BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Zortzimilakoak

Lhotseko tontorrera iritsi da Alex Txikon

Euskal Herrian 08:25 inguru zirela iritsi da gailurrera. Munduko laugarren mendirik garaiena da Lhotse. Bere aurretik Jorge Egocheaga, Horia Colibasanu eta Peter Hamor iritsi dira.

Ezin izan zuen etorri Alex Txikonek Ibilkari kanalaren aurkezpenera, Himalaian zegoelako. Hala ere, aste hauetan hartu ditu pare bat tarte gurean idazteko, eta gaur Ibilkaritik bera zoriondu beharrean gaude. Lhotse igo du gaur goizean, bere hamargarren zortzimilakoa (8.516 metro), munduko laugarren mendi garaiena.

Broad Peak (2003), Makalu (2004), Cho Oyu (2004), Shisha Pagma (2007), Daulaghiri (2008), Manaslu (2008), Annapurna (2010), GI (2011) eta GII (2011) zortzimilakoak igota zituen Txikonek, eta hamargarrena du Lhotse. 08:25ak ziren Euskal Herrian tontorrera iritsi denean.

"Aupa! Entzuten nauzue? Bai? Non nagoen? Non egongo naiz ba? Lhotseren tontorrean! Ja, ja!", izan dira bere hitzak gora igo eta deitu duenean, blogean kontatu duenez. ‘Bizkaia Gailurretan/Bilbotik Lhotsera Euskaraz’ espediziok eraman du Lhotsera, eta satelitez jarri da harremanetan Euskal Herriarekin.

Dei horretan kontatu duenez, gogorra izan da igoera, muturreko hotzarekin, baina paisaia zoragarria dela kontatu du: "Merezi izan du". Bere aurretik Jorge Egocheaga, Horia Colibasanu eta Peter Hamor iritsi dira, eta Marco Confortolaren zain zegoen deitu duenean, ondoren bigarren kanpalekura jaisteko.

Espedizio berean, Nuptsera igo zen Txikon pasa den astean, eta nahiz eta 30 metrora geratu, gailurrera iritsi zelakoan zegoen, kanal honetan bertan kontatu zuenez.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather