Pirinioak
Patrice de Bellefonen "Pirinioetako 100 igoera eta txango hoberenak" liburuan deskribaturik azaltzen da. Igoera polita, aberasgarria eta gogorra zenbait momentutan. Forma fisiko ona eta materiala erabiltzeko erraztasuna izanez gero, gozatzeko modukoa. Hala ere, ezin da ahaztu bide honek zailtasunak badituela eta ez da komeni bertan sartzea aurretik gutxieneko izotz esperientziarik hartu ez badugu.
Lo egiteko, bi aukera: Paillako aterpetxe txikia edo ordu erdira dagoen Espuguettes-eko aterpetxea. Guk lehena aukeratu genuen, nahiz eta beherago egon, zuzenago igotzen delako bertatik.
Juanito Oiarzabalek esan omen zuen esperientzia gozagarria dela eskiak bizkarrean igo eta Tucarroyatik jaistea. Gure atzetik eskiekin igo ziren hiru Katalanak ez ziren iritzi berekoak. 500 metroko igoera da, maldaren gutxieneko joera 45ºkoa eta gehienekoa 80ºkoa. Zailtasun handiena lehen luzean dago, izotzezko ur-jauzi bat igo behar baita. Gehienek AD+ zailtasuna ematen diote.
Pou anaietako batek eskiekin igo omen zuen behin. Baina ez zen Tucarroyatik jaitsi, Swan korridoretik zuzen jaitsi zela diote. Hala ere, denak ez dira balentria istorioak eta pasarte beltzak ere bizi izan omen dira bertan: mendiaren horma handiek harriak jaurtitzeko joera dute noizean behin, eta horietako batek mendizale baten burua moztu zuela esan izan da; beste batzuei muskuluak zurrundu zaizkie, malda gogorra eta luzea baita.
Dena den, istorio bakan batzuk baino ez dira, eta korridorea igo duten gehienek biziki gomendatuko dute bide hau. Egia da istripuak egon direla, baina halako jarduera guztietan gertatzen denez, zer egin behar dugun baloratu behar dugu, gure prestakuntza aztertu, material egokia aukeratu eta, batez ere, mendiari errespetu handia izaten badiogu, arriskuak saihestu eta bide zoragarri honetaz gozatzeko aukera izango dugu.