mendi-lasterketak
Lasterketa Euskal Herriko Federazio nazionalak eta ESAITek antolatu dute, Berriaren laguntzarekin, besteak beste. Bertan parte hartu zuten antolatzaile eta boluntario guztien lana txapela kentzeko modukoa izan zen. Nahiz eta hotza, lanbroa eta hezetasuna izan ibilbideko puntu gehienetan, nahasmena sor zezakeen bidegurutze bakoitzean pertsona bat zegoen bidea nondik zen zehazten eta guri animoak ematen etengabe. Gainera, bidea ezin hobeto zegoen seinaleztatuta, behe-lainoa zegoen leku guztietan marka gehiago zeuden, bide arrastorik ez galtzeko.
Anoa-postuak ere puntu estrategikoetan zeuden, nahiz eta San Miguela iritsi ginenean minutu batzuk lehenago agortu zen salda beroa oso gustura edango genuen. Aurretik Irumugarrietako tontorrean bizitako momentu hotzei aurre egiteko ezin hobea izan zen gorputzean zerbait beroa sartzea.
Dena den, antolaketa hamarrekoa izan zen. Euskal Herriko selekzioaren aldeko festa honetan eguraldia ez zen aldeko izan, baina antolatzaile, boluntario, lasterkari eta ikusle guztiek jarri zuten giroa ezin hobea izan zen lasterketan. Argi dago Leitzarrek, eta oro har euskaldunok, mendia bizitzeko beste ikuspegi eta anaitasun bat dugula gure artean.
Nahiz eta ibilbide osoan euria egin eta lokatzak 65km baino gehiago gainditzera behartu, garaileek izugarrizko denborak egin zituzten. Angel Arrieta eta Leire Agirrezabala izan ziren azkarrenak. Zorionak, ez beraiei biei bakarrik, baita eta nola edo hala lasterketa eta festa honetan parte hartu zuten guztiei ere!