toponimia
2013-05-31 / Mikel Belasko
Esanahia.- Nafarroako mendiei buruzko nire hiztegian Ezka + aurre azalpena ontzat ematen banuen ere, geroztik Juankar Lopez-Mugartzak erakutsi du toki izen hau Ezkaurre mendia bera bezain eskuragaitza dela. Lopez-Mugartzak hainbat iritzi bildu ditu hala nola Rohlfsenena eta Alvarrena. Hauen ustez izenak euskarazko azkar edo aragoierazko escarrón (Acer spp) zuhaitz izenarekin loturik legoke. Elcockek berriz ex-carrare latinetik eratortzen zuen Ezka(urre) bezalako izenak defendatuz aldaketa semantiko baten bidez noizbait ‘garbitzea’ adiera zuena, ‘isurtzea’adieraztera igaro zela. Anson berriz Ezcaurri esaten diote, eta horretan oinarriturik euskarazko urri 'eskas' ikusi nahi izan dute. Bukatzeko Lopez-Mugartzak berak Xabier eta Esco bezalako toponimoekin nolabaiteko harremana iradokitzen du.
Erabilera.- Erronkarin Ezkaurre deitua izan da euskaraz, Lopez-Mugartzak erakutsi duen bezala: "... Santa Bárbara ìkustan,ánix... ánix ónki; nòla Ezkáurre... gisa, da". Anson, berriz, Ezcaurri da.
Oharrak.- Ezkaurreren inguruan ez dira legendak falta. Esateko baterako, ezaguna da Nafarroako lehen erregea bertako leizezulo batean koroatu izan zenekoa. Interesgarria ere bada jakitea Ezkaurreko belarrak nahikoak zirela 1.400 ardi bazkatzeko udako bi hilabeteetan.
Izendapen historikoak.- sierra y peña llamada de Ezcaurre (1569).