BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

mendiko materiala

Nola eraman materiala motxilan

Gehienetan motxila egiterakoan denbora dexente pasatzen dugu pisua nola banatu asmatu nahian. Motxilan trasteak non eta nola eraman azaltzen saiatuko naiz artikulutxo honetan.
/
/ xabi smithy

Motxila ezberdinak daude eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Motxilak berak duen eta bertan eramango dugun pisuaz aparte, motxila egiterakoan gomendio batzuei jarraitzea komeni da:

- Gehien erabiliko ditugun gauzak (eguzkitako krema, betaurrekoak, eskularruak, etab.) eskura edukitzea komeni da. Hori horrela, horiek sartuko ditugu azkenak motxilan, edo motxilaren kanpoko poltsikoetan joango dira.

- Motxilan ez da ezer zintzilik eraman behar. Zintzilik daramaguna galdu egin daiteke, edozein adarretan edo pasabide hestu batean korapila daiteke eta pasabidea zaildu. Gainera, asko mugitzen bada, oreka galaraziko digu eta mugimenduak gehiago nekatuko gaitu. Gomendio honetatik aparte geratuko dira noski, makuluak, pioleta eta esterilla.

- Pisua modu uniformean banatu motxilaren bi aldeetan.

- Material handiek leku huts asko uzten dute, eta komeni da material handiekin batera txikiak sartzea leku hutsak betetzeko.

- Materialak dituen hutsuneak aprobetxatzea komeni da. Adibidez, aprobetxatu sukalderako potoaren barrua ere gauzak bertan sartzeko.

- Materialik bigunena bizkarretik gertu jartzea komeni da material gogorrak bizkarrean minik ez emateko.

- Motxila egindakoan eta inguruko lokarriak ongi estutu ondoren, motxilak itxura homogeneoa izan behar du, fardel bat izango balitz bezala.

- Ahal den neurrian motxila osoaren pisua eraman aldaketan sorbalda eta bizkarra lasaiago utzita. Sorbaldetako lokarriak motxila atzeraka ez erortzeko erabiliko ditugu, hau da, motxilarekin gure gorputzean orekari eusteko, eta ez pisua eramateko. Horregatik, motxila erosterakoan, kontuan hartu beharreko ezaugarri garrantzitsuenetakoa (garrantzitsuena ez bada) gerrikoa izango da.

- Leku errazetan ibiltzen ari garenean (zailtasunik ez dutenak), pisua goian eramatea komeni da, hau da, material astunena bizkarretik gertu eta omoplato inguruan eta material arina motxilaren behealdean. Pisu gehien aldaketan eramateko.

- Leku zailetan (eskalada errazak tarteka baditugu), material astunena bizkarretik gertu eta aurrekoan baino beheraxeago eramatea komeni da. Motxilaren pisu gehien sorbalda eta bizkarrean eramango dugu, baina pisua modu honetara eramateak orekari hobeto eusten lagunduko digu gure grabitate zentroa beherago geldituko delako.

- Ibilbidean zehar motxila estutzen joatea komeni da, mugimenduaren ondorioz lasatu egiten delako, gerrikoa batez ere.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather