BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

kirola

Mina

Minari buruz hitz nahi nuke. Badakit zer esan nahi dudan, baina nondik hasi? Ea ba…
/

2013-05-16 / Julen Urdaibai

Egungo bizitzak erosotasunera bultzatzen gaitu. Aro berriek hauxe sinetsarazi nahi digute: erosotasuna, doako lasaitasuna eta esfortsu eza zoriontasunaren sinonimo direla. Horretarako, bizitza errazten diguten tramankulu elektroniko ugari sortu ditugu. Gizakiak ez du sekula hainbeste lortu botoi bakarrari sakatuz. Honen guztiaren ondorioa: nagitasunez beteriko gorputzak, bizimodu sedentarioa.

Zorionez, horretaz guztiaz konturatu ez ezik, ariketa fisikoak eta mugimenduak osasunean duten eragin positiboaz ere jabetu gara. Orain badakigu egunero ibiltzeak edo korrika egiteak nolako onurak dituen.

Batzuk, ostera, beste fase baten gaude. Ez gorago edo beherago, eromenetik hurbilago dagoen fase baten baizik. Egunero mugitzeak soilik ez digu aparteko gozamenik ematen. Gehiago nahi dugu. Korrika dihardugunean, min bila goaz, desorekaren bila. Min fisikoa. Gorputzak erne egoteko mezuak bidaltzen dizkigu, gure organismoaren egoerari buruzko informazioa ematen digu: giharretako zuntzak hautsi zaizkigula, glukogeno biltegia nola daukagun… Gure burmuinak informazio guztia prozesatu eta aztertzen du baina guk ez diegu jaramonik egiten mezu horiei. Gure organismoa gure helburuetara egokituz doa uneoro, informazioa behin eta berriro bidaliz. Baina momentu baten egoera okertu egiten da eta mina agertzen da.

Mina ez da defentsa mekanismo bat bakarrik. Gure gorputzak babestu egin nahi gaitu. Hauxe esan nahi digu: gelditu edo okerrera egingo dugu! Guk jarraitu egiten dugu eta gorputza egokitu egiten da. Baina egoera asko okertzen denean, mina oso nabaria denean eta jarrera zentzudunena ariketa fisikoa bertan behera uztea edo intentsitatea gutxitzea denean... beste osagai bat agertzen da: arima. Osagai horrek aurrera egitera edo gelditzera bultzatuko gaitu. Korrikalari orok ezagutu behar du.

Batzuetan, minari aurre egiteko, opioide boteretsuak jariatzen dituzte hipofisiak eta hipotalamoak: endorfinak. Endorfinak analgesiko naturalak dira eta besteak beste, analgesia (mina gutxitzea) eta ongizate sentzazioa sortzen dituzte. Zientzialarien ustean, endorfinak dira entrenamendu gogor bat bukatuta, muga-mugara eraman gaituen entrenamendu baten ostean, nabaritzen dugun "gorakada" horren arduradunak. Gorakada hori, esfortsuaren beraren baino gehiago erronka burutzearen fruitua da. Beraz… badu zentzurik minaren bila korrika aritzeak, gero min hori arinduko duen hormonak jariatzeko? Badakigu uneren batean mina agertuko dela, intentsitate gehiago edo gutxiagorekin. Eta hala ere, oinetakoak jantzi eta bagoaz. Adikzioa ote da? Zentzuzkoa da deserosotasuna bilatzea? Hasierako hausnarketari kasu eginez, zoriontasuna erosotasunean, minik eta esfortsurik ezan badago, zoriongabea ote naiz?

Inork ez dezala pentsa egiten ditudan entrenamendu guztiek muga fisikora eramaten nautenik. Baina entrenamendu askotan mina agertzen da, bai. Uste dut berarekin elkarbizitzen ikasi behar dugula; are gehiago, ez dugula botikekin borrokatu behar (egoera larrietan izan ezik, noski), ulertu eta kudeatu, baizik. Gure gorputzak mina sortzeko ahalmena du, baina baita sendatzeko ere. Uste dut minarekin elkarbizitzen ikasten dugun heinean, gure arima eta adimena sendotuz doazela. Entrenamenduak, gure arerio nagusiaren aurkako bataila txikiak besterik ez dira, azaltzeko hainbeste beldur dugun arerio horren aurka. Beti agertzen da, berdin da zenbat entrenatzen duzun, berdin da zein esperientzia duzun. Urteen poderioz, indarra galduz doan elementu deseroso bihurtzen da arerioa, oldarkortasun gutxiagorekin. Elkarbizitzak hori dauka…

Beraz, bihar, oinetakoen zintak sendo lotzen dituzunean eta entrenamendu gogor horretarako prestatzen zarenean, "serie" akigarri horiek edota aldapa amaiezin horiek burutzeko, ziur egon azalduko dela. Ezagutu, elkarbizi eta gaindi ezazu.

Mina saihestezina da; sufrimendua, berriz, hautazkoa. Baina sinetsi egidazu: magia du barnean.

Tira… inork ulertu al du ezer?

Lizzy Hawkerren esaldi batekin bukatu nahi nuke. 200 milia korrika egin ostean (Everesteko behe-kanpalekutik Katmandura dagoen distantzia), 74 ordu eta 36 minuturen ostean, mina agertzeko nahikoa denbora, hauxe esan zuen: "korrika ahalik eta ondoen egiten saiatu nintzen, minuturik minutu. Nekatuta edo minez, ez nuen bere aurka borrokatu behar, nik neu izan behar nuen egoera guztietan. Zaila da sinesten, modu horretan pentsatuz, zenbat lor dezakegun."

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather