzi bat egunetan denbora txarra egiten duela" (Andres Lizarralde)

"Gorgomendi gainean dago Gaiztozulo. Hobeto esateko, Buetraitzen ondoan. Hauxe da Gorgomendiko Señoriaren bizilekua. Buztana luze ebala etortzen omen zen Anbototik Gorgomendira". (Graziano Anduaga)

"Anbotoko Señoria sua eta garra dariola etortzen ohi zen Gorgomendiko Gaiztozulora. Izugarrizko zaratak entzuten ohi ziren Uribarritik. Gurutzea ipini ezkerozkoan ez dira entzuten" (Klaudio Zurutuza)

Izendapen historikoak.- Aloña (1802). Aloña (1835, Mujika). Peña de Aloña (1840).

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather