BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Nairobitarrarekin trekkinga

Sagarmatha Parke Nazionalean

Maiatzaren 1etik 25era izan ginen Nepalen. 10eko taldea osatu genuen eta bertako gidari Iman eta 5 zamaketariren laguntzaz 18 egunez Sagarmatha Parkean ibili zen gure konboia.

Harako bidaia pisua izan zen: Tolosa, Madril, Doha, Kathmandu, Lukla ia atsedenik gabe egin baikenuen. Baina Luklara iritsi eta Phakdingerako hiru orduko bidea amaitu genuenean benetan bidaia disfrutatzen hasteko moduan ginen.

Asian Adventure Trek agentziaren laguntzaz antolatutako ibilbidea ezin hobeto dago prestaturik garaierara egokitzeko. Pixkana-pixkana igotzen joan ginen, egunero gehiegi ibili gabe. Oro har goizean ibili eta arratsaldea atsedenerako izan genuen. Arratsaldeko ordu horiek ahal genuen heinean gehiago igotzeko erabiltzen genituen. Inguruko mendi edo monasterioren batera bisita egin, nagia kendu eta batez ere gorputza oxigeno murrizketara ohitzeko balio zuten ibilalditxo hauek.

Udaberriko egun hauetan, udazkenean baino jende gutxiago topatzeaz gain, giroa epelxeagoa zen. Namche, Thamo, Thame, Khumjung inguruko egunetan goxo-goxo ibili ginen eguzkitan. Bestalde, udaberriak errododendroen ikuskizuna eskaintzen zigun 4000 metro inguruko bideetan. Thamerako bideak liluratu gintuen, pinu orratzez tapizatutako baso bidean zehar, inguruko errododendroen lore arrosa, gorri eta zuriz inguratuta. Bertako hegaztiak ere ikuskatzeko aukera izan genuen eta Thameko goiz txintan, inguruko mendiak eguzkiaz lozorrotik esnatzen ikusi genituen.

Ezekiel eta biok, goiz hartan, Nepaleko monasterio garaieneraino joan ginen. Handik hurrengo kaxkora eta gero hurrengo stuparaino igotzen jarritu genuen. Inguruko ikusmirak merezi zuen eta erdi txantxetan, trekkinga ongi irten zedin eta eguraldia lagun izan genezan eskatzeko jainkoei eginiko eskaintza izango zela esan genion elkarri.

Thametik Khumjung eta Khundera joan ginen. Hillary Fundazioaren klinika eta eskola daude han. Edmund Hillary eta Tentzing Norgayk lehen aldiz Everesten gailurra zapaldu zutenetik 60 urte bete dira aurten. Geroztik Hillary Fundazioa sortu zen Khumbu bailarako jendeari garatzen laguntzeko. Fundazio honen zutabe nagusiak hezkuntza eta osasuna izan ziren hasieratik. Khumjungeko eskolak 50 urte bete zituen 2011n eta bailara osoko 300dik gora gazte jasotzen ditu urtero. Bertako zuzendariordearekin topo egiteko zortea izan genuen eta gure galderei apal erantzun zien te baten inguruan eserita. Agindu genion gure herriko ikastetxeekin harremanetan jartzen saiatuko ginela. Beraiei interesatzen zaie ingelesa praktikatu eta kanpoko gazteekin harremanetan egotea eta gure herrikoentzatere ez litzateke kaltegarri hangoen berri ikastea.

Hurrengo egunetan Gokyo aldera abiatu ginen. Gokyoko lakuak 5000 metro ingurura daude. Lehen lakua txikia da, bigarrena ertaina eta lotarako lekuaren ondoan dagoena handia. Baina beste hiru laku ere badira. Glaziarrean aurrera eginda, bosgarren lakuraino joan ginen arratsaldean. Seigarren lakuan Cho Oyu mendiaren Nepal aldeko oinarrizko kanpalekua dago baina guretzat urrunegi zegoen. Beste baterako utzi behar.

Gokyon gaua pasa eta goiz txintan, Gokyo Ri-ra igo ginen. Taldeko batzuek, garaieraren eragina nabaritzen hasiak edo, tripak nahasita zituzten eta lodgean geratu ziren. Gokyo Ri-ko ikuspegia inguruko ikusgarrienetakoa da eta merezi du, plumiferoa eta kamera igo eta bertan denbora lasai pasatzea. Dena den, gosaltzerako behean zen taldea eta lasai indarrak berritu ondoren Thagnakera joan ginen, glaziarraren beste aldera.

Arratsalde horretan, ordea, ekaitza sartu eta elurra egin zuen. Bazterrak segituan zuritu ziren eta hurrengo egunerako nola geratuko ote zen zalantzarekin hotzikara sartu zitzaigun denoi. Bertakoek iragarpena ona zela eta lasai egoteko esaten ziguten eta horretan fedea jartzea beste aukerarik ez geneukan. Oheratzerakoan ateri geratu zen zerua. Esnatzean, berriz, guztia elurtuta.

Cho La mendatea pasa behar genuen egun hartan. 5350 metro ingurukoa. Oso goiz atera ginen, artean ilunpetan kopetargiekin. Gu gindoazen aldetik lehen taldea izan ginen, eta gure gidari eta zamaketarien lana ezinbestekoa izan zen. Bidea bilatzen ziguten. Talde osoa batera joan ginen pasabide txarrenak igaro artean. Bidearen zailtasuna "teknikoa" izatetik sasoikoa izatera pasa zenean sakabanatu zen taldea. Batzuk lehenxeago, besteak geroxeago, denak iritsi ginen eta denok minik hartu gabe beste aldera Dhzonglara jaistea lortu genuen.

Handik aurrerakoa Everesten Oinarrizko Kanpaleku aldera doan autobidean sartzen da eta jende gehiago topatzen hasteko prestatu ginen. Beste bi egunetan Lobuche eta Gorak Shep izan ziren gure lo-tokiak. Lobuchetik Piramide aldera ibilalditxoa, Gorak Shepetik Kala Pattharrera igoera.

Azken mugarria EBC zen, baina harako bidea PumoRi mendiaren oinarrizko kanpalekutik pasatuz egin genuen. Zeharbide handia den arren, aurreko egunetan gure herrikide eta taldeko zenbaiten lagun zen Benantxioren heriotzaren berri jasotzean, omenalditxoa egiteko leku egokia izango zela pentsatu genuen. Harriek, banderola budistek eta 11 lagunen gogoetek osatu zuten gure omenaldi xumea. EBCn ere mendian elkarrengandik hain gertu diren zoriona eta samina ikusteko aukera izan genuen. Alex Txikonen taldekideek ongietorria egin eta tea eskaini ziguten, Ferran Latorre eta bere kidearekin urdaiazpikoa partekatu genuen. Denis Urubko ere ikusi genuen, lur jota, bere lagun Alexeiren istripua gertatu berritan.

Itzulerako bidean Dingbocheko herrixka (Thame eta Thamorekin batera, urte osoan martxan jarraitzen duen alturako herri bakanetakoa) eta Tengbocheko monasterioa izan ziren puntu garrantzitsuenak. Eguraldia txartzen zihoan egunetik egunera, laino eta euri artean egin genituen azken egunak eta monzoia aurreratzen ari ote zen susmoa hartzen hasiak ginen. Bailarara gerturatzen gindoazen heinean, Luklako aireportuko berriak jasotzen hasi ginen eta azken astean atzerapen asko izan zirela jakin genuen, eta hegaldi ugari bertan behera geratu zirela. Zortez edo Thameko monasterioan egin genuen eskaerari erantzunez, guk atera behar genuen goizean hiru hegaldi sorta atera ziren, gurea azkena. Ekaitz-laino artean egin genuen Kathmandurako bidea baina arazorik gabe iritsi ginen bai taldea baita materiala ere, matxura handirik gabe.

Bidaia honetan jende ugari ezagutu dugu. Ibilbidea ikusgarria da, herrialdeak ere izaera berezia du, baina azken buruan topatzen duzun jendea geratzen zaizu barnean. Hauek izan dira bidaia honetako protagonistak, zuzenean edo zeharka:

Iman eta gure bost zamaketariak
Asian Trekeko Mikel eta Bahadur
Montse eta bere gidari Krishna
Eloy eta bere gidari / zamaketari Janu
Khumjung Eskolako Zuzendari Ordea
Khundeko klinikako sendagilea
"Petit Swiss" agure bakartia
Dave Hahn, Steve Waterfall eta beraien bezero Dan
Erreskate postuetan boluntario lan egiten duten sendagile gazteak
Alex Txikon eta bere taldekideak
Ferran Latorre eta Enric Llonch
Jim Beyer eskalatzaile bakartia
Lodgetako zaindariak
Gure beharrak ornitzen dituzten bideko zamaketari guztiak
Peter Hillary
Simone Moro
Denis Urubko eta Alexei Bolotov
Benantxio Irureta

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather