BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

ehunmilak

39 ordu gelditu gabe

Nekea, mina, gosea, egarria. Sentipen kontrajarriak eta milioika burutaziok gure burua inbaditzen dute. Dudarik ez: Ehunmilak proba gogorra da.
/ Barrabes

Ehun eta hirurogeita zortzi aldiz kilometro bat egin. Hamaika mila aldiz metro bat igo eta, nola ez, metro bat jeItsi. Milaka pauso, bat bestearen atzetik, konstantziaren bila; erritmoaren bila. Ehunka aldapak kontra egiten diote monotonia bilatzeari. Baina norberak bere burua aurkitzen du, nahiz eta pagadi, pinudi, zelai, errekasto eta arroka artean galdu antzean ibili.

Hau egitera zerk bultzatzen gintuen pentsatzen jartzen nintzenean, ez nuen azalpen garbi bat aurkitzen. Hots, lagunek galdetzen zidatenean, ni neu ere konbentzitzen ez ninduen arrazoi inozoren bat asmatzen nuen. Agian, geroz eta hotzagoa den gizarte honetan, jendearen babesa sentitu nahia zen; edo, nartzisista hutsak izanik, jende gutxiren esku dagoen ekintza bat burutu eta denen gurra jasotzea zen helburua.

Urduritasuna. Logurea. Mina. Nekea. Prest gaude dena gainditzeko. Baina horietako sentipen bakoitza gainera etortzen zaigunean, etsipenak guri gain hartzeko arriskua egoten da. Eta ezin ahaztu iluntasunaz: iluntasuna bakardadea da; iluntasuna hotz eta itsua da. Txikitatik diogu beldurra iluntasunari, bai guk eta baita gure arbasoek ere. Baina goizeko errainu izpi batek argitzen gaituen momentuan, berpiztu egiten garela nabaritzen dugu.

Ezin ahaztu, gure jende maiteenen laguntza eta babesa. Beraien bultzada. Lagunen eta familiaren sakrifizioa ikusirik, ezin huts egin. Hortzak estutu eta aurrera, azken malda igo arte, azken bailara jeitsi arte eta azken bide arrastoan sartu arte. Gure izatearen, nortasunaren eta azalpen guztien aurkikuntzaren bide arrastoa.

Orain badakit zergatik egin ditudan 39 ordu korrika gelditu gabe: mendiak nire izatearen hoberena azaleratzen duelako.

Zorionak Ion eta aita. 2012ko Ehunmilak proban taldekako txapeldunak izan gara.

Informazio gehiago

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa