BERRIA

Ibilkari

Ibilkari

eskalada

"Ez nuen espero txapelketan lehenbizikoen artean egotea"

Azken orduan erabaki nuen Espainiako txapelketan parte hartzea eta harrigarria izan da: zilarra lortu dut.
Espainiako txapelketa (Jijon)
Espainiako txapelketa (Jijon) / Irati Anda

2013-06-18 / Irati Anda

Asteburu honetan "sidriñaren" hiriburuan jokatu da Espainiako Kirol Eskalada Txapelketa, alegia, Jijonen. Herriko plazan eraiki zuten antolatzaileek txapelketa jokatuko zen egitura eta beti bezala, Patxi Arozenak diseinatu zituen bideak.

Finalerdietan lau neskak egin genuen top, Sasha Digiulian (gonbidatu gisa lehiatu zen amerikarra), Teresa Troya, Eileen Juves eta nik neuk. Horrek urrea lortzeko faborito jarri gintuen zuzen-zuzenean. Finaleko bidea errazegia zen bidearen azken pausoraino. Eileen eta biok azkenaurreko mugimenduraino iritsi ginen, azkenen indar-kolpea emateko ia indarrik gabe. Mugimendu berean erori ginen biok. Halakoetan, azken arautegiak dio berdinketetan denbora hartuko dela kontuan. Horregatik, 7 segundoko aldeaz Eileenek jantzi zuen txapela Jijonen eta niretzat zilarra. Sentimendu gazi-gozoa da lehenbiziko postua horrela ihes egiten ikustea, gurea ez baita abiadura txapelketa bat, baina lehian parte hartzea onartzen dugun unetik arauak ere onartu behar dira eta halaxe izan zen.

Azken orduko erabakia izan zen Espainiako txapelketa zirkuituan parte hartzea eta horregatik oso irakurketa positiboa egin dut amaieran. Iazko udatik eskalatzen izan ditudan sentsazioak oso positiboak izan dira, indartsu ari naiz sentitzen, baina ez nuen espero txapelketan lehenbizikoen artean egotea. Espainiako selekzionatzaileak proposamen lizuna egin dit: Chamonixeko Europako Txapelketan parte hartzea. Begiak diz-diz eta irribarre gaiztoa marraztu zait aurpegian. Nahi dut, baina entrenatzeko denbora gehiago izan nahi nuke txapelketa disfrutatu ahal izateko, Chamonixerako indartsuago egon behar dudala uste baitut.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather