BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Alpinismoa

Denboraldi gazi-gozoa

Alexei Bolotov eta Juanjo Garraren heriotzek markatu dute aurtengo espedizioen denboraldia; alpinista askok atseden hartuko dute udarako proiektuei heldu baino lehen; Karakorumera abiatuko dira gehienak.

Himalaiako tontor garaien bat helburu zuten espedizio gehienek bukatu dituzte udaberriko lanak. Denboraldi hasieran, eguraldiak hainbat aukera eman dizkie han bildutako alpinistei; hala ere, egon da hain mendi garaiek sortzen dituzten zailtasunei aurre egiteko gai izan ez denik ere. Igotzeko ahalegina garesti ordaindu dute beste batzuek, bizitza mendiaren barrunbeetan galduz. Bederatzi mendizale hil dira Everesten, bost Kanchenjungan eta hiru Dhaulagirin.

Denis Urubko eta Alexei Bolotovek osatutako taldeak eta Ueli Steck eta Simone Morok osatutakoak zuten, ikuspegi alpinistatik begiratuta, erronka deigarrienak betetzeko asmoa. Bi taldeek Everest (8.848 m) zuten jomuga. Urubko eta Bolotovek hego-mendebaldeko isurialdean bide berri bat zabaltzeko asmoa zuten, estilo alpinoan; Steck eta Morok Nepalgo isurialdean zabaldu nahi zuten bidea, estilo berean. Biak ala biak, ordea, bertan behera geratu ziren, hainbat arrazoi zirela medio.

Bolotovek izandako istripua izan da aurtengo denboraldian oihartzun handiena izan duen ezbeharretako bat. Urubkorekin batera hego-mendebaldeko isurialdean bide berri bat zabaltzeko ahaleginari ekin eta gutxira amildu zen alpinista errusiarra, 5.600 metroko garaieran; soka trinko zahar bat erabili zuen rappel egiteko, baina, puskatu, eta 300 metroko amildegi batera erori zen. Urubko onik jaitsi zen beheko kanpalekura.

Alpinista indartsua zen Bolotov, esperientzia handikoa. Euskal herritar askok, akaso, Iñaki Otxoa de Olza mendizale nafarraren Annapurnako (8.091 m) erreskatean egindako ahaleginarengatik oroituko dute. Horrez gain, baina, maila handiko alpinismo jarduera asko egin zituen Bolotovek bere mendizale ibilbidean. Annapurna bera bakarrik igotzeko gai izan zen alpinista indartsua, baita K2 (8.611 m) mendiaren mendebaldeko hegala igotzeko ere. Jannu (7.710 m) mendia ipar hegaletik ere eskalatu zuen, duen zailtasun teknikoagatik igotzen zailenetarikotzat jotzen dena. Bi alditan jaso zuen Urrezko Pioleta saria errusiarrak.

Liskarra Everesten

Steck eta Mororen asmoa, ordea, bestelako arrazoi baten ondorioz gelditu zen bertan behera. Everesteko hirugarren kanpalekura iristen ari zirela, espedizio komertzialentzat soka trinkoak jartzen ari ziren xerpekin egin zuten topo. Liskarrean hasi ziren orduan, eta, arriskuak saihesteko, gorantz abiatu ziren. Hirugarren kanpalekuan zeudela, gertatutakoaz jabetu eta konpontzeko beharrak bigarren kanpalekura jaitsarazi zituen. Orduan hasi ziren benetako arazoak; xerpa talde handi bat agertu zen Steck eta Mororen denda ingurura, eta, elkar ulertzeko ahaleginei muzin eginez, harrikadak eta ukabilkadak jaso zituzten alpinista europarrek. Hori zela eta, bide berria zabaltzeko ahaleginari uko egin zioten. Gertatutakoak hautsak harrotu zituen beheko kanpalekuan. Hainbat ordutan xerpen eta espedizioen arduradunekin bilera batean egon ziren Steck eta Moro. Amaierarako, Everesteko menia deitu zaion testua sinatu zuten, horrelako gertakariak berriro ez errepikatzeko helburuarekin. Steckek etxerako bidea hartu zuen ondoren; Moro, berriz, beheko kanpalekuan geratu zen helikopteroarekin erreskateak egiteko.

Lanak ondo baino hobeto burututa etxera itzuli dena Alex Txikon izan da. Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayorekin batera abiatu zen Himalaiara, Nuptse (7.891 m) eta Lhotse (8.516 m) igotzeko asmoz. Madariaga eta Tamayok ezin izan zuten erronka osatu, lesioak eta gaixotasunak zirela medio; Txikon, berriz, oso indartsu aritu zen. Nuptseren gailurretik 30 metro eskasera gelditu zen, aurrera jarraitzea ezinezkoa zelakoan; orain, Hawley anderearen erabakiaren zain dago. Nuptseren tontorretik bigarren kanpalekuraino jaitsi zen, egun gutxiren buruan, Lhotseren gailurra jotzeko. Horrela, bizkaitarrak igotzen duen hamargarren zortzimilakoa da Lhotse. "Bi hilabete bizi-bizi izan dira, eta sentimendu kontrajarri asko izan ditugu; jarritako helburuak bete ditugu, baina mendian lagunak galtzeak dakarren tristezia ere barruan daramagu", adierazi du Txikonek. Orain, hilabetez hartuko du atseden lemoarrak, bere hurrengo erronkari ekin aurretik; K2 (8.611 m) mendia igotzen ahaleginduko da, hain zuzen.

Bolotovez gain, Dhaulagirin (8.167 m) zendutako Juanjo Garra ere laguna zuen Txikonek. Lhotsetik jaitsi bezain laster jakin zuen Garra larri zegoela, eta Ferran Latorrerekin, Jorge Egocheaga medikuarekin eta Ningma Sherparekin batera abiatu zen Garraren bila. Ezin izan zuten garaiz iritsi, ordea. Garrak tibia eta peronea puskatuta zeuzkan eroriko batengatik, eta hiru egun pasa zituen 7.500 metroko garaieratik gora, zendu aurretik.

Txikonez gain, Latorre izan da Lhotseren gailurrera igotzeko gai izan den beste alpinista bat. Azken horrekin, zortzi zortzimilako igo ditu Latorrek. Enrich Llonch izan zuen bidelagun, eta ez zuten oxigeno artifizialik erabili. Hamalau zortzimilakoak igotzen lehen kataluniarra izatea du helburu Latorrek. Udaran, Karakorumera joateko asmoa du, baina oraindik ez dauka argi Gasherbrum Iera (8.068 m) edo K2ra joango den. Biak igotzen ahalegintzeko aukera ere ez du alde batera uzten.

Kataluniarrak, hamalauen bila

Hamalau zortzimilakoak igotzen dituen lehen kataluniarra izateko, baina, Oscar Cadiach dago gertuago. Kanchenjunga (8.586 m) izan da igo duen azken zortzimilakoa, bere ibilbideko hamabigarrena. Aurretik, beste hiru alditan saiatu zen Cadiach Kanchenjungako tontorra jotzen; azkenean lortu duen mendi horrekin zuen norgehiagoka irabazteko aukera. Gauzak horrela, Gasherbrum I eta Broad Peak (8.047 m) falta zaizkio hamalauak osatzeko. Lehena igotzen ahaleginduko da udaran, Patxi Goñirekin batera; bigarrena, berriz, datorren urterako utziko du.

Kanchenjunga igotzen ahalegindu den beste alpinista bat Carlos Soria izan da. 74 urteko alpinistak hamalau zortzimilakoak igotzen dituen pertsona zaharrena izan nahi du. Azken espedizioan, ordea, ez zaizkio gauzak nahi bezala atera. 8.300 metroko garaierara iritsi zen, baina, puntu horretatik tontorrera soka trinkoak falta zirela eta, bertan behera utzi zuen ahalegina. Ez zen okerreko erabakia izan, gorantz jarraitu zutenetatik bost zendu baitziren. Hala ere, argi dauka datorren udaberrian itzuliko dela. Orain, hurrengo espedizioan jarriko du gogoa: Shisha Pangmara (8.013 m) joango da, udazkenean.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather