BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

Alpinismoa

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzak Paiju Peak igo nahi dute

Karakorumen dagoen tontorraren eskalatu gabeko hego hegala igo nahi dute; 3.000 metroko desnibela du.

Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak prest dute hurrengo erronka. BAT Basque Team taldeko hirukoteak Karakorumeko Paiju Peak (6.610 m) tontorra igo nahi du, oraindik eskalatu gabeko hego hegaletik. Atzo aurkeztu zuten erronka, BAT Basque Teamen Getxoko egoitzan.

Baltoroko glaziar handiaren albotik zutitzen da Paiju Peak, eta edertasun paregabea badu ere, inguruan dituen K2, Gasherbrum I eta IIa eta Broad Peak mendiek aldendu dute alpinisten helburuetatik. Hala ere, Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak urtez urte eduki duten esplorazio filosofiarekin bat dator Piaju Peak. Ofizialki, igoera bakarra egin dute Karakorumeko tontor horretara: 1976ko uztailaren 21ean izan zen, Bashir Ahmed eta Nazir Sabir pakistandarren eta Allen Steck estatubatuarraren eskutik. Ipar isurialdetik igo ziren, Vallejok, Zabalzak eta Iñurrategik erabiliko dutenaren aurkakotik, hain zuen. "Lurralde hori bisitatu duten haitzetako eskalatzaileak Trango dorreetara joan ohi dira normalean; baina han, haitzean eskalatzen ahalegintzen dira, ez dituzte elur, izotz edota eremu mistoko tarte zailik", azaldu du Zabalzak. Paiju Peak-ek eskatuko dien logistikaren konplexutasunak erakartzen ditu hiru mendizaleak. Maila goreneko eskalada eta alpinismoa uztartzeko aukera egokiena iruditu zaie hiru mendizaleei.

Beheko kanpalekutik tontorreraino, 3.000 metroko desnibelari ekin beharko diote; tartean, 1.000 metroko ertz harritsuak eta eskalada mistoan jarduteko amildegiak aurkituko dituzte, gailurrera iritsi aurretik. Eremuaren ezaugarriek orain arte erabilitako estilo alpinoa %100ean mantentzea ezinezkoa egingo dutela adierazi dute; hala ere, ez dute xerpen laguntzarik erabiliko, ezta oxigeno artifizialik ere. Horman jarritako kanpalekuen arteko zeharkaldiak egiteko, 300 metroko soka trinkoak erabiliko dituzte. Igotzen doazen heinean, bibaka egingo dute, hormatik zintzilik.

Ekainaren erdialdean abiatuko dira, hilaren 23an 3.300 metrora dagoen beheko kanpalekura iristeko. Girora egokitzeko jarduerak egiteko bi aste beharko dituzte, eta behin igotzeko ahaleginari ekindakoan, horman hamar egun beharko dituztela uste dute.

Iñurrategik, Zabalzak eta Vallejok elkarlanean egiten duten zazpigarren proiektua izango da; 2009tik, Makalu, Hornbein, Broad Peak eta Nuptse bisitatu dituzte, Transantartika zeharkaldiaz gain.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather