BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Heriotza Himalaian

Juanjo Garra hil da Himalaian

Aurreko ostegunean Dhaulagiritik jaisten ari zela haustura bat izan zuen orkatilean, eta mendian lau egun eman ondoren hil da bart.

Garraren familiak Twitterrez jakinarazi duenez, bart hil da mendizale katalana. Ostegunean Dhaulagiriko tontorra zapaldu zuen, bere bederatzigarren zortzimilakoa. Jaisterakoan, ordea, haustura bat izan zuen orkatilean sherpa batek irrist egin ondoren, eta hantxe eman ditu lau egun, ia 8.000 metrora. Familiak esan du gorpua geratu zen leku horretan utziko dutela.

Familiak eskerrak eman dizkie egun hauetan erreskate lanetan parte hartu dutenei. Lau egun hauetan hainbat saio egin dira Garra menditik jaisteko, baina oxigenoa ematera iritsi badira ere, inork ezin izan du jaitsi. Ondoan izan du Garrak Kheshap sherpa. Horrek irrist eginda izan zuen haustura orkatilean, eta Kheshap ez da bere ondotik mugitu. Batek baino gehiagok gogoratu ditu Holia Colibasanuk Iñaki Otxoa de Olzaren ondoan pasatutako egunak.

Lehen gaua 8.000 metrora iragan ondoren, haustura jasan eta biharamunean ehun metro jaistea lortu zuten biek. Gero, ordea, ezinezkoa izan zuten gehiago jaistea. "Egoera honetan egon naitekeen egoera onenean nago", esan zuen Garrak. Erreskate lanetan parte hartu du Alex Txikon bizkaitarrak ere, beste hainbat mendizalerekin batera: Simone Moro, Jorge Egocheaga, Damian Benegas eta Ferran Latorre, besteak beste.

Morok egun batzuk lehenago bere helikopteroa mugiarazi zuen, eta Maurizio Folini pilotuak inoizko altuerarik garaienean atera zuen mendizale bat menditik, 7.800 metrora. Horrek itxaropena piztu zuen Garraren ingurukoen artean. Eguraldiak, ordea, ez zuen Garraren erreskatean lagundu. Hala ere, Garra ateratzeko lanetan Mororen helikopteroarekin zortzi mendizale atera dituzte: sei indiar eta bi sherpa. Eskerrak emateko garaian Garraren familiak hori ere nabarmendu du.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather