BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

pirinioak

Gayolo korridorea

Neguan eta udaberrian sarri egiten diren elur jardueren barnean sartzen dira korridoreak. Izenez ezagunak diren hainbat eta hainbat ezagutzen ditugu, baina aurreko batean Rioseta kanpaleku militarretik gertu dagoen korridore honetaz gozatu genuen.
/ Unai Estala

Eta egia esan, alternatiba paregabea izan zen, aurreko egunean elur ugari egin baitzuen Jaca inguruan. Jada etsita geunden, hasiera batean gure helburua Peña Telerako diagonal handia igotzea baitzen. Baina erori zen elur-geruza ikusirik, igoera hura bertan behera uztea erabaki genuen.

Mendiko gidari eta laguna den Juan Carlos Jiménezi deitu ondoren, Gayolo korridoreaz hitz egin zigun. Rioseta kanpaleku militarraren inguruan ba omen daude pare bat korridore motz, goizeko jarduera baterako guretzako nahikoak izan zitezkeenak.

200 metroko malda, 60ºko aldapa eta AD zailtasuna. Hala ere, elurraren arabera, zailtasunak beti ere gora edo behera egin dezake. Hau ez da sekula zientzia zehatza.

Bi orduren buruan, korridorea amaitutzat eman genuen. Candanchuko eski estazioko taberna batera irten ginen bertatik. Nola ez, zerbait edan eta jateko aprobetxatu genuen eta patxada handiz, beherako bidea hartu genuen eguerdi partera.

Jetsiera honetan izan genuen gure azken sustoa. Elur-jausi batek taldekide bat harrapatu zuen. Eskerrak bailara ahurra eta malda motza zela. Elur plakarekin batera irristatu zen, higitzen amaitu zuen arte. Eguzkiak gogor berotzen zuen, ordu biak ziren eta aurreko egunean zentimetro batzuetako elur geruza osatu zen. Halakoetan hobe izan ohi da malda handietatik azkar ateratzea.

Informazio gehiago

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather